Oroith Txiki abesbatza kantarien beharrean
Entseguak ostiraletan izaten dira Ordiziako Barrenan, 17:15etik 18:15era.
Datorren urtean 40 urte beteko dira Ordizian Oroith abesbatza sortu zutela. Helduen abesbatzaz gain, Oroith Txiki haur abesbatza «izateko pribilegioa» ere badute, «kultura eta hezkuntza jardueraren funtsezko zutabea izan dena, musikaren balioak, talde lana eta haurren garapen integrala sustatuz». Dena den, 7 eta 15 urte bitarteko haurren eta gaztetxoen Oroith Txikik ez du garairik oparoena bizi parte hartzaileen aldetik. «Azken urteetan umeentzat dauden eskolaz kanpoko ekintza guztiekin, orokorrean abesbatzetan parte hartzea gainbeheran joan da. Euskal Herriko abesbatzen elkarteak egin berri duen haurren eta gazteen abesbatzei buruzko txostenean agerian geratzen den bezala».
Horregatik, «bultzada» bat eman nahian, dei bat egin nahi diete Ordizia eta Goierriko haurrei, «ekintza aberasgarri hau probatu eta bertan parte hartzeko». Zuhara Etxabe legorretarra da zuzendaria eta entseguak ostiraletan izaten dira 17:15etik 18:15era, Barrenan. «Abestea gustuko duten Goierriko haurrei gonbita zabaltzen diegu entsegu bat ikustera etortzeko, ea horrela animatzen diren. Gure helbide elektronikoaren bitartez harremanetan jartzea eskertuko genuke». Musika ezagutzak ez direla beharrezkoak nabarmendu dute. Harremanetarako, oroithabesbatza@gmail.com helbidera idatzi daiteke.
Esperientzia «paregabea»
Oroithekoen esanetan, «kantu koralak esperientzia paregabea eskaintzen die haurrei, onuraz betea: autoestimua hobetzen laguntzen die, kontzentratzeko gaitasuna garatzen du, diziplina sustatzen du eta, batez ere, taldean lan egiten irakasten die arte musikalaz gozatzen duten bitartean. Gainera, abesbatzak bere prestakuntza artistikoa eta pertsonala aberasten duten aurkezpen eta jarduera kulturaletan parte hartzeko aukera ematen du». Gabonetan eta ikasturte bukaeran egiten dituzte kontzertuak.