«Gizakiok gorputzarekiko dugun harremana piztu nahi dut»
Osasun aktiboari buruz duela aste batzuk Miren Salmeron osteopatak egindako hitzaldiak egundoko harrera izan zuen Legazpin, eta bigarren aldiz egingo du astelehenean, hilak 18, Kultur Etxean.
Gizakiaren gorputzaren zaintza du lanbide Miren Salmeron (Legazpi, 1974) osteopatak, eta laster 14 urteko beteko duen Legazpiko More zentroan garatzen du.
Noiz hasi zenuen zure ibilbidea?
Duela 32 urte hasi nintzen Fisioterapia ikasten, Zaragozako Osasun Zientzien Unibertsitate Eskolan, eta lanean 29 urte daramazkit. 16 urte nituenean erabaki nuen zer ikasi, Estatu batuetan ingelesa igaro nuen uztail batean. Hango familiako ama erizaina zen, eta haren bidez ezagutu nuen errehabilitazioa. Txundituta geratu nintzen. Gero, institutuan, Biologia izan zen nire ikasgairik gustukoena.
Lanean berehala hasi zinen.
Praktikak Tolosako Asuncion Klinikan egin nituen, eta lanean geratu nintzen bertan. Oso eskertuta nago hango egonaldiarekin. Errehabilitazioak, ebakuntza gelara sartzeko aukera, mediku ekipoa, talde lana… Traumatologo, neurologo eta errehabilitazio medikuengandik informazio asko jaso, eta asko ikasi nuen.
Noiz bihurtu zinen osteopata?
Urtebete lan egin nuen buru-belarri eta gero erabaki nuen espezialitate hori egitea, eta Bartzelonako Gimbernat unibertsitate eskolara jo nuen. Lana eta ikasketak uztartuta, sei urte behar izan nituen.
«Mugimendu sotilagoak eskatzen dituzten osteopatia kraneo-sakralean eta funtzionalean espezializatu nintzen»
Zein da fisioterapia eta osteopatiaren arteko aldea?
Fisioterapiak osasunean eta gorputzean egiten duen interbentzioa eta duen ikuspegia sintometan oinarrituta dago, lokalizatuagoa da, anatomian eta fisiologia ditu oinarri. Osteopatiak gorputzaren holismoa hartzen du kontuan, barruko erlazioa, unitatea, bizitza… eta ez bakarrik arlo mekanikoa. Ni, mugimendu sotilagoak eskatzen dituzten osteopatia kraneo-sakralean eta funtzionalean espezializatu nintzen, eta pediatrian eta obstetrizian sakondu nuen.
Gehiago ere ikasi duzu.
Psikoterapia korporalen biosintesia egina dut, umeekin karakterologia eta pertsonaren garapena lantzeko. Heriotzaren inguruko formakuntza dut, konstelazioa familiarrak ere ikasi ditut, eta Sexu osasunaren sustapena izeneko masterra amaitu berria dut.
Eta zein da zure espezialitatea?
Osteopatia aplikatzen dut gehien, eta duela 13 urte ezagutu nuen zentzumenen kontzientzia. Nik amets bat neukan, nik pertsonen alde egiten dudana, pertsonek eurek ere egin dezatela, pertsonen alde egile hori bultzatzea. Eta hori, osteopatia, zentzumenen kontzientzia eta bizitzaren maparen bidez lantzen ditut.
More zentroa da zure egoitza.
Duela ia 14 urte ireki nuen, Patrizio Etxeberria kalean, beste lokal batean urte asko egin eta gero. Besteen kontura bi urte lan egin ondoren, bakarrik hasi nintzen. Moren pertsonari aukera bat eman nahi diot bere moralitatetik edo bere kondizionamenduak mugatzen dituen horretatik harago joateko.
Orain Moretik atera zara lan hori partekatzeko.
Osasun aktiboari buruzko hitzaldia egin nuen horretarako urriaren 15ean, eta berriz egingo dut, datorren astelehenean. Askotan nire sentsazioa da gorputza kexa batean dagoela, ia gainezka egin duela bere konpentsazio gaitasunak. Gure ondoezak ulertu edo gure gorputzarekin dugun harremana jorratu beharrean… ez dugu egiten. Nik hori zabaldu nahi nuen, modu sinplean horretarako aukera bat eskaini. Gorputzak badauka bere alde egilea, eta harreman hori birmoldatu egin behar dugu.
«Emozioak modu somatikoan adierazten ditu gorputzak, eta fisikoa ere gure emozioetan eta gure pentsamenduetan nabaritzen da»
Hitzaldian zer kontatuko duzu?
Lehenik eta behin, gorputzak bizitza propioa daukala esango diet, itsasoa bare-bare egon arren, barruan zurrunbiloak eta korronteak daude, gure gorputzean bezala, eta horiek isildu egiten ditugu. Kirola egiten dugu, elikadura zaintzen dugu… baina emozioak, sufrimendua edo dolua lantzeko ez gaude entrenatuta, eta gure alderdi egilea indartu behar dugu horretarako.
Gehiago zentratzen gara osasun fisikoan?
Niretzat dena bat da, emozioak modu somatikoan adierazten ditu gorputzak, eta fisikoa ere gure emozioetan eta gure pentsamenduetan nabaritzen da, nola arnasten ari garen… Hori dena zabaldu nahi dut, gorputzarekiko dugun harremana esnarazi edo piztu.
Harrera ona izan zuen lehen hitzaldiak.
Bai. Urriaren 15ean egin nuen, eta lekurik ez zegoelako jendea sartu ezinik geratu zen Kultur Etxean. Horregatik errepikatuko dut astelehenean, denei aukera emateko. Dena dela, YouTuben ere ikusgai jarri dut, gehiago zabaldu dadin. Oso pozik nago jasotzen ari naizen erantzunarekin.
Nori dago zuzenduta?
Gizarteari. Niretzat denok egin dezakegu esnatze prozesua, eta oinarrizko premiak beteta, zerbait gehiago jorratu daitekeela uste dut.
Saio praktiko bat ere egingo duzu.
Abenduaren 17an izango da, 18:30ean Latxartegin. Herriari egin nahi diodan oparia da. 26 urte daramatzat lanean Legazpin, ez zen apustu erraza izan, korrontearen kontra pixka bat, eta saio praktiko horrekin eskerrak eman nahi ditut horregatik.