Goiurp urpekaritza taldea sortu dute Beasainen
Urpeko bataioak eta ikastaroak Beasaingo Antzizar kiroldegian egiten dituzte. Urtarrilean Cimasub itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloaren presentzia izango da Beasainen lehen aldiz.
Beasainen Goiurp kirol kluba sortu dute. Itsasoan burutzen den kirola bada ere, Antzizar kiroldegiko instalakuntzak kirol honetan lehen urratsak emateko erabiliko dituzte. Beasaingo Udalaren laguntzarekin, “kirol elkarte berri honek Beasainera kirol jarduera berri eta askorentzat ez-ohikoa dena ekarri nahi du”.
Igerilekuan bertan egin dute taldearen aurkezpena. Udal agintariak “gustura” agertu dira herrian kirola egiteko eskaintza berri honen aurkezpenean. Izan ere, Leire Artola alkatea eta Elena Ruiz kirol zinegotziaren ustez, “urpekaritza Beasainen ezohikoa izan daiteken arren itsasoa gertu dugu eta Antzizar kiroldegiak kirol honen hastapenerako baldintza egokiak eskaintzen ditu. Igerilekuan modu seguruan egin daitezke lehen inmertsio saioak eta erabilera berri txertatuko da ur-instalakuntzetan”.
Elkarteak udako kanpainan kiroldegian burutu ziren udalekuetan parte hartu zuen gaztetxoekin eta lortutako emaitza onaren ondoren orain beraien jarduera publiko osoari ezagutzera ematea garrantzitsua dela adierazi dute. “Hitzarmenaren baitan, elkarteak bere jarduerak burutu ahal izateko diru laguntzaz gain, instalakuntzen erabilera eta materiala gordetzeko kiroldegian areto baten lagapena eman dizkio”.
Duela bi urte
Goiurp kluba ofizialki duela bi urte sortu zen, eta gaur egun 28 bazkide ditu. Horietako hiru, Pedro Becerril, Arkaitz Marteles eta Asier Martinez dira. Aurkezpenean argitu dutenez, helburu nagusia urpekaritzaren aktibitatea sustatzea eta ezagutaraztea da. Urpekaritzan lehen urratsak emateko hasierako ikastaroak edo bataioak egiteko Antzizar kiroldegiko igerilekuak erabiltzen dituzte, “oso egokiak dira horretarako sakonera handikoak ez direnez toki segurua eta konfiantza ematen baitute”. Jakinarazi dutenez, ikastaroa eta bataioak egiteko klubak uzten du materiala, “gero jarduera egiten jarraitzeko norberak erosi beharko luke berea baina dena lortu arte eta erabilgarritasuna dagoen bitartean klubak alokatuko luke”.
Garapen ikastaroak itsasoan, Getarian eta Pasaian egiten dituzte. “Botilak betetzeko Pasai Donibanen Gipuzkoako Federazioak konpresorea du, eta bertan federazioak aldagelak eta irteerak egiteko ontziak uzten ditu”.
Klubak bi kirol teknikari ditu, horietako bat instruktorea eta bestea instruktore ordea. Beste hiru instruktore laguntzaile badaude, eta Gipuzkoako Urpeko Jardueretako Federazioko partaide izanik honen laguntza du bai instruktoreak edo materiala behar izanez gero.
Ekintzak eta irteerak
Urtean zehar irteerak egiten dituzte euren kasa eta Federazioarekin, normalean udaberritik udazkenera bitartean, baina eguraldia eta itsasoa lagun badira neguan ere irteten dira. Aipatzekoa da klubaren bitartez urteko lizentzia edo segurua tramitatzen dutela, bai urpekaritza botilarekin egiteko, apnean edo urpeko arrantzan aritzeko.
Ekintza osagarri gehiago ere egingo dituzte. Esate baterako, Urtarrilean CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa Beasainera ekarriko dute. Beasainen burutuko den lehen edizio honetan zine emanaldiak eta erakusketa izango dira. Xehetasun gehiagorekin urtarrilean aurkeztuko dute Beasainen burutuko den ekimen aitzindari hau.
Harremanetarako
Goiurp taldearekin harremanetan jartzeko bi bide daude: goiurpkirolkluba@gmail.com edo 623 047 706 telefono zenbakia.