Urtearen bukaera ere korrika
Urtezahar egunean zortzi herritan izango dira San Silvestre krosak. Egonkortuta dauden lasterketei, Zaldibiakoa gehituko zaie aurten. Elite mailakoetatik lagun artekoetara batuko dira. Urretxu-Zumarragan bikoteka da, Legazpin mozorroa sarituko dute. korrikara.
Urte osoko presak ahazteko, korrika amaituko dute 2024a ehunka goierritarrek. Abenduaren 31rako zortzi herritan San Silvestre krosak antolatu dituzte. Bat gehitu da zerrendara, Zaldibiakoa. Elite mailatik lagun giroko xumeetara, lasterka baina festa giroan bukatuko da urtea.
BEASAIN
Ohiko ibilbidea eta 9.720 metroko luzera berreskuratuko ditu, behin Ezkiagako obrak amaituta, Beasaingo 49. San Silvestre krosak, Goierriko zaharrenak. Abenduaren 31n, 12:00etan hasiko da, Beti Bizi elkarteak antolatuta. Sari dirutsuen peskizan, kanpotik goren mailako atletak etorriko dira. Irabazleek, gizon zein emakume, 1.500na euro jasoko dute, bigarrenek 1.200 eta hirugarrenek 800. 15. posturaino jarri dituzte diru sariak. Herritar, beterano (45etik gora) eta 18 urtez azpiko onenek ere badute garaikurra. Izen-ematea abenduaren 29ko 22:00ak arte irekita dago (10 euro), 14 urtetik gorakoentzat. Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi ultratrailetarako bina dortsal zozkatuko dituzte.
LAZKAO
Lazkaoko 12. San Silvestre lasterketak aldaketak izango ditu, Tri-Antzar taldearen eskutik. Helburu solidarioa eman diote, eta diru etekina ezgaitasun funtzionalak dituzten gazteen aisialdiko Bakuntza elkartearentzat bideratuko dute. Horretarako, 5 euroko sarrera-kuota ezarri dute, aurrez apuntatuz gero (30ean eta 31n, 15 euro helduak, 5 haurrak). Izena lehenbailehen emateko aholkatu dute, 750 lagunen muga baitago. Elastiko bat jasoko du bakoitzak opari. Dortsala egunean bertan plazan har daiteke, edo bezperan kultur etxean (17:30-19:00). Haurren korrikaldiak 11:30ean hasiko dira, eta helduen krosa (14 urtetik gorakoentzat) 12:30ean. Ohiko ibilbidea izango da, 5,4 kilometro.
LEGAZPI
Legazpin Urtezahar arratsaldean jokatuko da 5. San Silvestre lasterketa, 17:00etan hasita. Banaka edo bikote mistoan parte har daiteke, sailkapenei begira. Buruko 6 euro ordaindu behar da. 250 korrikalariren muga jarri dute, eta izena abenduaren 30era arte eman daiteke; egunean bertan ez dute izen-ematerik onartuko. 16 urtetik gorakoak irten ahalko dira. Mozorrotuta irteteko gonbita ere egin dute antolatzaileek, eta mozorro onenaren saria emango dute. Ibilbidea 4,6 kilometrokoa da, eta Kale Nagusian hasiko eta bukatuko da. Lehen sailkatuentzat, Ane Urtzelai legazpiarrak diseinatutako sariak daude. Opariak ere zozkatuko dituzte partaide guztien artean.
LEGORRETA
Legorretan abenduaren 31n 12:00etan hasiko da lasterketa. Kalean ohiko ibilbidea egingo dute. Pikuk, Aldapa Haundi, Bilkoin eta Jota-Kea elkarteek antolatu dute San Silvestre krosa.
ORDIZIA
Ordiziako 48. San Silvestrea 18:30ean hasiko da. 14 urtetik gorakoek parte har dezakete. Ibilbide aldapatsuaren ikusgarritasunean, alde zaharrean eta inguruan hiru bira osatuko dituzte, 6.325 metroko distantzia denera. Sariak kadete, senior eta beterano mailetan emango dituzte, gizon zein emakume onenentzat. Partaide guztiek domina bana jasoko dute. Izenak abenduaren 30erako eman behar dira, eta egunean bertan ezingo da. Proba herrikoia baino lehen, 17:30etik aurrera, benjamin, alebin eta infantil haurren lasterketak izango dira, mutilena eta neskena bereizita.
URRETXU-ZUMARRAGA
Binakako lasterketa izango da aurten ere Urretxu-Zumarragakoa; 8. ekitaldia beteko du. Bikote mistoak osatu behar dira, gizonezko zein emakumezko. Urtezahar arratsaldean, 16:30ean hasiko da. Izen-ematea irekita dago aurrez, eta egunean bertan ere onartuko dute. Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuta, 5 kilometroko hiri-ibilbidea osatuko dute.
ZALDIBIA
Zaldibiako Gazte Asanbladak lehenbiziko aldiz San Silvestre lasterketa antolatu du. Eguberrietako egitarauaren barruan, Urtezahar arratsaldean 16:30ean hasiko da, plazan. Hiru ibilbide jarriko dituzte aukeran, baina ez dute zehaztu informazio gehiago.
ZEGAMA
Zegamako 12. San Silvestrea 17:30ean hasiko da, Elkartu Nahik eta udalak antolatuta. Aurretik, 17:00etan, haurren lasterketak jokatuko dira. Proba nagusiak 5,25 kilometro izango ditu, eta 350 parte-hartzailetara mugatu dute. Izen-ematea on-line (10 euro) 30ean 20:00etan itxiko dute, eta egunean bertan (15 euroan), 385 lagunera iritsi arte utziko dute. Marka hobetzen duenak 100 euroko gainsaria du; gizonetan 15:46 eta emakumeetan 18:39 daude. Zegama-Aizkorri mendi maratoiko hiru dortsal zozkatuko dituzte bukatzen duten herriz kanpoko partaideen artean.