Euskadiko Liburutegi Digitala martxan dago dagoeneko. 250 udal liburutegietako –Goierrikoetan barne– erabiltzaileek 3.000 liburu digitaletik gora har ditzakete maileguan. Liburutegian alta eman behar da horretarako. Teknologia berriei esker liburuak irakurtzeko aukera berriak sortu dira. Ondorioz, liburu digitalak maileguan hartzeko aukera eskaintzen hasi da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea. Tartean daude, Goierriko udal liburutegiak ere. Liburu digitalen mailegua egiteko, lehenik eta behin, liburutegira joan behar da eLiburutegian alta eskatzeko. Horretarako, liburuak on line maileguan hartzeko plataformara sartzeko erabiltzaile izena eta pasahitza emango dira bertan. Behin pasahitza jaso ondoren, irakurlea eLiburutegia plataforman sar daiteke. Bi liburu, 21 egun Erabiltzaile bakoitzak bi liburu hartu ahal izango ditu aldi berean eLiburutegian eta 21 eguneko epea izango du irakurtzeko. Hiru asteko epea bukatzen denean, automatikoki ezabatuko da liburua gailutik. Mailegatutako liburua sei gailutan egon daiteke eskuragarri aldi berean. Horretaz gain, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskatu daitezke liburuak. Irakurketa streaming bidez, ordenagailuaren edo gailu mugikorren bidez egin daiteke. 3.000 titulutik gora eLiburutegia zerbitzua 3.000 titulurekin hasi zen martxan 2014 urte bukaeran; 2015erako 15.000 tituluko katalogoa izatea aurreikusten dute.