EUSKO JAURLARITZAK EUSKADIKO MERKATARITZA NEGOZIO-EREDU BERRIETARA HURBILTZEKO PROGRAMA BAT SORTU DU
Merkataritzako eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak merkataritza-enpresei egin die dei Euskal Merkataritzaren XVI. Topaketaren hasierako ekitaldian, jokamoldea aldatzeko prest egon daitezen Programa hori 28.000 saltokira zuzenduta dago, eta 300.000 € bideratuko ditu aurten, 2017ra arte iraungo duten ikastaro espezializatuak abian jartzeko Gaur, Donostian, Euskal Merkataritzaren XVI. Topaketari eman zaio hasiera, eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalza bertan izan da. Haren esanetan, une honetan, enpresen posizionamendua birdefinitzeko beharra dago, alderdi estrategiko guztietan. Eusko Jaurlaritzak ezagutzan oinarritutako ekonomiarantz joateko eta merkatu-hobi berriak garatzeko helburuarekin bultzatzen ditu aldaketa horiek. Epalzak esandakoaren arabera, martxan jarri den programak bi helburu ditu: Batetik, merkataritzaren sektorean berrikuntza sortuko duten inbertsio produktiboak eragitea. Bestetik, enpresen lehiakortasun-egoera hobetzen lagunduko duten prestakuntza eta tresna praktikoak izatea. «Badakigu merkataritzaren eta salmenta moten errealitatea oso heterogeneoa dela, eta badakigu erreferentzia-eredu berriak ezartzeko beharra dagoela, halako sektore heterogeneo eta anizkoitzari erantzun bat eman ahal izateko», adierazi du sailburuordeak. Egoera horren aurrean, sortu berri den programa horri 300.000 € zuzenduko dizkio Eusko Jaurlaritzak. Programa horretan, 80 ikastaro espezializatu egingo dira gutxienez, merkataritza-banaketarako negozio-eredu berriak zabaltzeko eta horietan prestakuntza emateko xedez. Merkataritzako 28.000 saltoki daude Euskadin, eta Eusko Jaurlaritzak haien jokamolde tradizionala aldatzeko prest egon daitezen dei egin die, Eusko Ganberak erakundearekin batera. Horretarako, merkataritza-sektoreari begira pentsatutako negozio-eredu berrien ikastaroen katalogo bat sortu dute, merkatariek merkatariarentzat prestatua. Programa aurten jarri da abian, baina jarraipena izango du, 2014-2017 aldirako Merkataritza Planaren parte baita. Horren bidez, alderdi hauek landuko dira: Bezeroaren kudeaketan oinarritutako negozio-ereduak. Stocken kudeaketan oinarritutako negozio-ereduak. Salmenten kudeaketan oinarritutako negozio-ereduak. Enpresen arteko elkarlanerako egituretan oinarritutako negozio-ereduak. Negozio-eredu digital berriak. Aukera teknologikoen eta sarearen estrategien onurak lortzean oinarritutako negozio-eredu berriak. Proiektuaren ikuspegiak sektore hauek hartzen ditu kontuan bereziki: elikadura, hornikuntza, sektore pertsonala (arropa, oinetakoak eta osagarriak) eta etxeko hornikuntza (altzariak, etxetresna elektrikoak eta elektronika). Egunean lau orduko moduluetan banatuta egongo dira ikastaroak, eta ikastaro bakoitza hamabi ordukoa izango da guztira. Merkataritza-jarduerekin bateragarriak diren ordutegietan egingo dira; ahal dela, 14:00-16:00 bitartean eta 20:00etatik aurrera. Nabarmendu beharra dago ikastaroak eskualdeetan ere ematea aurreikusi duela Jaurlaritzak, eta ez bakarrik hiriburuetan, nahiz eta azken horietan eskaria handiagoa den. Gutzira 80 ikastaro egingo dira EAEko hiru lurraldeetan, lurralde bakoitzak duen saltoki kopuruaren arabera: - Araban: 10, eta horietatik gehienez 7 egingo dira Gasteizen. - Bizkaian: 42, eta horietatik gehienez 14 egingo dira Bilbon. - Gipuzkoan: 28, eta horietatik gehienez 7 egingo dira Donostian. Eusko Jaurlaritzak uste du garrantzitsua dela trebakuntzaren aldeko apustua egitea; izan ere, merkataritzak, ekonomian pisu izugarria izateaz gain, garrantzi handia du herri eta hirietako bizitzaren gizarte eta egituran. Merkataritza-jarduera BPGren % 11,33 eta enpleguaren % 14,0 da Euskadin; hau da, 137.000 pertsonari ematen dio lana. Kopuru horretatik 76.900 sektore txikizkariari dagozkio, eta 45.000 enpresa hartzen ditu barne. Enpresa horietatik 28.667k jarduera txikizkaria du, eta 32.500 milioi euro fakturatzen dute urtean.