Ibai Alba hernaniarra eta Amaia Intsausti olaberriarra garaile Sahara Krosean
Ibai Alba hernaniarrak, gizonezkoetan, eta Amaia Intsausti olaberriarrak, emakumezkoetan, irabazi dute Ormaiztegiko saharar herriaren aldeko krosa. Miguel Angel Encina legazpiarra bigarren postuan heldu da helmugara. Eguraldi oso txarra egin duen arren, 153 lagunek lortu dute lasterketa bukatzea.
Antolatzaileak oso gustura ageri dira. «Aurreko urteetan baino jende gutxiagok parte hartu du, eguraldia dela eta. Dena den, ez genuen uste hainbeste jendek parte hartuko zuenik», esan du Iñaki Amundarainek.
Ormaiztegiarrek lasterketa atzeratu behar izan zuten 2010ean, ziklogenesia zela eta, Eusko Jaurlaritzak behartuta. Oraingo honetan, ordea, ez da inongo agindurik izan eta aurrera egitea erabaki dute. «Larunbatean komunikabideek eta korrikalariek deitu ziguten, ea proba atzeratzeko asmoa genuen galdetzeko. Ezetz esan genien».
Antolatzaileek ez zuten espero horrenbeste jendek parte hartzea. «Egunean bertan 58 lagunek izena eman zuten. Oso gustura gaude. Beharbada, sahararren aldeko lasterketa delako ez zen gelditu jendea etxean».
Elurra dela eta, ibilbidea aldatu behar izan dute. Bidexkak elurtuta zeudenez eta zuhaitzetako adarrak korrikalarien gainean eroriko ziren beldur zirenez, lasterketa guztia asfalto gainean egin zen. Ez da hori izan berrikuntza bakarra: Bizkaitik Saharako 20 bat gazte etorri ziren eta horietako batzuek irteera sinbolikoa egin zuten. Arratsaldean, euskaldunek eta sahararrek futbol partida jokatu zuten. Bestalde, Saharako maratoiko kamisetak salgai izan ziren. Proba hau bertan behera gelditu da aurten.
Antolatzaileek ez ezik, Amaia Intsausti olaberriarrak ere baditu pozik egoteko arrazoiak. Olaberriar honek 41 urte ditu eta bospasei urte egon da korrika egin gabe. Ordiziako Bolitas Anaiak taldeko lagunek animatuta itzuli da eta berehala lasterketa bat irabaztea lortu du.
Intsaustik emaitza bikainak lortu zituen gaztetan. Donostiako maratoian bigarren eta hirugarren sailkatu zen eta proba hau 2 ordu eta 44 minututan bukatzea lortu zuen.