Urte zaharrean egindakoak atzean utzi eta berriaren bila joango balira bezala abiatuko dira datorren asteartean ehunka eta ehunka korrikalari goierritar San Silbestre probetan. Urteko azken jatordu oparo eta parranda luzea egin aurretik, askok korrika egiteko ohitura hartua dute. Hala, dagoeneko, Goierriko sei herritan antolatzen dituzte abenduaren 31n San Silbestre lasterketak.
Urretxu-Zumarragako gaztetxeko kide baten kontra egitekoak diren epaiketaren kontra, Nik ere jarri nuen elkartasun kanpaina jarri zuten martxan bi herriotako gazteek duela aste batzuk. Ekimen horien baitan, manifestazioa egin zuten Utzi pakean herria-gaztetxea lemapean, hilaren 21ean. Gotzon Aranburuk bildu zituen irudiak honako bideo honetan.
Abenduko osoko bilkura ospatu zen atzo Urretxuko udaletxean. Udalbatzari aurkeztutako puntu guztiak onartu zituzten, gehienak aho batez, eztabaida sortu zuen gairik izan bazen ere. Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmen bat onartzeko proposamena aurkeztu zion udal gobernuak udalbatzari. Lankidetza hitzarmen hau ITTEN foru sozietate publikoaren bitartez egitea proposatu zuten, eta oinarrian, Irimoko parte hartze prozesuaren bitartez EUROPAN lehiaketara aurkezteak suposatu dituen gastuei aurre egiteko, 40.000 euroko diru laguntza eskuratzea izan da helburu nagusia.
Urretxuko eta Zumarragako ikastetxeetako ikasleak ere kantu eskean atera ziren hilaren 24an. Gotzon Aranburuk egin du bideoa.
Urteroko ohiturari jarraituz, gabonetako kantu eskea egin dute Beasaingo ikastetxeetako ikasleek. Gernika pasealekuko frontoi estalian, Andramendi ikastolako eta Alkartasuna Lizeoko ikasleak elkartu dira. Olentzero bera ere, bertan izan da.
Urretxuko Udalak Gabon garaian herriko kaleak atontzeko apaingarri jasangarriak baliatu ditu aurten ere. Jon Altolagirre zinegotziak adierazi duenez «2011tik udala kontsumo arduratsuaren eta birziklapenaren inguruan» egiten ari den gogoetaren inguruko emaitzetako bat da. Zinegotziak esandakoaren arabera, apaingarriak «La Salle eta Gainzuri ikastetxeetako eta Jose Mari Iparragirre institutuko ikasleek eta Aterpe elkarteko emakumeek» egin dituzte, Arazi Ingurumen Heziketa Proiektuak enpresako kideen laguntzarekin.
Bidegi ari da Urretxu-Antzuola zatia egiten, hain zuzen Deskargako mendatea saihesteko tunela duena, eta ostiralean tunel horietako bat, Antzuolatik Urretxurako noranzkokoa, zulatzen amaitzen zuten; bi aldeak elkartuta baitaude jada. Tunela eraikitzerakoan hainbat arazo izan ziren, luiziak izan zirelako, baina arazo horiek konpondu dira eta lanak aurrera doaz, martxa onean. Tunela 650 metro luze da, norabide bakoitzean hodi bat du (bi errei norabide bakoitzean), eta oinezkoentzako bi larrialdi irteera izango ditu, tunelaren norabide baterako hodia beste norabidekoarekin lotuz.