Urretxuko Goierri Txirrindu Eskolak 2013 denboraldirako taldeak aurkeztu ditu asteburuan. Berriro bere bideari ekin zionetik, hirugarren denboraldia izango du aurtengoa eskolak. Hiru mailatan banatuta, 32 haurrek eta gaztek osatzen dute taldea. Guztiak mutilak dira, bat izan ezik.
Sahararen aldeko krosa egin dute Ormaiztegin, zazpigarren urtez. Elurra eta hotza egin arren, 153 lagunek bukatu zuten 10 kilometroko ibilbidea. Beste dozenaka lagunek, testigantzazko proban parte hartu zuten. Gizonezkoetan Ibai Alba eta emakumezkoetan Amaia Insausti izan dira azkarrenak.
Eusebio Toledano (1951) ez da Zumarragan jaiotakoa baina haurra zen Euskal Herrira iritsi zenean, eta bertan jaiotakotzat dauka bere burua. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean lumatxoz egindako lanen bilduma inauguratu berri du Zumarragako eraikin eta txoko bereziak titulupean. Martxoaren 3ra arte irekita egongo da erakusketa.