"Salbuespenezko politika guztiekin amaitzeko premia" nabarmendu dute gaur goizean Beasainen egin duten agerraldian.
Galvez, Imaz, Aierbe, Lasa eta Apaolaza agerraldian.
Datorren astelehenean hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, 04/08 sumarioa edo EHAK eta ANVren aurkako epaiketa. Guztira 35 lagun daude auzipetuta, 2005etik 2007ra garatutako lan politikoa egiteagatik, eta horietatik bost goierritarrak dira: Eusebio Lasa, Asier Imaz, Pello Galvez, Egoitz Apaolaza eta Karmele Aierbe. ETAko kide izatea egozten diete.
Salbuespenezko neurrien amaiera eskatuz, agerraldia egin dute gaur goizean auzipetu goierritarrek Beasainen. “Epaiketa politiko berri baten aurrean gaude. Ilegalizazioaren garairik gordinenean, milaka herritarrekin batera, konponbidearen alde borrokatu ginelako epaituko gaituzte”, azaldu du Karmele Aierbe ataundarrak.
Hain justu ere 2007ko urrian Seguran egindako operazioan atxilotu zituzten ezker abertzaleko 23 kide; orduan atxilotu zuten Egoitz Apaolaza zeraindarra ere. Hamar egunera atzeman zuten Asier Imaz Beasainen. Otsailean iritsi zen hurrengo kapitulua; Karmele Aierbe ataundarra, Eusebio Lasa beasaindarra eta Peio Galvez urretxuarra atxilotu zituzten beste hamaika lagunekin batera.
Biharko Goierriko Hitzak jasoko ditu zabalago agerraldian auzipetuek egindako adierazpenak.