Ixabel Olano: "Ez dakit zer eginez, baina euskarari eutsi egin behar diogu"
(Gipuzkoako Hitza / Nerea Uranga) Ama zena oso irakurzalea eta bizkorra zuela kontatzen du Ixabel Olanok (Beasain, 1925). Berak ere gogoko du irakurtzea; gurpil aulkiko poltsan gordeta eramaten du liburu elektronikoa. Beasaingo ikastolako lehen andereñoa izan zen. 25 urtez jardun zuen bertan irakasle, 1990ean erretiroa hartu zuen arte. Eskoletara joatea gustukoa zuela dio; aurrena kontabilitatea eta gero irakasletza ikasi zituen.
Irakasle ikasketak bukatu ahala, Aiako San Pedro auzoko eskola sortu berrian jardun zuen bi urtez. Gero, ordezkapen bat egitera joan zen Azkoitiko Madariagara. “Ondoren, oposizioetara aurkeztu nintzen, baina ez nituen atera”. Ezkondu eta lau seme-alaba zituela jaso zuen Beasainen sortu nahi zuten ikastolan andereño aritzeko proposamena.
Gure Esku Dago-k eta Agirre Lehendakaria Center fundazioak datorren asteazkenerako Beasainen antolatu duten mahai inguruan parte hartuko du Olanok. Harekin batera solasean Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohia, Jose Manuel Castells zuzenbide arloko katedraduna eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramailea ariko dira. Beasaingo Usurbe antzokian izango da, 19:00etan.
Beasainen ikastola sortu behar zutela-eta andereño izateko proposamena jaso zenuen orain 50 urte.
Beasaingo gizonezko talde bat etorri zitzaidan; beste herrietan ikastola funtzionatzen ari zela, eta Beasainen sortzekotan zirela-eta beraiekin hasiko al nintzen galdezka. Beasainen euskararen egoera triste-triste zegoen; etxean bakarrik egiten genuen euskaraz, ez eskolan, ez kalean, ez inon-inon. Niri egoera horretan egoteak pena ematen zidan, eta nik zerbait egitea baneukan egingo nuela, eta hasi egin nintzen.
Nola gogoratzen duzu Beasaingo ikastolaren hasiera?
Oso egoera txarrean hasi ginen. Etxebizitza bateko portalean sartu, dozena bat eskailera zeuden behera, eta han behean zegoen bi etxebizitzaren azpiko alde guztia zen lehen lokala. Zorua porlana zen. Aurretik, Lazkaoko ikastolan egin nituen praktikak. Han apaiz etxe batean zeuden; zorua gaztain egur zabal gozokoa zuten, eta umeak alfonbra gainean egoten ziren. Guk, ordea, ez geneukan materialik eta ez dirurik alfonbra borobil bat erosteko ere. Alfonbra estu eta luze bat erosi, lauki itsusi bat osatu, eta hantxe gainean esertzen ziren haurrak. 4 urteko 26 ume ziren, eta gustura joaten ziren ikastolara. Komunik ere ez genuen, eta etxetik pixontzi txiki bat eta baldea eraman nituen. Pixontzian gustura egiten zuten umeek, eta gero nik garbitzen nituen ondo-ondo pixontzia eta baldea.
Gero ikastola handitzen joan zen. Bai, eta beste lokal hobeago batzuetara joan ginen. Herriaren Porteri aldean eta gaineko aldean sukurtsalak genituen; leku handi bat ez geneukan, eta batetik bestera ibili behar izaten genuen. Aurrena ni nintzen andereño, gero bi, gero dozena erdi… eta umeak ere gehitzen joan ziren, eta gero Lizeoa sortu zen. Zuk ikasketak erdaraz eginda edukiko zenituen. Ikastolan eskolak euskaraz emateko materiala nondik lortzen zenuen? Hasieran ez zegoen ezer, Martin Txilibitu eta Xabiertxo besterik ez. Ikastola Elbira Zipitriak hasi zuen Donostian, eta erabiltzen genuen metodoa harena zen. Idazten eta irakurtzen txotxekin ikasten zuten umeek: hizkiak, zenbakiak… Hizki larritan, noski, eta gero arkatza hartzen zutenean ere hizki larriz hasten ziren idazten. Baina gogoa jarriz gero eta saiatuz gero dena lortzen da. Umeentzat erakargarria izan zedin ahalegintzen ginen. Jardunez gero emaitza ikusten dela diozu. Asteazkeneko mahai inguruan ere hori azalduko al duzu? Ekinez egin-edo du gaia mahai inguruak, eta zerbait nahi duzunean, nahiz eta izugarri kostatu, saiatzen bazara lor dezakezula azaldu nahi dut. Beste ikastoletan errazago egingo zuten agian, baina Beasainen bertan, hasierako bost guraso horiek arduratu ez baziren, ez zen ikastolarik izango. Ikastolen mugimendu hau Elbira Zipitriak hasi zuen, Donostian, eta zabaltzen joan zen. Beasaingoaren aurretik Lazkaon martxan zegoen, han apaiz bat bazegoelako horretan jardun zuena. Beasainen ere elizaren menpean hasi zen: Escuela Parroquial Nuestra Señora de Loinaz bezala hasi zen ikastola, elizaren babesean. Bestela ez zen hasiko, eta, hala ere, Guardia Zibila etortzen zen. Zertara joaten zitzaizuen Guardia Zibila ikastolara? Lehenengo urteetan guardia zibilek ez ziguten bakean uzten. Aurreneko etxe azpi hartatik beste lokal batera pasatu ginen, eta gero mojek eduki zuten ikastetxe batera. Handik berehala, Beasaingo festetan, guardia zibilak etorri zitzaizkidan etxera, ikastolak ematen genituen tokia miatu behar zutela esanez. Ni eta beste andereño bat han joan ginen bi guardia zibilekin ikastolara. Lurrean sarreran zegoen kirolerako poltsa bat irekitzeko eta sabaian zegoen ganbararako tranpala irekitzeko eskatu zidaten, eta nik miatzera etorri zirenak eurak zirela erantzun nien. Orduan, irakasletza ikasketarik ez zeukaten laguntzaileak ibiltzen ziren ikastolan, eta maistrarik ez zegoen susmoa zeukaten. Irakaslea al nintzen galdetu zidaten, eta etxeraino bila joan eta ikasketetako titulua erakutsi behar izan nien. Zuek zuenari eutsi eta aurrera egin zenuten ikastolarekin. Gaur egun nola ikusten duzu egoera? Ikastolena sortuta dago, eta ari dira. Orain, nik ez dakit zer egin behar dugun, baina euskarari behintzat eutsi egin behar diogu; ez dakit zer egin behar bada ere, horri eutsi egin behar zaio. Euskarari bultzada handi bat eman zaio, eta jarrai dezala horrelaxe. Nire ume denboran oso-oso tristea zen; etxean bakarrik hitz egin genezakeen euskaraz. 90 urte beteko ditut azaroan, eta nik zer egin behar dut ba orain… Guk egin genuenak zerbaitetarako balio badu, konprenitzen badute zer egin genuen… Ikastolan lanean nenbilela haur bat izan nuen, beste gazteenarekin 12 urteko aldearekin. Gabonetako oporrak santomas inguruan izaten dira; oporrak hartu, Gabon egunean 24an haurra izan, eta urtarrilaren 7an ikastolan hasi nintzen berriro. Izeba bat neukan etxean, eta asko balio zuen, eta baneukan norekin utzi umea. Gero, eguerdian ordu erdi lehenago ateratzen nintzen ikastolatik umeari bularra emateko. Asteazkeneko mahai inguruan parte hartzeko gonbita gustura hartu al duzu? Asko aztoratu nintzen; jende aurrean tutik ez dut balio. Andereño nintzela ere, okerren-okerren gurasoen bileran pasatzen nuen. Guraso bakoitzarekin bakarka ondo moldatzen nintzen. Baina nire aurrean guraso piloa ikusten nituenean, puf! Eta nik ez dakit zergatik den. Ordea, bukatutakoan gustura ateratzen nintzen.“Ikastola sortu aurretik Beasainen euskararen egoera triste-triste zegoen; etxean bakarrik egiten genuen”