EHM eta G2H probetako korrikalariek begi onez ikusi dute antolakuntzak hartutako erabakia; pena eta amorrua sentitu bazuten ere, erabaki zuzena izan zela uste dute
«Egoeraren aurrean erabakiak hartu eta erreakzionatzen jakin dute»
Javi Dominguez (EHM)
«Polita izan zen iraun zuen bitartean», horiek izan dira Javi Dominguezek esandako hitzak. Ehunmilak lasterketaren buruan zihoan Dominguez, antolakuntzak proba neutralizatzeko erabakia hartu zuenean. Berak esan duenez, «zortea» izan zuen «ekaitzak harrapatu ez» zuelako. Antolakuntzak hartutako erabakiarekin «guztiz ados» agertu da, «segurtasuna lehenestea da garrantzitsuena eta hala egin dute». Ehunmiletako antolakuntzari dagokionez, «guztietan onena» dela nabarmendu du «Suertatutako egoera berezi honen aurrean ere erabakiak hartu eta erreakzionatzen jakin dute».
«Ebakuazio lanak direla eta, bikain aritu da antolakuntza»
Elena Calvillo (Ehunmiletako lasterkaria
«Pena handiz jaso genuen abisua, baina hala behar zuen, egoera txarrera egiten ari baitzen», horiek izan dira Elena Calvillo lasterkari beasaindarrak larunbat goizaldean egindako adierazpenak. «Antolakuntzarentzat gogorra izan bazen ere, hartu beharreko erabakia hartu» zutela ere esan du. «Gorlatik Azkaratera bidea hartu eta Izarraitz igotzen hasi ginenean, tantanak erortzen hasi ziren. Trumoiak eta tximistak ere hasi ziren handik aurrera», gehitu du. Izarraitzera iritsi zenean esan zioten lasterketa neutralizatu zutela. Ebakuazio lanak direla eta, «antolakuntza bikain» aritu dela nabarmendu du.
«Amorrua ematen duen erabakia, baina hartu beharrekoa zen»
Jon Aizpuru (EHM)
Ehunmiletako lasterketako 50 kilometro inguru eginak zituen Jon Aizpuruk proba eten zutenean. «Azpeitian elkartu ginen korrikalari guztiek begi onez ikusten genuen lasterketa bertan behera uztea», adierazi du. «Amorrua ematen duen erabakia da, baina hartu beharrekoa», gehitu du beasaindarrak. «Guk libratu genuen ekaitza, baina nabari zen Xoxote aldean trumoia ari zuela. Bailaraz pasatzerakoan eguraldia egonkortu egingo zenaren itxaropena genuen» esan du. «Atzetik zetozen korrikalariek, ordea, egoera oso txarra zela zioten, eta erabaki zuzena izan zen bertan behera uztea», nabarmendu du.
«Sentsazio onak nituen, horregatik eman zidan pena gelditzeak»
Koldo Agirre (G2H)
G2H lasterketako partaideetako bat izan da Koldo Agirre beasaindarra. «Segurtasuna oinarrizkoa» dela nabarmendu du. Aitortzen du nahiago izaten duela euritan lehiatu, baina pasa den ostiralekoa gehiegizkoa zela: «Zaldibiatik aurrera euri asko egin zigun. Aurrera joatea zaila zen». Agirre aurreko taldetxoan iritsi zen Larraitzera. «Sentsazio onak nituen, eta horregatik eman zidan pena gelditzeak. Hala ere, asmatu zutelakoan nago». Lasterketa hasi aurretik bazekiten ekaitzak joko zuela eta zailtasunak izango zirela. «Abisua emana zegoen eta bagenekien gainetan egoera makurra izango zela».
«Behin eta berriz galdetzen nien antolatzaileei ea egia ote zen»
Mayi Mujika (G2H)
Mayi Mujika urretxuarra, G2H lasterketan atera zen ostiral gauean. Ekaitzaren ondorioz egoera hain kaskarra zenez «bizpahiru aldiz galdu» zela nabarmendu du. «Ikusmena oso urria zen. Bi metrotik aurrera ez zen ezer ikusten», gehitu du. Sentsazio oso onekin, lasterketa buruan zihoan Mujika eta pena handiz jaso zuen antolakuntzaren erabakia. «Behin eta berriz galdetzen nien antolatzaileei ea egia ote zen lasterketa bertan behera gelditu zela. Ezin nuen sinetsi», azaldu du Mujikak. «Presiorik gabe ari nintzen lehiatzen. Iazko marka hobetu nahi nuen, eta lortzen ari nintzen, gainera» gehitu du.
«Antolatzaileentzat ere ez zen gozoa izango bertan behera uztea»
Gorka Mendia (EHM)
Gorka Mendia zumarragarrak bi aldiz egin du Goierriko Bi Handiak eta aurten lehenengoz Ehunmilak egin behar zuen. Lasterketa bertan behera uzteak «amorrua» eman zion, baina antolatzaileek erabaki zuzena hartu zutela uste du. «Hasieran trumoiak urruti entzun genituen, baina Hirukurutzetan jada gertu samar. Ez zegoen hala jarraitzerik. Urte osoa lasterketa prestatzen eman ondoren, amorrua eman zigun, baina ulertu genuen. Antolatzaileek lan handia egin dute eta beraientzat ere ez zen batere gozoa izango lasterketa bertan behera utzi beharra».
«Beharbada norbaiti zerbait gertatu zitzaiola pentsatu genuen»
Xabier Irazustabarrena (EHM)
Irazustabarrena zaldibiarrak ez zuen espero Ehunmilak bertan behera utziko zutenik. «Eguraldia trakestu egingo zela bagenekien, baina pasa egingo zela uste genuen. Xoxote inguruan zurrumurrua entzun genuen eta Azpeitian bertan behera gelditu zela konfirmatu ziguten. Beharbada norbaiti zerbait gertatu zitzaiola pentsatu genuen. Korrikan ari zarela ez zara arriskuaz jabetzen, baina erabaki zuzena izan zen». Irazustabarrenak taldeka parte hartu zuen eta lasterketa bertan behera gelditu zen unean bere taldea lehen postuan zihoan. Hala, atzo podiumera igo ziren.
«Uzteko asmoa nuen, baina 2019ko G2H proban parte hartuko dut»
Ainhoa Lasa (G2H)
Ainhoa Lasa urretxuarrak Goierriko Bi Handiak proban parte hartu zuen, lehen aldiz. «Irteeran ibilbidea aldatzea gerta zitekeela esan ziguten, baina ez nuen inondik inora espero bertan behera uztea. Larraitzen, ordea, lasterketa utzi behar genuela esan ziguten. Ez ginen arriskuaz jabetzen, pasako zela uste genuen, baina 15 bat segundoro tximista bat ikusten genuen. Pena, amorrua, sorpresa… sentitu nituen, baina ondoren antolatzaileek erabaki zuzena hartu zutela konturatu ginen. Lasterketa uzteko asmoa nuen, baina 2019ko Goierriko Bi Handiak proban parte hartuko dut».
«Hasieran erabakiak amorrua eman zidan, baina tximistak ikusita…»
Igor Auzmendi (G2H)
Igor Auzmendi ordiziarrak Goierriko Bi Handiak proban parte hartu zuen, zortzigarrenez. Ez zuen suspenditzea espero. «Bagenekien ekaitz arriskua zegoela, baina beste batzuetan ere eguraldi txarrarekin aritu gara. Dena den, Mikel Valdivielsok irten aurretik hartu beharreko erabakia hartuko zutela esan zuenean… Hasieran amorrua eman zidan, baina tximistak ikusita…». Denboraldia bukatutzat emateko asmoa zuen, baina asteburukoaren ondoren, irailean Pirinioetara joateko asmoa du. Eta datorren urtean berriro Goierriko Bi Handiak proban parte hartuko du, noski.
«Antolatzaileengan konfiantza nuen eta erabaki zuzena hartu zuten»
Ekaitz Lekue (G2H)
Lekue ormaiztegiarrak laugarrengoz parte hartu du Goierriko Bi Handiak lasterketan. Aurtengoa bezalakorik ez du sekula ikusi. «Gazteluko lepoaldean gauzak gaizki jartzen ari zirela ikusi genuen. Antolatzaileengan konfiantza nuen eta erabaki zuzena hartu zuten. 500 korrikalari Aralarren sartzen uztea astakeria galanta izango litzateke, gauez ez baitago erreskatea egiteko modurik». Lasterketa askotan parte hartu du eta sekula ez zaio halakorik tokatu. «Ez dut sekula hain egoera arriskutsurik bizi eta lehenengoz ikusi dut lasterketa bat bertan behera uzten».