Aurpegia jarri diote Katilu tabernako suhiltzaileari
Josu Agirre da Gorka Gomezen argazki erakusketan ezkutuan zegoen pertsonaia. Agirre oso ezaguna da legazpiarren artean. Ibilgailuak garbitzeko negozio bat du, eta ziklo-krosean mekaniko lanak egiten ditu.
Josu Agirre da Gorka Gomezek Katilu tabernan jarritako erakusketan izkutatu zuen pertsonaia. Astelehenean argitu zuen misterioa, eta oso-osorik jarri zuen ikusgai haren erretratua, suhiltzailez jantzita. Bizilagunak izenarekin taberna horretan egin duen erakusketako argazkietako bat zen, hamargarrena, eta aurpegia ezabatu zion, lehiaketa bat egiteko.
Ezkututako pertsonaia nor zen asmatu behar zen, eta horretarako hainbat gako ematen zituen. Horien artean, suhiltzailea izan ez arren, mahukarekin lan egiten zuela zioen. Pista hori erabakigarria izan da lehiaketan parte hartu duten askorentzat Agirre zela asmatzeko. Izan ere, autoak garbitzen egiten du lan, eta mahuka lanbide horretako tresna garrantzitsua da. Ezkerreko eskuarekin zigarroa heltzeko duen modua ere zirt edo zartekoa izan da.
Argazkietarako modelo
Josu Agirre Arrietak (Legazpi, 1982) ez zuen zalantzarik izan Gorkak egin zion proposamenari baiezkoa esateko. «Aurretik ere atera dizkit batzuk, eta oraingoan, lehiaketa bat egiteko esan zidanean, baietz esan nion», gogoratu du. «Suhiltzailez janzteko esan zidan, berak ekarri zuen guztia, eta aurrera. Asko disfrutatu dut». Modelo izateko ez du batere arazorik, «geroz eta gehiago gustatzen zait posatzea, baina arroparekin, eh!».
Oraingo lanarekin famatu egin da, askoren ahotan egon delako Katiluko erakusketa eta lehiaketa, baina Agirre aurretik ere oso ezaguna da herrian, duen lanbideagatik, afizio ugari dituelako eta hainbat jardueratan parte hartzen duelako.
Kotxe garbitzaile eta beste
Gaur duen lanbidea izan da, hain zuzen, argazki lehiaketaren gaia. Mahuka erabiltzen du, ez suak itzaltzeko, baizik eta kotxeak garbitzeko. Maiatzaren 6an urtea bete du Industrialdean, Aitxuri jatetxetik gertu Maikel Iriarteren pabiloian martxan duen Ibilgarbi negozioak. «Kotxeak, furgonetak, todoterrenoak… garbitzen ditut, barrutik eta kanpotik, baita tapizeria ere». Gustura dabil, lana badagoelako, «eguraldi txarrarekin ez hainbeste, baina ona egiten duenean, ezin ailegatu ibiltzen naiz». Zerbitzu «ona eta merkea» eskaintzea da gakoa, «kotxe txikia 40 euroan garbitzen dut, tapizeriarekin 20 euro gehiago». Txanda eskatu behar da 629 931 615 zenbakira deituta.
Aurretik, Zumarragako beste enpresa batean ibili zen kotxeak garbitzen, baita Legazpin ere Luis Mari Zurutuzarekin. Baina lanbide gehiago ere izan ditu Agirrek. Igeltsero izan zen Berritu enpresan, iturgin ere bai Guti iturgintzan, eta bi negutan gaztaina erreak saltzen ere jardun zuen, batean Jon Azpeitiarekin eta bestean Julen Gilekin.
Ziklo krosean mekaniko
Ziklo krosean ere ezaguna da Agirre, 20 urte daramatzalako mekaniko lanak egiten Iñaki Lizarazu urretxuarrarekin, hari lasterketetan laguntzen. Aitor Zabaleta Txipi legazpiarrarekin ere ibilia da, eta iaz Espainiko Kopa osoa egin zuen haren ondoan. Horrela ibiltzeko mekaniko lizentzia dauka aterata. Rallyetan asistentziak ere egin ditu, Jokin Madina eta Eneko Ausin herrikideei.
Bestetik, mendi bizikleta oso gustuko du, «baina duela gutxi lapurtu egin zidaten, eta ordutik gutxitan joan naiz». Maialen Moya eta Leire Madinarekin ibiltzen da askotan. Egundoko balentria egindakoa da, gainera, mendi bizikletarekin, «hemendik Donostiara joan ginen, mendiz mendi, lagunak. 73 kilometro, 2.500 metroko desnibela eta sei ordu. Egundoko paliza!».
Legazpiko erraldoien konpartsak ere gogoratuko du Agirrek bertan egin zituen urteak, «hamaika urte egin nituen, Manuel Uribetxeberria ‘Jalisko’ hil eta gero hasita. Garai konpartsa galtzekotan egon zen, bost katu ginen, baina aurrera atera genuen, eta gaur oso indartsu dabil».
Horrelako biografiarekin ez da harritzekoa Agirre hain ezaguna izatea Legazpin. Orain, Katiluko erakusketarekin, are ezagunagoa da.