«Gure esperientziatik hutsune bat bete nahi izan dut»
Haur abenturazaleen jakin-mina asetzeko bidaia-egunerokoak argitaratu ditu Ane Irisarrik (Beasain, 1987). Europako herrialdeei buruzko ikaskuntza bultzatzeko ariketa dibertigarriak bildu ditu.
Marketina ikasi zuen Ane Irisarri beasaindarrak, eta Alemaniara joan zen 2011 urtean alemaniera ikasteko helburuarekin. Bertan aurkitu zuena, bizimodua eta baldintzak gustatu, eta han bizi da harrezkero. Oporretan dago orain, eta Goierritik ere egin du sartu-irtena furgonetarekin edo kanperrarekin, Alemaniara itzuli aurretik. Bere azkeneko lana aurkeztu nahi izan du joan aurretik.
Zertan lan egiten duzu?
Marketinean aritu nintzen enpresa batean urteetan zehar, haurdun gelditu nintzen arte. Haurdunaldi bajan nengoela, bizitza birplanteatzen hasi nintzen. Haurraren ardura nire gain hartzea posible egingo zidan zerbait nahi nuen eta, La casa del caos [Kaosaren etxea] proiektua abiatu nuen, Youtuben eta Instagramen. Dekorazioa, elikadura, etxeko baratza txikia, artikulu desberdinei bigarren bizitza bat nola eman eta familian furgonetan egiten ditugun bidaien inguruko edukiak sortzen ditut, besteak beste. Estilo de vida low cost [Bizi-estilo merkea, euskaraz] izenburudun liburua ere argitaratu nuen, eta orain, bidaia-egunerokoak argitaratu ditut haurrei zuzenduta.
Nolatan?
Gure esperientziatik, hutsune bat bete nahi izan dut. Kanperrarekin bidaiatzen dugu, eta haurrek galdera mordoa egiten dizkigute: Zein estatutan gaude? Nolakoa da bandera? Zein hizkuntza hitz egiten da? Eta nola esaten da eskerrik asko hizkuntza horretan? Nire haurren beharrak asebetetzeko egunerokoen bila hasi nintzen, baina ez nuen ezer egokirik topatzen, helduentzako baitzen material gehiena. Bada, erabaki nuen nik neuk sortzea behar nuen material hori.
Zer nolako edukiak dituzte?
Euren jakin-minari erantzuteko ariketa erraz-errazak daude, Europako herrialdeen ingurukoak. Bidaian zeharreko esperientziak jasotzeko ataletan dago egituratuta; herrialdeka hain, zuzen ere. Lehen aipatutako galderei erantzuteko ataltxoak dituzte, herrialde bakoitzeko bandera margotzeko, argazkiak txertatzeko tokia ere bai… Eta, gainera, norberak margotzeko ilustrazio handiak ere gehitu ditut. Lau urtetik gorakoentzat da, eta familian osatzeko oso aproposak dira.
Bertsio desberdinak argitaratu dituzu.
Guk kanperrarekin bidaiatzen dugunez, Europa kanperrean izenburuarekin egin nuen lehena. Baina kontutan izanik bidaiatzeko beste modu batzuk ere badaudela, beste bi eguneroko gehiago egin nituen, Europa karabanan eta Europan zehar bidaiatzen izenburuekin. Eduki aldetik ez dute desberdintasun handirik, dena den.
Zein hizkuntzatan daude?
Euskaraz, gazteleraz, eta alemanez daude. Orain ingelesez ere argitaratzea pentsatzen ari naiz.
Liburuen bukaeran, zure bi haurrei eskainitako lan bat dela jartzen du. Zer esan dizute beraiek?
Oso pozik daude. Ilusio handia egiten die pentsatzeak beraiei eskainita daudela, baina, batez ere, beraiek bezala bidaiatzea eta bistatzen dituzten toki desberdinen inguruko jakin-mina asebetetzea gustuko duten beste haur abenturazale batzuentzat ere oso baliagarriak eta dibertigarriak izan daitezkeela.
Non eskuratu daitezke?
Amazonen daude eskuragarri, eta sare sozialen bidez nirekin harremanetan jarrita. Beasainen Mirentxu liburu dendan eta Seguran, Mukurukamper denda.
Honen ondoren, argitalpen gehiago egiteko asmorik baduzu?
Bildumarekin jarraitzea da asmoa. Herrialde desberdinen ingurukoak egin nahi ditut. Haurrei zuzenduta hasiera batean, baina helduentzako bidaia egunerokoa ere egin nahi dut. Azken hori, libreagoa izango da, haurrentzako materiala sortzean testuingurua gehiago zehaztu behar baita, marko handiagoa behar dute. Badauzkat ideia dezente, bai.