Muru Azpi eta Lakiola Aundi aurrez aurre
Agustin San Martin 'Txamar' izan da zirikatzailea. Erronka bota zion Luis Ibargureni, eta Muru Azpi eta Lakiola Aundi baserrien arteko giza proba da emaitza. Larunbatean da hitzordua, 12:30ean, ikastolako patioan.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/img_4356-1200x674.jpg)
“Desafioa» da hitza, batek dionez, «beroaldia» besteak zehazten duenez. Larunbatean 12:30ean, Muru Azpi eta Lakiola Aundi baserrietako taldeek giza proban neurtuko dituzte indarrak Haztegi Ikastolako patioan, Agustin San Martin Txamar-rek «beroaldian» Luis Ibargureni botatako «desafioan».
Txamar hasi omen zen «sua pizten», Muru elkartean biak urtarrileko gau batean afaltzen ari zirela, eta Ibargurenek «sua pizteko gutxi behar duenez», botatako desafioari baiezkoa esan zion. «Muru kontra Lakiola, giza proba egin behar dugu» esaldia izan zen hasiera. Baldintzak eta eguna jartzen hasi ziren ondoren, taldeak osatzen gero, argazkiak, entrenamenduak, baimen eskaerak, laguntzaileak, zozketa… Dena prest dago dagoeneko, eta hitzordurako hiru egun falta dira.
Bi taldeetako kideak
Giza probek duela urte batzuk goraldia izan zuten garaian, Legazpiko taldean ibili zen lehian Luis Ibarguren, eta aurrerago baita horren seme Josu ere, San Ignazio auzoko festetan egindako norgehiagoketan. Muru baserritik ere ibilia da Eneko Telleria kirol horretan. Horregatik, agian, bakoitzak bere etxean esandakoan ez zuten ezezkorik jaso, eta taldeak osatzen hasi ziren. Lakiolakoek «etxeko abizenaren alde» egin dute, eta partaide guztiak Ibarguren abizenekoak dira. Murun, aldiz, «askeagoak» izan dira alde horretatik, eta «lehengusuekin ezkondutakoak ere» sartu dituzte, tartean senegaldar bat.
«Baldintzak berak jarri ditu, eta harria ere bere terrenora ekarri dugu»
Luis Ibarguren. Lakiola Aundi baserria
Lakiola Aunditik Luis bera eta Iñaki, Pello eta Mikel anaiak prestatu dira. Taldea horrela osatu dute: Luis, Josu eta Ander aita-semeak, Iker eta Unai (Pelloren semeak), Xabier eta Beñat (Iñakiren semeak) eta Jon lehengusua. Pello kronometroarekin arituko da, Iñaki ordezkoa da eta Mikelek botilero lanak egingo ditu. Denek dute Ibarguren lehen abizentzat.
Muru Azpin Telleria da erreferentziazko abizena, eta «postizoak» ere sartu dituzte taldean: Aner eta Aimar Telleria, Joseba Lopez, Luken Idigoras, Beñat Aierbe, Sebas Kerejeta, Joseba Gabilondo eta Inhar Barroso. Kronometroarekin Eneko Telleria ibiliko da, eta ordezkoa Maip Diop izango da. Txamar bera ez da animatu, «marketin lanetara mugatu naiz azkenean!».
Probaren xehetasunak
Probarako baldintzak Txamarrek jarri ditu. Hala, talde bakoitzak zortzi kide ditu, eta ordezkoak; zortziren artean 680 kilo pisatu behar dituzte gehienez, 85 kilo batez beste. Harriak 800 kiloko pisua du. Lakiolan zuten gordeta, baina Oslan enpresara jaitsi dute, eta bertako instalazioetan dabiltza entrenatzen bi taldeak. «Horretan ere etsi dugu» dio Ibargurenek, «baldintzak berak jarri ditu, eta harria ere bere terrenora ekarri dugu». Txamarrek ezin duela konparatu erantzun dio, «nik kristoren lanak egin ditut: udaletxera joan, lekua adosteko, hasieran urtegian egiteko esan zidaten, baina azkenen ikastolako patioa lortu dut; hesiak ere eskatu behar izan ditut…».
«Nik kristoren lanak egin ditut: udaletxera joan, lekua adosteko, hasieran urtegian egiteko esan zidaten, baina azkenen ikastolako patioa lortu dut»
Agustin San Martin. Muru Azpi baserria
Plazaren neurriak bien artean adostu dituzte, eta 20 metroko bidea ezarri dute. Talde bakoitzak 15 minutu izango ditu, eta denbora horretan plaza gehien egiten dituenak irabaziko du proba, eta desafioa. Txaparen jaurtiketa bidez erabakiko dute zein taldek egingo duen proba lehenengo. Txapa bera ere, prest dute.
Arbitro lanak Toribio Kerejeta zumarragarrak egingo ditu, Joseba Etxaniz idazkari lanetan egongo da, eta Jokin Matxinandiarena izango da speaker-ra edo aurkezlea.
Festa giroan
Lakiola eta Muru baserrien arteko desafioak festa kutsua izango du beste ezer baino gehiago. Saririk ez dago, eta galtzen duenak arkume jana ordaindu beharko dio irabazleari. «Horixe da jokoan duguna. Hori, eta ohorea, noski» diote bi ordezkariek.
Publikorik ez da faltako, ziur. Sarrera dohainik izango da, eta kirolariak harriari tiraka egiten duten denbora gozatzeko, pintxoak eta edatekoa izango dituzte eskura. «Murukoak tabernari mundialak direla esan zuen Txamarrek, eta horretaz arduratuko zirela agindu zuen. Ea hitza betetzen duen», gogoratu dio Ibargurenek. Bazkaria ere Murukoek prestatuko dute.
Proba amaitzean, inguruko ekoizleen produkturekin osatutako saskia zozkatuko dute. Karibe Zaharra tabernan daude salgai txartelak, eta egunean bertan ere erosi ahal izango dira.