Errugbi taldearen garagardo azoka hasiko da bihar Ordizian
Ostegunetik larunbatera egongo da irekita garagardo azoka, 18:00etatik 00:00etara bitartean. Igandean Ordizia Rugby Elkartearen eguna ospatuko dute.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/ordiziako_garagardo_azoka-1200x800.jpg)
Errugbia eta garagardoa elkarren ondoan izaten dira sarritan, eta bihartik larunbatera ere horrela izango da Ordizian. Berritasun bat baino gehiagorekin dator aurten. Batetik, hiru egunetan egingo da bakarrik, ostegunetik larunbatera. Igandea, Ordiziako errugbi elkartearen 50. urteurrena ospatzeko eguna izango baita.
Bestetik, garagardoetan, bertako garagardo aukera zabala izango da aukeran, Basque Beer elkartearen eskutik. «Aurten nazioarteko 14 garagardoz gain, euskal garagardotegietako 12 garagardo berezi ere izango ditugu gure artean, zaleentzako berebiziko aukera bat osatuz».
Antolatzaileek aurreratu dutenez, garagardoaz gain, aurten Euskal Sagardoa ere izango da dastagai.
Jatekoan aldaketak
Jatekoetan ere izango da berritasunik: «Aurten produktu guztiak euskal jatorrikoak izango dira, gure babesleen eskutik bertako txerriki, behiki, oilasko, arrautza, patata, postre, ogi eta abarrez osatutako menu goxoa izango dugu». Jatekoa etxera eramateko aukera izango da, eta beganoek ere izango dute non aukeratua.
Ostegunetik larunbatera, 18:00etatik 00:00etara bitartean egongo da zabalik Beti Alai pilotalekuko garagardo azoka. Larunbatean, The Burrunbazale Fat Duchmenek alaituko du giroa.
Bestalde, larunbaterako iragarrita zegoen beteranoen errugbi txapelketa bertan behera geratu dela jakinarazi du Ordizia Rugby taldeak sare sozialetan.
Igandea, klubaren eguna
Aurten igandea, Ordizia Rugby Elkartearen eguna ospatzeko erabiliko dute. 50. urteurrena ospatuko dute garagardo azokako azpiegitura aprobetxatuz. Jokalari, zale, bazkide, guraso, laguntzaileen… festa izango da. Izena eman behar da aurrez. «Menua oraindik zehazteko dago, baina honen kostua 10 euro izango dira».l