Latxartegiko igogailu publikoa, energetikoki autosufiziente izateko bidean
Legazpiko Udalak autokontsumorako 36 panel fotovoltaikoak instalatuko ditu bertan. Ekain Taldeak egingo ditu lanak, 28.000 euro inguruko aurrekontuarekin, Lanak bi astetan egingo dituzte.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/plakakpasarelan-alonso-oskarps-1200x762.jpg)
Legazpiko Udalak energetikoki autosufiziente bihurtuko du Latxartegiko igogailu publikoa, eta horretarako, autokontsumorako 36 panel fotovoltaiko instalatuko ditu bertan. Udal politikaren helburuetako bat beteko du horrela, hau da. energia alternatiboen bidez energia aurreztea eta elektrizitatea ekoiztea. Ekain Taldeak egingo ditu lanak, 28.000 euro inguruko aurrekontuarekin, eta instalazio lanak bi astez luzatuko dira.
Panel fotovoltaikoak igogailuko pasabidearen estalki gainean jarriko dituzte. Panel horiek 425 Wp-koak dira, eta 15,3 kWp-ko potentzia-erregimenean sortuko dute energia. Guztira 72 metro koadroko azalera hartuko dute, eta igogailuaren funtzionamenduan eta sarrerako pasabidearen argiterian kontsumitu ohi den energiaren %153 ekoizteko aukera emango dute. Hau da, igogailuaren kontsumo elektriko osoa estaltzeaz gain, %53ko soberakina aurreikusten da. Soberakin hori urtean 4.500 kWh ingurukoa da, eta udalak beste instalazio publiko batzuetarako erabili ahal izango du.
Diru aurrezkia eta ingurumen inpaktuan eragina
Instalazio horrek diru-kutxa publikoan urtean 3.000 euro inguru aurreztea ekarriko du faktura elektrikoan. Gainera, ingurumen-inpaktuan ere izango du eragina, urtean 96 tona C0² isurtzea saihestuko delako, hau da, 384 zuhaitz landatzea bezala.
Ekain Taldeak egingo du obra, bi asteko iraupenarekin. Egitura egiteko inbertsioa 6.400 eurokoa izango da, eta 21.347,11 eurokoa panelen instalazioa.
Latxartegiko igogailua 2010ean jarri zen. Legazpiko lehen igogailu publiko honek 18,80 metroko desnibela gainditzen du, eta hirigunea Juanastegi kalearekin lotzen du 45,77 metroko luzerako pasabide baten bidez.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/06/latxartegiko_igogailua-500x375.jpg)
Latxartegiko igogailua. TERE MADINABEITIA