Ezkio-Itsasoko nekazaritza lurrak mugatzeko lanak bukatzear daude
Ezkio-Itsasoko nekazaritza lurrak mugatzeko prozesua bukatzear dago jada. 233 lur jaberen sailetako lanak amaituta daude eta jabegoak entregatuta. Guztira 1.970 hektarea. Ezkio-Itsasoko Udaleko Nekazaritza zinegotzi Inaxio Galdosek jakitera eman duenez, «lur jabeek egin beharreko lanak bukatuta daude eta teknikariei dagokie orain falta diren lanak egitea». Ezkio-Itsasoko nekazaritza eremuko lurren egoera oso irregularra zen duela gutxi arte. Izazpiko lurrak larre toki bihurtzeko antolaketa lanak egiten hasi zirenean konturatu ziren Udaleko kideak arazoaren tamainaz: katastroko partzela-planoan lursailak markatzen zituzten muga gehienak gaizki zeuden; partzela batzuk nahastuta zeuden eta lursai bateen kasuan jabearen izena aldatuta zegoen, baita zenbait baserriren kasuan ere. Ez ziren agertzen benetan dauden partzela guztiak, bazeuden eskrituratu gabeko lursailak, baita erregistratu gabeak ere. Sail askoren mugak nondik nora zihoazen inork ez zekien; baziren partzela-planoan azaltzen ez ziren sail batzuen eskriturak, baina sail horiek non zeuden ez zekiten jabeek ere. Lursailak erabat zatikatuta zeuden, batez ere basoetako zenbait eremutan. Guzti horregatik herriko nekazaritza-lurrak antolatzeko plangintza egin zuen Udalak. Batzarrak lur jabeekin Hiru batzar egin zituzten lursailen jabeekin, bi Ezkioko Igartubeitin eta bat Itsason. Horietatik lehenengo biak informatiboak izan ziren. Hirugarren batzarra prozesua martxan jartzeko helburuarekin egin zuten 2010eko martxoaren bukaeran eta 120 bat lur jabe elkartu ziren bertan. Jabe bakoitzari bere [...]
Ezkio-Itsasoko nekazaritza lurrak mugatzeko prozesua bukatzear dago jada. 233 lur jaberen sailetako lanak amaituta daude eta jabegoak entregatuta. Guztira 1.970 hektarea. Ezkio-Itsasoko Udaleko Nekazaritza zinegotzi Inaxio Galdosek jakitera eman duenez, «lur jabeek egin beharreko lanak bukatuta daude eta teknikariei dagokie orain falta diren lanak egitea».
Ezkio-Itsasoko nekazaritza eremuko lurren egoera oso irregularra zen duela gutxi arte. Izazpiko lurrak larre toki bihurtzeko antolaketa lanak egiten hasi zirenean konturatu ziren Udaleko kideak arazoaren tamainaz: katastroko partzela-planoan lursailak markatzen zituzten muga gehienak gaizki zeuden; partzela batzuk nahastuta zeuden eta lursai bateen kasuan jabearen izena aldatuta zegoen, baita zenbait baserriren kasuan ere. Ez ziren agertzen benetan dauden partzela guztiak, bazeuden eskrituratu gabeko lursailak, baita erregistratu gabeak ere. Sail askoren mugak nondik nora zihoazen inork ez zekien; baziren partzela-planoan azaltzen ez ziren sail batzuen eskriturak, baina sail horiek non zeuden ez zekiten jabeek ere. Lursailak erabat zatikatuta zeuden, batez ere basoetako zenbait eremutan. Guzti horregatik herriko nekazaritza-lurrak antolatzeko plangintza egin zuen Udalak.
Batzarrak lur jabeekin
Hiru batzar egin zituzten lursailen jabeekin, bi Ezkioko Igartubeitin eta bat Itsason. Horietatik lehenengo biak informatiboak izan ziren. Hirugarren batzarra prozesua martxan jartzeko helburuarekin egin zuten 2010eko martxoaren bukaeran eta 120 bat lur jabe elkartu ziren bertan. Jabe bakoitzari bere lursailaren planoak banatu eta eman beharreko urratsak zerrendatu zizkioten.
Galdos Ezkio-Itsasoko Nekazaritza zinegotziak jakitera eman duenez, hiru izan dira lur jabeek egin beharreko lanak: Batetik, lu sailen mugetan egon zitezkeen okerrak zuzendu eta zalantzak argitu. Bestetik, mugak finkatu eta adostu, mugakideekin hitz eginda. Zalantza kasuetan laguntza emateko eta lanak koordinatzeko teknikari bat izan da udaletxean. Lau teknikarik osatutako Arbitraje Batzordea ere aritu da lanean (aldez aurretik aipatutako teknikaria Arbitraje Batzordeko kide ere bada). Eta hirugarrenik, baserritaren beraien artean mugak garbitzea, GPSarekin puntuak hartu behar dituen teknikaria lursailen mugetara erraz iritsi ahal izateko.
Hasiera batean lanak egiteko sei hilabeteko epea jarri zuen Ezkio-Itsasoko Udalak, baina gerora lan eskerga zegoela ohartuta, bederatzi hilabetera arte luzatzeko erabakia hartu zuen.
Desadostasun kasuak
Gipuzkoako Baso Elkartea kontratatu zuen Ezkio-Itsasoko Udalak lanak egiteko eta beraz, bertako baso-teknikariak hartu dituzte beraien gain koordinaketa lanak eta GPSarekin egin beharreko lanak.
Arbitraje Batzordea bestalde, Udalak ordaindu du. Desadostasunak dauden kasuetan ebazpena emateaz arduratzen da batzorde hori. Galdosek azaldu duenez, junta hori aktibatzeko mugakideek fidantza jartzeaz gain, ebazpena onartzeko konpromisoa hartu behar dute. «Ebazpena iritsitakoan baten batek atzera eginez gero, lur jabe horrek fidantza galdu egingo luke. Ebazpena onartuz gero berriz, fidantza bueltatu egingo litzaieke bi jabeei eta Udalak ordainduko lituzke gastuak».
Orain arte bitan «bakarrik» lan egin du Arbitraje Batzordeak. «Horietatik batean bi lurjabeek ebazpena onartu egin zuten eta beraz, kasua itxita dago. Bestean, Arbitraje Batzordeak ebazpena eman zain daude lur sailen jabeak» gehitu du Galdosek.
Lurren gehiengoa mugatuta
Ezkio-Itsasok 2.122 hektarea ditu guztira. Horietatik 93 hektarea dira eremu urbanoa, industrigunea eta azpiegiturak. Nekazaritzako lursailek berriz, 2.029 hektarea hartzen dituzte. Horietatik zortzi hektarea dira herriarenak eta gainerako guztia berriz, pribatua. Galdosen arabera « lursailak mugatzeko prozesu honetan 59 hektarea inguru gelditu dira egin gabe, lur jabe batzuen partetik interesik ez delako izan edota kasu bakan batzutan lursail batzuen jaberik ez delako agertu».
Lurjabeek egin beharreko lanak bukatuta daude. Teknikariei dagokie 1.970 hektarea horiek GPS bidez finkatzea. 1.000 hektarea pasa jasota daude jada. Lan hori bukatu ondoren, planoak egin eta lur jabeei entregatuko zaizkie. Gero planoak ikusi, onarpena eman eta katrastrora bidaliko dituzte, Ezkio-Itsasoko partzela zehatza definitu dezaten. Udalak maiatzerako jada lur jabeei planoak entregatuta izatea eta beraz, horrekin lan denak bukatuta edukitzea aurreikusten du.
Gustura emaitzarekin
Galdosek jendeak izandako borondatea eta jarrera azpimarratu ditu «hori izan baita herrian proiektu hau martxan jartzera bultzatu gaituena». Bestalde, aitortu du «lan handia» suposatu duela lur jabeentzat. «Auzo lan ikaragarria izan da» eta baita teknikarientzat ere. Baina oso gustura dago lortutako emaitzarekin. «Behar-beharrezkoa da nekazaritza lurrak antolatuta izatea, basoak saldu eta erosteko, landaketak egiteko edota beste hainbat izapideetarako (tramite)». Azken finean, egin beharreko lana da bere hitzetan, «betirako hor geratuko dena». Eta bere ustez herri askoren eredu izan daitezke egindakoarengatik.