Aitor Aldasoro da EAJren hautagaia Beasaingo Udalerako
Bi legealditan Beasaingo Udalean zinegotzi lanetan aritu den Aitor Aldasoro Iturbe da EAJ alderdiaren hautagaia Beasaingo Udalerako. Goizean egin dute hautagaia aurkezteko ekitaldia Batzokian, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakaria bertan zela. Atzo gauean Bilduren zerrendak baliogabetzeko hartutako erabakiaren inguruko iritzia emanez hasi du agerraldia Aldasorok. “Demokrazia irizpideak aintzakotzat hartuta, herritar orok buruan duen aukera bozkatu ahal izatea garrantzizkoa” dela aipatu du Aldasorok, “den alderdia dela ere, ordezkaritza oso batek udalaren lana beti zabalagoa eta errealagoa egiten duelako”. “Herritar talde bat” Beasainen Eusko Alderdi Jeltzaleak aurkeztu duen zerrenda, “herritar talde bat” dela argitu du alderdiko hautagaiak: “Herrian bizi garen jendea gara eta herriaren alde lan egiteko ilusioa daukan jendea, herria hobetzeko ilusioa daukana, Beasain hobetzeko”. Azken lau urte hauetan herriak hobera egin duela ere aipatu du, eta “kanpotik datorrenarentzat beharbada hirigintza aldetik eman badira ere pausoak, gure ezaugarri nagusietako bat elkarbizitza da, pertsonak, eta horregatik, hirigintza aldetik ematen ditugun pausoak pertsonaz betetzeak betetzen gaitu gu ere”. Beasainen azken lau urteetan eman den hobekuntza, “bide horretatik” eman dela gaineratu du Aldasorok. Aurrera begira dituzten proiektuak Emandako hobekuntzak direnak direla ere, “aurrera begira zer eginik ere badago” oraindik hautagaiaren arabera. Aurrera egiteko bide horretan ari dira programa prestatzen EAJren hautagaiak, eta datozen [...]
Bi legealditan Beasaingo Udalean zinegotzi lanetan aritu den Aitor Aldasoro Iturbe da EAJ alderdiaren hautagaia Beasaingo Udalerako. Goizean egin dute hautagaia aurkezteko ekitaldia Batzokian, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakaria bertan zela.
Atzo gauean Bilduren zerrendak baliogabetzeko hartutako erabakiaren inguruko iritzia emanez hasi du agerraldia Aldasorok. “Demokrazia irizpideak aintzakotzat hartuta, herritar orok buruan duen aukera bozkatu ahal izatea garrantzizkoa” dela aipatu du Aldasorok, “den alderdia dela ere, ordezkaritza oso batek udalaren lana beti zabalagoa eta errealagoa egiten duelako”.
“Herritar talde bat”
Beasainen Eusko Alderdi Jeltzaleak aurkeztu duen zerrenda, “herritar talde bat” dela argitu du alderdiko hautagaiak: “Herrian bizi garen jendea gara eta herriaren alde lan egiteko ilusioa daukan jendea, herria hobetzeko ilusioa daukana, Beasain hobetzeko”.
Azken lau urte hauetan herriak hobera egin duela ere aipatu du, eta “kanpotik datorrenarentzat beharbada hirigintza aldetik eman badira ere pausoak, gure ezaugarri nagusietako bat elkarbizitza da, pertsonak, eta horregatik, hirigintza aldetik ematen ditugun pausoak pertsonaz betetzeak betetzen gaitu gu ere”. Beasainen azken lau urteetan eman den hobekuntza, “bide horretatik” eman dela gaineratu du Aldasorok.
Aurrera begira dituzten proiektuak
Emandako hobekuntzak direnak direla ere, “aurrera begira zer eginik ere badago” oraindik hautagaiaren arabera. Aurrera egiteko bide horretan ari dira programa prestatzen EAJren hautagaiak, eta datozen egunetan aurkeztuko dute. Aurrerapen gisa hainbat xehetasun eman ditu Aldasorok, goizean egindako agerraldian.
Langabeziak herrian sortzen duen kezka kontuan hartuta, “ikasketak burutzeko, ikerketan aurrera egiteko eta sormenari bide egiteko, herriko gazteei guneak eskaintzea” izango da EAJren proposamenetako bat. Aparkalekuen inguruko arazoari irtenbidea ematea ere beharrezkoa ikusten dute jeltzaleek.
Hizkuntzaren erabilera sustatzeko, “orain arte bezala gune hegemonikoak sortzea” beharrezkoa iksuten dute, “bertatik euskara zabaltzeko eta gure nortasunean aurrerapausoak emateko”. Pertsona helduak ere kontuan hartzeko irizpideak aipatu ditu Aldasorok: “Ikusten dugu 2020rako ia herritarren zati handi bat 60 urtetik aurrekoa izango dela, eta hor ere badatorkigu zerbait. Ezinbestekoa izango da etxeko lanak aurretik egin eta zerbitzuak eskaintzea”.
Ideia guzti horiekin aurrera egiteko, “ezinbestekotzat” ditu pertsonak Beasaingo EAJ-k. Pertsona horien artean “aurreko legegintzalditik eta udaletik herriaren alde eskarmentua duen jendea” dagoela aipatu du Aldasorok.
EAJren zerrenda osoa, eta Beasaingo eta Goierriko zerrenda guztiak ikusteko, sartu Goierriko Hitzaren webgunean.
Bildu baliogabetzea “erabaki politikoa” dela dio Joseba Egibarrek
EAJ herririk-herri hautagaiak aurkezten ari da azken egun hauetan, Joseba Egibarrek azaldu duenez, “gure egitasmoak eta gure aldarri nagusia azaldu nahiean”. Beasaingo hautagaiaren aurkezpenean izan da gaur Egibar eta bertan egindako adierazpenetan, Bildu koalizaioa baliogabetzea “lehenengo momentutik erabaki politikoa” izan dela esan du Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak.
“Supremoak ezarritako debekua” kritikatu du Egibarrek, eta EAJ erabakiaren aurka dagoela adierazi du: “Orain baten batek erabakia mozorrotu zezakeen, epaileak hau edo beste esan dutenak direla esanez”. Egibarren arabera, epaileek jarri diote jantzia erabakiari, baina “erabakia politikoa da, Zapatero Gobernu Buruak eta PP-k hartutako erabakia”.
PSOEk eta PPk duten estrategia luzatzea da erabakiaren helburua Egibarren ustez, “nahiz eta jakin herrialde honetan eta herri honetako herritarrei esker garai berri baten atarian egon gaitezkeela”. Alderdi Sozialistak eta Popularrak euskal politikagintza kontrolatzeko duten nahia ere azpimarratu du GBBko lehendakariak, “jakin badakitelako Bildu, edo bere oinordeko izan daitekeen sigla bat, aurkezteko moduan dagoen momentutik, euren estrategia amaitu dela”.
Horregatik, EAJk, ostegun gauean, edo lehenago, “Supremoak jarri duen debekua Konstituzionalak altxatzea” espero du: “Onartezina da hainbeste hautagaitza, hautagai, gizon eta emakume hauteskundeetara aurkeztu nahiean egon, baldintza guztiak bete eta interes politikoengatik ez uztea”.