Domingo Goiburuk jaso du gazta onenaren saria, Idiazabalen
Domingo Goiburu artzainak irabazi du Gazta Egunaren barruan Idiazabalen egindako Gazta Txapelketa herrikoia. Bi euro ordainduta herritarrek zein bisitariek hainbat gazta dastatu eta bozka emateko aukera izan zuten. Jende gehienaren ustez, idiazabaldarrarena izan zen onena. Bigarren Lopez Azpilikueta geratu zen eta hirugarren Otegi Labaka. Postu dotoreenaren saria berriz, Idiazabalgo Aranburu Elkarteak eskuratu zuen. Bigarren, Eli Elgarresta geratu zen eta hirugarren Mikel Etxezarreta. Gazta dastatzeko aukera Igandean goizeko hamarretan ireki zituzten artzainek postuak. Bi euro ordaindu ondoren sei pintxo gazta dastatzeko aukera izan zuen jendeak. Guztien artean gustukuena aukeratu eta haren antzekoa artzainari erostera animatu zirenak asko izan ziren. Gaztaz gain, mamia probatzeko aukera ere eman zuten antolatzaileek eta jendeak ez zuen aukera galdu nahi izan. Gainerakoan, artzain lanbidea ezagutzeko eta izan duen bilakaera bertatik bertara ikusteko aukera ere izan zen igandean Idiazabalen. Horrela, goizeko hamaiketatik aurrera artzainak gazta egiten aritu ziren herriko plazan, era zaharrean zein modernoan. Luis Katarain artzaina berriz, artilezko galtzerdiak egiten aritu zen haien ondoan. Jendeak galderak egiten zizkion eta hark pozik erantzuten zien. Ordu erdi beranduago gazta ketzen eta ardi mozten hasi ziren hainbat artzain. Txomenarena parkean horretarako prestatutako txabolatxoan ketu zituzten gaztak. Artzainak ketutakoak zein ketu gabeak eskuetan hartu eta bertan bildutakoei azalpenak eman zizkien. [...]
Domingo Goiburu artzainak irabazi du Gazta Egunaren barruan Idiazabalen egindako Gazta Txapelketa herrikoia. Bi euro ordainduta herritarrek zein bisitariek hainbat gazta dastatu eta bozka emateko aukera izan zuten. Jende gehienaren ustez, idiazabaldarrarena izan zen onena. Bigarren Lopez Azpilikueta geratu zen eta hirugarren Otegi Labaka. Postu dotoreenaren saria berriz, Idiazabalgo Aranburu Elkarteak eskuratu zuen. Bigarren, Eli Elgarresta geratu zen eta hirugarren Mikel Etxezarreta.
Gazta dastatzeko aukera
Igandean goizeko hamarretan ireki zituzten artzainek postuak. Bi euro ordaindu ondoren sei pintxo gazta dastatzeko aukera izan zuen jendeak. Guztien artean gustukuena aukeratu eta haren antzekoa artzainari erostera animatu zirenak asko izan ziren. Gaztaz gain, mamia probatzeko aukera ere eman zuten antolatzaileek eta jendeak ez zuen aukera galdu nahi izan.
Gainerakoan, artzain lanbidea ezagutzeko eta izan duen bilakaera bertatik bertara ikusteko aukera ere izan zen igandean Idiazabalen. Horrela, goizeko hamaiketatik aurrera artzainak gazta egiten aritu ziren herriko plazan, era zaharrean zein modernoan. Luis Katarain artzaina berriz, artilezko galtzerdiak egiten aritu zen haien ondoan. Jendeak galderak egiten zizkion eta hark pozik erantzuten zien.
Ordu erdi beranduago gazta ketzen eta ardi mozten hasi ziren hainbat artzain. Txomenarena parkean horretarako prestatutako txabolatxoan ketu zituzten gaztak. Artzainak ketutakoak zein ketu gabeak eskuetan hartu eta bertan bildutakoei azalpenak eman zizkien. Itxurari eta zaporeari dagokinean dituzten desberdintasunak izan zituen hizpide.
Ardi moztea, eskuz eta makinaz egin zuten. Era batean zein bestean trebeak direla erakutsi zuten artzainek.
Omenaldia Goibururi
Ordu batean urtero bezala, herriko artzain bat omendu zuten. Aurten Domingo Goibururen txanda izan da. Omenaldia jasota eta gazta onenaren saria etxeratuta, bera izan zen eguneko protagonista. Gustura zegoen Goiburu eta ekitaldiaren tarte batean bertsoa botatzera ere ausartu zen.