Behiak mendira bidean.
Azken asteetan egindako euriaren eta haren ondoren ateratako eguzkiaren ondorioz, udaberrian Aralarren primerako larreak egongo direla pentsa liteke. Ganaduzale eta artzainak abereak mendira igotzeko desiratzen egoten dira, maiatzaren lehena noiz iritsiko zain; batetik, lan gutxiago izaten dutelako, eta bestetik, ganaduarentzat osasungarria delako oso udaberria eta uda mendian pasatzea. Bada, atzoz geroztik zabalik daude Aralarko goi-larreak, eta udazkena bitarte 18.000 ardi, 800 behi eta 700 zaldi-behor larratuko dira bertan.
Abaltzisketako Larraitz auzoko Zamao atsedenlekua izaten da Aralarko larreak irekitzeko festatokia. Hamarretarako zabalik zeuden jaki eta artisau postuak, eta pixkanaka jende mugimendua gero eta nabariagoa zen. Zaldibia aldetik igota, 11:30erako, dozenaka auto zeuden Gaintzako bidegurutze inguruan aparkatuta. Eta ordu horretantxe hasi zen Mendiko Behor eta Zaldien Gipuzkoako II. Lehiaketa. Aitzol Mendizabal idiazabaldarrak jaso zituen zaldi eta behorretako sari nagusiak, eta ganaduaren baserritartasunari dagozkion sariak, berriz, Asentsio Otamendi abaltzisketarrarentzat (zaldietan) eta Jabier Jauregi zaldibiarrarentzat (behorretan) izan ziren. Abereen basa-itxura hartzen dute aintzat zaldi eta behorren baserritartasuna neurtzerakoan.
Aimendiren marka-jartzea
Hamabietarako jendea zain zegoen Aralarrera igo zen lehen behi taldearen pasaera ikusteko. Baina nahi baino gehiago atzeratu zen, eta beste konturik ez zen jendearen ahotan. Azkenean, 12:30ak aldera, Luis Mari Zaldua Gipuzkoako Parketxe Sareko zuzendariak bota zuen suziria, eta hasiera batean behiek ihes egiteko imintzioa egin bazuten ere, urterokoaren moduko argazkia ikusi ahal izan zen langa inguruan.
Migel Mari Sagastume Aimendi artzain amezketarraren marka-jartzea zen ikusmina piztu zuen beste ekitaldia. Aintzinako erara, argoraizeak erabiliz, 40 kilotik gorako zortzi ardi zenbat denboran mozteko gai zen erakutsi behar zuen. 20:18 segunduan bukatu zuen lana, baina 30 segunduko zigorra jasota, 20:48an geratu zen marka. Festa arratsaldera arte luzatu zen Larraitzen.