Zabor arrunta astelehenetan bakarrik jasoko dute Itsasondon, birziklapena bultzatzeko
Zabor arruntaren bilketaren sistema aldatu egingo dute Sasieta Mankomunitateak eta Itsasondoko Udalak, Itsasondon. Zaborraren kontenedore berdea kendu egingo dute herriko hamar irla edo edukiontzi guneetatik, eta horien ordez euskarri bana jarriko dituzte. Etxebizitza bakoitzarentzat zenbakiz identifikatuta egongo dira kakoak, zutabean. Astean behin, astelehenetan, bilduko du kamioiak zabor arrunta. Herritarrentzat desberdintasun handiena zaborraren edukiontzi berdea desagertzea izango da, eta errefusa edo birzikla ezin litekeen hondakina astelehenetan 19:00etatik 22:00etara soilik atera ahalko dutela. Etxean kubo grisa jasoko dute itsasondoarrek, organikoaren neurri berekoa, eta euskarrian zintzilik utzi behar dute, bilketako kamioiak hustu ondoren biharamunean atzera etxera eramateko. Asteko beste egunetan ezin da zaborra euskarrietara atera. Birzikla daitezkeen gaiak han uzten badira, ez dituzte eramango. Bilketa orokorra astelehenetan den arren,salbuespena egingo dute ume txikien edo adinekoen pardelen kasurako, eta beste bi egunetan ere atera daitezke: asteazkenetan eta ostiraletan. Garbitasuna «kontuan hartu» duela esan du Sasietak. Gainontzeko zazpi gaien edukiontziak –organikoa, beira, papera, ontziak, arropa, olioa eta pilak– orain arte bezala geratuko dira, egunero eta uneoro erabilgarri. Herritarrek zer eta nola egin behar duten esplikatzen ari dira orain Sasietaren bi hezitzaile etxerik etxe, eta udazkenera arte udaletxean egongo dira laguntza emateko. Informazio dosierrak banatzen eta zalantzan argitzen ari dira, «harrera oso onarekin». Zabor arruntaren trataeraz [...]
Zabor arruntaren bilketaren sistema aldatu egingo dute Sasieta Mankomunitateak eta Itsasondoko Udalak, Itsasondon. Zaborraren kontenedore berdea kendu egingo dute herriko hamar irla edo edukiontzi guneetatik, eta horien ordez euskarri bana jarriko dituzte. Etxebizitza bakoitzarentzat zenbakiz identifikatuta egongo dira kakoak, zutabean. Astean behin, astelehenetan, bilduko du kamioiak zabor arrunta.
Herritarrentzat desberdintasun handiena zaborraren edukiontzi berdea desagertzea izango da, eta errefusa edo birzikla ezin litekeen hondakina astelehenetan 19:00etatik 22:00etara soilik atera ahalko dutela. Etxean kubo grisa jasoko dute itsasondoarrek, organikoaren neurri berekoa, eta euskarrian zintzilik utzi behar dute, bilketako kamioiak hustu ondoren biharamunean atzera etxera eramateko. Asteko beste egunetan ezin da zaborra euskarrietara atera. Birzikla daitezkeen gaiak han uzten badira, ez dituzte eramango.
Bilketa orokorra astelehenetan den arren,salbuespena egingo dute ume txikien edo adinekoen pardelen kasurako, eta beste bi egunetan ere atera daitezke: asteazkenetan eta ostiraletan. Garbitasuna «kontuan hartu» duela esan du Sasietak. Gainontzeko zazpi gaien edukiontziak –organikoa, beira, papera, ontziak, arropa, olioa eta pilak– orain arte bezala geratuko dira, egunero eta uneoro erabilgarri.
Herritarrek zer eta nola egin behar duten esplikatzen ari dira orain Sasietaren bi hezitzaile etxerik etxe, eta udazkenera arte udaletxean egongo dira laguntza emateko. Informazio dosierrak banatzen eta zalantzan argitzen ari dira, «harrera oso onarekin». Zabor arruntaren trataeraz gain, gainontzeko materia birziklagarrien informazioa duten fitxak ari dira ematen, ontzi bakoitzera zer gai bota litekeen zehazteko.
Birziklatzea, nahitaezkoa
Bi helburu lortu nahi dituzte Udalak eta Mankomunitateak bilketa sistemarekin: birziklatze tasa igo, eta birzikla ezin daitekeen errefusa ahalik eta gutxien izan dadila. Enrike Enparantza teknikariak azaldu duen bezala, birziklatzen duenarentzat ez dago ia aldaketarik. «Aldaketa handiena orain arte ezer egin ez dutenentzako da. Zeren Itsasondon orain birziklatzea derrigorrezkoa da». Hala ere, «oinarri ona» du herriak birziklatze ohituretan. Herritarren %60k hondakin organikoa bereizten du dagoeneko, eta egunean 400 kilo zabor arrunt «bakarrik» jasotzea eragin du horrek.
Bestetik, Enparantzak gaineratu du «dena birziklatu ondoren gelditzen den huskeria oso gutxi» izaten dela.
Sasietaren jarduneko lehendakariorde Patxi Albisuk azaldu du aurretik «lanketa handia» egin duela Itsasondoko Udalak herritarrekin, iritziak eta ekarpenak jasotzeko bilera ugari burututa. «Herritarren iritzia kontuan hartu da». Etxeetara kubo gris txikia banatzeaz gain, ostatuetan, dendetan eta kaskoko enpresetan ontzi handiagoak utziko dituzte.
Itsasondon aurki martxan jarriko duten bilketa modu berria –euskarriak jartzen gaur hasiko dira–, «esperientzia garrantzitsu bat» dela esan du Albisuk. Kamioiekin eta edukiontzi guneekin segiko dela zehaztu du, eta sistemaren helburua errefusa murriztea dela gehitu du.
Autokonpostaian sakontzeko, berriz, etxeetan lehen zeuden 20 konpostagailuez gain beste 26 banatu dituzte Itsasondon.
Itsasondondoko sistema berriaz gain, hondakin organikoaren edukiontzi marroia Ordizian ari da jartzen Sasieta, uztailean Zegamara iritsiko da, eta «urtearen bukaerarako» Zumarragara, Urretxurra, Legazpin eta gainontzeko herrietara iritsi nahi dute.
Sistema egokiena herri bakoitzerako
Arriarango zabortegia 2013an ixtekotan dela, hondakin organikoaren bilketa eta autokonpostaia bultzatu nahi ditu Sasietak, abenduaren 1ean «aho batez» lortu zen akordioa garatzen segitzeko. Bilketa sistema desberdinak aztertzea da hitzarmen haren lehen puntua, Goierrin egokiena zein izan daitekeen ikusteko. Bestea, herri bakoitzak sortzen duen zabor kopuruaren arabera ordaintzea. Atzo Itsasondoko prentsaurrekoan ziren politikariek eta teknikariek giltzarritzat jo dute abenduko ituna.
Zaborraren kudeaketan, bestetik, herririk herri sistema desberdinak egoteko aukeraz mintzatu da Albisu: «Akordio horrek jarraipena izaten badu, litekeena da etorkizunean Mankomunitate barruan sistema bat baino gehiago izatea, beti ere helburu berberarekin: herri guztietan hondakinak ahalik eta gehien gutxitu, birziklatu eta konpostatu, eta gainera kudeaketa kostuak ahal den neurrian murritzenak izatea».