ZHK-ko lau ordezkarik osatu dute Zeraingo Udala
Larunbat goizean osatu dute 2011tik 2015. urte artean Zerain gobernatuko duen udal taldea. Zeraingo Herri Kandidaturak udalari dagozkion bost zinegotzietatik lau lortu ditu. Akats informatikoa tarteko, PPri zinegotzi bat zegokion, baina, ostiralean Gizpuzkoako PPk aurreratu bazala, Alderdi Popularreko kiderik ez da agertu Zeraingo udaletxean. ZHK-ko zinegotziak bat agertu dira beraien botoa Joxe Manuel Oriari emateko orduan. Honenbestez, Oria izango da berriz ere Zeraingo alkate.
Udalaren osaketan hainbat komunikabide bildu da, alkatearen esanetan “egun historikoa da gaurkoa Zerainentzat, ez dugu ahaztu behar gure Udalaren osaketak horrenesteko oiartzuna izatea akats baten ondorio dela”. Zeraingo alkateak hauteskundeen ondoren izandako “injustizia” konpontzeko neurriak hartzen jarraituko dutela adierazi du.
Akatsak konponbiderik ez
Maiatzaren 22ko hauteskundeetan ZHK-k 108 boto lortu zituen, zazpi boto zurian jaso zituzten eta baliogabeak 13 izan ziren. PP-k boto bakarra lortu zuen, baina akats informatiko bat tarteko, Azpeitiko epaitegiak alderdi popularrari zinegotzia zegokiola esan zuen, boto kontaketako akta ofizialik ez baitzuten ireki epaitegian. Zeraindarrek helegitea jarri zuten Auzitegi Gorenean, baina denboraz kanpo ibili zirela argudiatuta, atzera bota zuen helegitea epaileak.
Erabakia jakinda, herri-bilera egin zuten zeraindarrek ekainaren 21ean, eta bertan erabaki zuten Auzitegi konstituzionalera jotzea. Zeraindarrek hasieratik onartu dute hauteskundeetan gertatutakoa akatsa izan dela, baina PPri zinegotzirik ez dagokiola ere defendatu dute.