Egin Dezagun Bidea taldeak deitutako elkarretaratzea
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, euskal preso politikoen aldeko elkarretaratzea egin dute eguerdian Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan. Bi Herrietako Egin Dezagun Bidea taldeak deituta elkartu dira, eta urtarrilaren 7an Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia ere egin dute.
Manifestazioa dela eta, mobilizazio astea deitu dute datorren asterako, eta Goierrin hainbat ekintza antolatu dituzte eragile ezberdinek. Astelehenean, Goierriko LAB-ek deituta, elkarretaratzea egingo dute Beasaingo udaletxe aurrean, 12:00etan.
Asteartean, Urretxun eta Zumarragan Santa Lutzi eguneko azoka egingo dela aprobetxatuz, Areizaga-Kalebarren plazan postua jarriko dute Egin Dezagun Bidea taldeko kideek. Pintxoak, salda eta presoei elkartasuna adierazteko materiala salduko dute bertan. Herriko hainbat gunetan, errifak ere salduko dituzte, eta asteartean bertan euskal produktuez osatutako saskia zozkatuko dute, 14:30ean, Areizaga-Kalebarren plazan. Urtero bezala bazkariak eskainiko dituzte Amalur elkartean. Arratsaldeko 13:00etatik aurrera eta 15 euroren truke bazkaldu ahalko da.