Euskal presoei elkartasuna adierazi diete hainbat eragilek
Asko eta asko izan dira Eguberri egunaren eta Urtezahar egunaren artean Goierrin euskal presoen eskubideen alde egin diren ekimenak. Dozenaka udal hautetsik 24 orduko baraualdiak egin dituzte, elkarretaratze jendetsuak egin dira herri gehienetan eta presoei babesa emateko agerraldi publiko bat baino gehiago ere izan da egun horietan. Ekimen guztien helburua bera: presoei elkartasuna adieraztea eta haien alde egiteko konpromisoa hartzea. Bide batez, larunbatean, urtarrilaren 7an, Bilbon egingo den herri mobilizazio orokorrean parte hartzeko deia egin izan dute.
Egunotako ekimenik esanguratsuena Ordiziako udaletxeko batzar aretoan egin zen joan den ostegunean. Orain gutxi espetxetik atera den Ion Telleria idiazabaldarrak eskualdeko hainbat eragilek babestutako adierazpena irakurri zuen. Tartean ziren Goierriko hainbat gazte asanbladatako ordezkariak, musika taldeetako kideak, kultur eta gizarte arloko goierritar ezagunak, kirol mundukoak, eta baita alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariak ere.
Presoen egoera agendan
Aro politiko berriak Euskal Herria «argitu» duela, eta hamarkadetan luzatu den gatazka politikoari «irtenbide justu» bat aurkitzeko lanean Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat eragile politikok, sindikalek eta sozialek bat egin dutela nabarmendu dute eragile horiek. «Eginahal horren fruituak ikusten ari gara, eta ukaezina da gure herrian benetako bake eta demokrazia egoera batera hurbiltzeko bidea egiten ari garela, geltokiz geltoki».
Gaztazka konpontzeko prozesuan, «gatazkaren sorburuei eta ondorioei» begiratu behar zaie, eta horrek, «euskal preso politikoen egoeraz hitz egitera» behartzen ditu eragileak. «Presoen egoera agenda politikoan dago. Gure aldetik argi dugu espetxe politika konponbidearen gakoetara ekarri behar dela. Irlandako nahiz Hego Afrikako prozesuetatik ikasgaiak atera ditzakegu». Presoen gaia agendan egon arren, «espetxe politikak oinarrizko eskubideak ukatzen ditu oraindik», eragileek diotenez.
Preso denak gogoan, gaixotasun larriak dituen Inma Berriozabal zegamarraren, eta etxean preso dauden Mila Ioldi ataundarraren eta Belen Gonzalez lazkaotarraren kasuak nabarmendu dituzte. «Larritasun handiz bizi ditugun egoerak dira, urgentziaz konpondu beharrekoak». Hori dela eta, presoen eskubideak bermatzeko deia egin dute.