Beasaingo probako lasterketa-burua
San Silbestre probetako parte-hartze datuak kontuan hartuta, nabarmen egin du gora korrikalari kopuruak eskualdeko probetan. Antolatzen diren lasterketak kontuan hartuta, Beasaingoa izaten da korrikalari gehien erakartzen duena. Larunbatean, 334 izan ziren helmugara iritsi zirenak, eta denen artean azkarrena Abdelhadi El Mouaziz izan zen. Korrikalari Marokoarrak 25 minutu eta 59 segundo behar izan zituen bederatzi kilometroak egiteko. Bigarren Tolassa Changare izan zen, eta Abdelhadi El Mouaziz Magrebiarra hirugarren.
Proba hasieratik, elite mailako hamalau korrikalarik osatutako taldea jarri zen lasterketa-buru, lasterketari erritmo bizia emanez. Lehen euskalduna eta lehen goierritarra Jose Antonio Blanco Txuri ordiziarra izan zen. Hamabosgarren sailkatu zen, 28 minutu eta 11 segundoko denborarekin.
Emakumeen artean azkarrena jatorri Etiopiarreko Tirhas Gebre Aunoon donostiarra izan zen. Ia ordu erdi behar izan zuen ibilbidea osatzeko (29:26), eta haren ondoren helmugaratu ziren Saida El Medhi eta Kanbouchia Soud, biak 32 minutuko denborarekin. Beti Bizi elkarteak antolatu zuen beste behin ere San Silbestre proba Beasainen, eta elkarteko kideek jakinarazi dutenez, azken proba honetan gora egin du emakumezkoen partaidetzak: «Pozgarria izan da zenbat emakumek parte hartu duten ikustea, izan ere, inoiz baino gehiago izan dira: 50 inguru».
Gipuzkoa mailan, indar gehien duen probetako bat da Beasaingoa, eta horren adierazgarri da bertan parte hartzen duen korrikalari kopurua. Parte-hartzaile kopuruari dagokionez, gustura daude antolatzaileak, larunbatean igo egin baitzen korrikalari kopurua: guztira, 350 korrikalari irten ziren irteera puntutik. Horien guztien artean, asko beasaindarrak eta goierritarrak izan dira beste behin, eta goierritar horien artean, hainbat sari irabazi dituzten beste hainbat: Blanco, Juanjo Igartzabal eta Juan Karlos Valdibielso, adibidez.
Probak duen oihartzuna dela eta, gero eta jende gehiago animatzen da lasterketa ikustera joateko, eta lasterketak duen elite izaeraz gain, festa giroa ere nabarmentzen hasi da Beasainen abenduaren 31n. «Ikaragarrizko jendetza egon zen larunbatean ibilbideko hainbat puntutan korrikalariak animatzen, eta hori ere garrantzitsua da, herriari bizia ematen dion proba ere badelako Beasaingo San Silbestrea», adierazi dute Beti-Bizitik.
Azken bi urteetan bezala, helduen probaren aurretik, umeak aritu ziren korrika herriko kaleetan. Batzokia Kultur Elkarteak antolatzen du San Silbestre Tikia, eta larunbatekoa solidarioa izan zen. Guztira, 170 haurrek parte hartu zuten, eta bakoitzak emandako euroari esker bildutako dirua, Herriak Elkarlanean erakundeak jasoko du. Umeen probaren helburua kirola sustatzea da, eta oraingoan, baita elkartasuna ere, «kontsumismoaren garai honetan, solidaritateak duen garrantzia zein den ikasteko».
Ordizian eta Legorretan ere bai
Beasainen ez ezik, Ordizian eta Legorretan ere egin dituzte San Silbestre eguneko lasterketak. Proba herrikoiagoak izaten dira biak, eta batez ere Legorretakoa, parte hartzea irekia izaten bada ere, sariak herritarren artean banatzen baitituzte.
Legorretako irabazleak, Oier Urtaza eta Arantxa Lasa izan dira. Bilkoin elkartetik jakitera eman dutenez, 50 heldu inguruk parte hartu du lasterketan, eta 70 ume inguruk. Korpus Eguneko proba ez bezala, lasterketa baino gehiago festa giroko ekintza izaten da Legorretako San Silbestrea, «urteari amaiera festa giroan emateko».
Ordiziako proban ere nabarmena izaten da festarako gogoa, bai korrikalarien aldetik eta baita ikustera joaten direnen partetik ere. Ordiziako eta inguruko herrietako korrikalariak izaten dira parte-hartzaile ia guztiak, eta larunbatean azkarrena Eneko Agirrezabal izan zen. Segurarrak 19 minutu eta 24 segundo behar izan zituen sei kilometro pasatxo egiteko. Haren atzetik, bigarren sailkatu zen Unai Cobos herritarra (19:50) eta hirugarren Sergio Serrano idiazabaldarra (20:42). Emakumezkoetan lehena Izaro Rubio ordiziarra izan zen, 24 minutu eta 42 segundoko denborarekin.
Mendira joateko ohitura
Urteari amaiera emateko mendira joaten direnak ere ugari dira, eta askok mendi buelta egin ondoren Beasaingo eta Ordiziako lasterketetan ere parte hartzen dute. Aizkorri eta Txindoki dira mendizale gehienek aukeratzen dituzten tontorrak abenduaren 31rako, baina Zumarragan ibilaldia egiten dute inguruko mendietara. Zumarragako plazatik irten eta bost gurutzeetara joaten dira: Agiña, Oleta, Samiño, Izazpi, Beloki, Antio eta Arkaitzetara. Larunbateko ibilaldian 200 lagun inguru elkartu ziren mendian, eta eguraldiak ez bazien gehiegi lagundu ere, goiza giro ederrean igaro zutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Mendi gailurretako lainoa eta hotza tarteko, jende gutxi geratu zen taldeko argazkia ateratzeko: «Urteko garai honetako baldintzak horiek izaten dira, eta aurtengorako taldeko argazki bat atera ordez, leku batean baino gehiagotan ateratzea pentsatzen ari gara, ibilaldian parte hartzen duen ahalik eta jende gehiena argazkian atera dadin», esan dute antolatzaileek.
Ikusi Beasaingo eta Ordiziako sailkapen osoak
www.kirolprobak.com eta
www.lasterketak.com helbideetan.