Zaborraren kudeaketaren eztabaida indarra hartzen ari da
Bosgarren edukiontzia eskatu du PSE-EEk Zabor bilketa kudeatzeko sistema desberdinen aldeko eta kontrako iritziak entzuten ari dira egunotan Goierri Garaian. Batetik, Urretxuko eta Legazpiko PSE-EE alderdiko ordezkariek ohar bana igorri dute, herriotan bosgarren edukiontzia ezartzea bultzatuko dutela jakinaraziz. Bestetik, Urretxun eta Zumarragan Zero Zabor taldea sortu dute, eta urtarrilaren 11n aurkeztuko dute. Hondakin organikoak biltzeko bosgarren edukiontzia edo edukiontzi marroia, zabor bilketa selektiborako eta konpostajerako «sistema eraginkorragoa» bezala definitu du PSE-EEk. Horregatik, atez-atekoaren aurrean, edukiontzien bilketa sistema «boluntarioaren» alde egiten dutela esan dute alderdi honetatik. Urretxuko PSE-EEko zinegotziek atez-ateko bilketa sistema «derrigorrezkoa, kostu altukoa, osasunaren kalterakoa, ezerosoa eta bizilagunaren gainean kontrol sozial bat burutzera bideratutakoa» dela salatu dute. Legazpin, «zikinagoa» dela ere gehitu dute. Hemen, gainera, PSE-EEko zinegotziek Kepa Urzelai Legazpiko alkateak Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari gutuna bidali izana salatu dute. Jakinarazi dutenez, «udal gobernuaren izenean Legazpin atez-ateko sistema ezartzea» eskatu du alkateak gutun horretan. Hau «deitoragarritzat» jo dute. Birziklatzearen alde apustu egiten dutela esan dute, «baina ez behartze bat suposatzen duten neurriekin», atez-ateko bilketa sistemari erreferentzia eginez. PSE-EEkoen hitzetan, «uko egiten diogu udalak esateari zein egunetan eta zein ordutan jarri behar dugun atarian zintzilik gure zaborraren zati bat». Sistema honek herritarren bizi ohiturak «larriki» aldatzen dituela salatu dute, «asteko edozein [...]
Zabor bilketa kudeatzeko sistema desberdinen aldeko eta kontrako iritziak entzuten ari dira egunotan Goierri Garaian. Batetik, Urretxuko eta Legazpiko PSE-EE alderdiko ordezkariek ohar bana igorri dute, herriotan bosgarren edukiontzia ezartzea bultzatuko dutela jakinaraziz. Bestetik, Urretxun eta Zumarragan Zero Zabor taldea sortu dute, eta urtarrilaren 11n aurkeztuko dute.
Hondakin organikoak biltzeko bosgarren edukiontzia edo edukiontzi marroia, zabor bilketa selektiborako eta konpostajerako «sistema eraginkorragoa» bezala definitu du PSE-EEk. Horregatik, atez-atekoaren aurrean, edukiontzien bilketa sistema «boluntarioaren» alde egiten dutela esan dute alderdi honetatik.
Urretxuko PSE-EEko zinegotziek atez-ateko bilketa sistema «derrigorrezkoa, kostu altukoa, osasunaren kalterakoa, ezerosoa eta bizilagunaren gainean kontrol sozial bat burutzera bideratutakoa» dela salatu dute. Legazpin, «zikinagoa» dela ere gehitu dute. Hemen, gainera, PSE-EEko zinegotziek Kepa Urzelai Legazpiko alkateak Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari gutuna bidali izana salatu dute. Jakinarazi dutenez, «udal gobernuaren izenean Legazpin atez-ateko sistema ezartzea» eskatu du alkateak gutun horretan. Hau «deitoragarritzat» jo dute. Birziklatzearen alde apustu egiten dutela esan dute, «baina ez behartze bat suposatzen duten neurriekin», atez-ateko bilketa sistemari erreferentzia eginez.
PSE-EEkoen hitzetan, «uko egiten diogu udalak esateari zein egunetan eta zein ordutan jarri behar dugun atarian zintzilik gure zaborraren zati bat». Sistema honek herritarren bizi ohiturak «larriki» aldatzen dituela salatu dute, «asteko edozein egunetan ustel daitezkeen jakien kontsumo askatasuna «ikaragarri mugatuz». Gaiari buruzko eztabaida «demokratiko» baterako tartea ireki dadin ere eskatu dute. Honez gain, bi herri hauetan atez-ateko bilketa sistemaren inguruko datuak «urjentziaz» emateko eskatu die PSE-EEk udal gobernuetako taldeei.
Gutunaren edukia
Gutunean, Legazpiko udal gobernu taldeak sistemaren jasangarritasuna ziurtatzen duen aukera bakarra, «zaborrik ez sortzea helburu duen hondakinen kudeaketa integralerako politika» dela esan dio Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari. Gutun berean, euren asmoa atez-ateko gaikako bilketa martxan jartzea dela diote: «Europan egin diren esperientzia ugariek erakutsi digute, gure helburua lortzeko sistemarik eraginkorrena dela». Hala ere, bestelako sistemak ez dituztela baztertuko esan dute. Era berean, sistema ezarri ahal izateko azterketa abian dutela ere esan dute gutunean, eta 2012 urtea amaitu aurretik martxan jarri nahi dutela. Hondakin berreskuragarriak, birziklagarriak eta konpostagarriak %80-85 izatea lor daitekeela ere esan dute.
Zero zabor taldea sortu dute
Bestalde, Urretxun Nola bildu eta kudeatzen ditugu hondakinak? hitzaldia egingo dute urtarrilaren 11n. Urretxun eta Zumarragan sortu berri den Zero Zabor taldeak antolatu du, eta taldea bera aurkezteko ere baliatuko dute hitzordua. Hitzaldia Oñatiklo Zero Zabor taldeak eskainiko du, 19:00etan Urretxuko kultur etxean.
Talde sortu berritik, «ukaezinezkotzat» jo dute zaborra «arazo handi bat» bihurtu izana. Gipuzkoan hondakinen kudeaketa «pil-pilean» dagoen gaia dela esan dute, eta «honen aurrean zein irtenbide daude?» galderari erantzungo dio hitzaldiak. Bertan, Oñatin egun hondakinak nola biltzen eta kudeatzen diren azalduko dute. Urretxuko eta Zumarragako Zero Zabor taldetik alderdi politikoei, eragile sozialei, kulturalei eta herritarrei zabaldu diete tertulian parte hartzeko deialdia.