“Herritar denak batzea nahiko nuke, Gabiria hobe bat eraikitzeko”
Ibon Elgarrestak (Gabiria, 1975) orain arte ez du eskarmenturik izan udaleko zereginetan, baina jada ari da ikasten. Datozen lau urte hauetan bera izango da Gabiriako alkate, eta gogotsu dago lanerako. 2011. urtea bukatu aurretik tentsio altuko linearen aurkako mozioa onartu zuen Gabiriako Udalak, eta aurrera begira ere urratsak emateko prest daude proiektu hori egin ez dadin. Herrigunetik kanpo dauden auzoetan hainbat proiektu gauzatzea ere lehentasunen artean dute. Zortzi hilabete igaro dira udal hauteskundeetatik. Esku hartu al diozu udaleko zereginei? Bai, nahiz eta onartu behar dudan hasieran kostatu egin zitzaidala martxa hori hartzea. Zein lan egin dituzue ordutik? Lehendabizi batzordeak osatu genituen. Lehengoak mantentzeko eta batzorde berri bat sortzeko erabakia hartu genuen: Komunikazio Batzordea. Badago, ordea, beste berrikuntza bat: batzorde horiek irekiak izango dira herritarrentzat eta beraz, guzti horri forma ematen pasatu genituen lehendabiziko hilabeteak. Diru-laguntza eskaera egiteko proiektu batzuk ere prestatu genituen, eta abendu bukaeran batzarra egin genuen, batzorde guztietako informazioa herritarrei zabaltzeko helburuarekin. Herri programa osatu aurretik inkesta bat egin zenuten Gabirian herritarren iritzia jasotzeko. Inkesta horren emaitzak oinarri hartuta ari al zarete lanean? Bai, kontuan izaten ditugu, baina esan inkestan jasotako iritzi gehienak batzordeetan ere aipatu izan dituztela herritarrek. Zuen herri programan zenioten aurreko agintaldiko udal buruak ez [...]
Ibon Elgarrestak (Gabiria, 1975) orain arte ez du eskarmenturik izan udaleko zereginetan, baina jada ari da ikasten. Datozen lau urte hauetan bera izango da Gabiriako alkate, eta gogotsu dago lanerako. 2011. urtea bukatu aurretik tentsio altuko linearen aurkako mozioa onartu zuen Gabiriako Udalak, eta aurrera begira ere urratsak emateko prest daude proiektu hori egin ez dadin. Herrigunetik kanpo dauden auzoetan hainbat proiektu gauzatzea ere lehentasunen artean dute.
Zortzi hilabete igaro dira udal hauteskundeetatik. Esku hartu al diozu udaleko zereginei?
Bai, nahiz eta onartu behar dudan hasieran kostatu egin zitzaidala martxa hori hartzea.
Zein lan egin dituzue ordutik?
Lehendabizi batzordeak osatu genituen. Lehengoak mantentzeko eta batzorde berri bat sortzeko erabakia hartu genuen: Komunikazio Batzordea. Badago, ordea, beste berrikuntza bat: batzorde horiek irekiak izango dira herritarrentzat eta beraz, guzti horri forma ematen pasatu genituen lehendabiziko hilabeteak. Diru-laguntza eskaera egiteko proiektu batzuk ere prestatu genituen, eta abendu bukaeran batzarra egin genuen, batzorde guztietako informazioa herritarrei zabaltzeko helburuarekin.
Herri programa osatu aurretik inkesta bat egin zenuten Gabirian herritarren iritzia jasotzeko. Inkesta horren emaitzak oinarri hartuta ari al zarete lanean?
Bai, kontuan izaten ditugu, baina esan inkestan jasotako iritzi gehienak batzordeetan ere aipatu izan dituztela herritarrek.
Zuen herri programan zenioten aurreko agintaldiko udal buruak ez zuela asmatu kudeaketan.
Aurreko agintaldian gauza asko eta beharrezkoak egin ziren, baina gehienak herrigunean, eta jendearen kexa da herritarrekin kontatu gabe egin zirela. Horregatik genion kudeaketan gauza batzuetan ez zela asmatu.
Zuek kudeaketa hobetu asmoz zein bitarteko jarri duzue martxan?
Aurrez aipatu bezala, lehendabiziko bitartekoa izan da batzorde irekiak osatzea, lehengoak ez baitziren herritarrentzat irekiak. Horrela gabiriarrei udalaren kudeaketan parte hartzeko aukera eman nahi diegu.
Batzorde irekiek harrera ona izan al dute?
Egia esan bai. Jende asko biltzen da batzorde horietan, eta herritarrek, gainera, gogotsu parte hartzen dute, iritziak emanez eta ideia berriak planteatuz. Jendea horrelako gune baten gose zela uste dut.
Herritarrari askotan informazioa falta izan zaiola ere esaten zuten. Zein urrats eman duzue hori ekiditeko?
Aurrera begira asmoa dugu Komunikazio Batzordearen bidez informazio txostenak etxeetara bidaltzea. Udaleko webguneari ere eman nahi diogu astindu bat, oso garrantzitsua iruditzen baitzaigu herritar guztiak etengabe informatuta edukitzea.
Noizako aurreikusten duzue horiek abian jartzea?
Informazio txostena egiten hasita gaude, eta webgunea eguneratzen ere ari gara. Horrenbestez, 2012ko lehen hilabetetan jada martxan izango direla aurreikusten dugu.
Auzo-Arteanen ustez orain arte arreta maila handiena herriguneari eman izan zaio.
Bai, horrela da gure iritziz. Horregatik, jakinik Gabiria hainbat auzok osatzen dutela, eta herrigunetik kanpora bizi direnek ere beraien beharrak dituztela, horretan indarra jartzea erabaki dugu. Hemendik aurrera auzoei arreta handiagoa jarriko diegu, beraz.
Zeri emango diozue lehentasuna?
Hiru gauzari emango diegu lehentasuna. Batetik, Ugaran auzoan telebista lokalak ikusi ahal izateko antenak jartzeko proiektua egin dugu. Diru-laguntzak eskatuta daude jada, eta une honetan erantzunaren zain gaude. Bestetik, zenbait baserri bide konpontzeko asmoa dugu. Azkenik, Aztirikoek aspalditik urarekin duten arazoa ikusita, Legazpiko Udalarekin eta Mutiloako Udalarekin elkarlanean proiektu bat prestatzen ari gara Gipuzkoako Foru Aldundian aurkezteko.
Joan den agintaldian led motako bonbilak dituzten farolak jarri zituzten plazan. Proiektu horri jarraipena emateko asmoa duzue.
Bai urte bat igaro da farola horiek jarri zituztenetik. Led bonbilak dituzten farolak izateaz gain, jendearen presentziaren arabera, intentsitatea igo ala jaitsi egiten dute, argiaren kalitatea galdu gabe. Horren bidez energia edo argindar kontsumoa nabarmen jaitsi daiteke. Guk ditugun datuen arabera, jaitsiera hori %80koa izan daiteke. Hori ikusita herri guztian sistema hori jartzea aztertzen ari gara.
Herrigunerako zein beste lehentasun markatu duzue?
Lehenik eta behin herriko haurren parkea aldatzeko asmoa dugu. Ekipamendua eta zorua berrituko zaizkio, bata zein bestea egoera kaskarrean daude eta. Kultur etxearen erabilpena antolatzea ere gure lehentasunen artean dago. Arautegia eta ordutegi bat zehaztu nahi digutu, herritar guztiok erabil dezagun eta ahalik eta probetxurik gehien atera diezaiogun kultur etxeari.
Udalak zein finantza egoera du?
Udal gehienak bezala nahiko finantza egoera justuan dago Gabiriako Udala. Gurea bezalako herri batek, industria gutxi izanik, sarrera urriak ditu. Foru Funtsa da diru iturri nagusia. Eta hori ere murrizten ari denez, egoera ez da samurra. Ditugun sarrerekin gastu arruntak ordaintzeko adina iristen zaigu, eta edozein proiektu egiteko diru-laguntzez baliatu beharra dugu aurrera egin ahal izateko. Une honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoera ikusita, diru-laguntza askoren esperantzarik ez daukagu.
Gabiria herri txikia da, baina azken urteetan asko hazi da herrigunea.
Bai, hala da, azken urteetan asko hazi da herrigunea. Ikusten dugu, ordea, azken aldian egindako etxebizitzetatik 10 oraindik hutsik daudela, eta beraz, momentuz ez dugu aurreikusten asko haztea, nahiz eta laster hasiko dituzten Torre eta Kale-Barreneko etxebizitzen eraikuntza lanak.
Zenbateraino handitzea nahi duzue?
Gehiegi handitzea ere ez dugu nahi. Herri txiki baten kutsua mantentzea nahiko genuke. Horregatik, hazkunde horren neurria beharren araberakoa izango da. Dena den, bertako gazte jendea herrian geratzea nahi dugu.
Tentsio altuko linea Gabiriatik pasatu daiteke. Zer diote herritarrek?
Herritarrak kezkatuta daude tentsio altuko linea Gabiriatik pasatzeko aukerak handiak baitira. Esan, lehen ere Ezkio-Itsasoko zentrala gertu izanik, herria kable askok zeharkatzen dutela.
Udalak tentsio altuko linearen aurkako mozioa onartu du. Zein beste urrats emango duzue?
Mozioa onartzeaz gain, etxe guztietara zabaldu dugu tentsio altuko lineari buruzko informazioa. Autopista elektrikoaren aurkako plataformarekin harremanetan gaude, denok batera indarra egitea beharrezkoa iruditzen baitzaigu proiektua geratzeko. Asmo horiekin aurrera jarraitzen badute, orduan erabaki beharko dugu zein pauso eman.
Lau urte hauetan zertan aldatzea nahiko zenuke Gabiria?
Herritarron arteko giroa hobetzea, azken urte hauetan udalarekiko sortu den deskonfidantza ahaztea eta herritar guztiok batzea nahiko nuke, Gabiri hobe bat eraikitzeko.