Lan erreforma kritikatu dute ELAk eta LABek, eta grebara deitu dute
ELA eta LAB sindikatuen ustez PPko gobernuaren lan erreforma langileen eskubideei azken hamarkadetan egin zaien «erasorik bortitzena» da. Zentzu horretan «beharrezkoa» iruditzen zaie martxoaren 29ko greba orokorrak «erantzun zabala» izatea, eta bertan parte hartzeko deia egin diete Goierriko langileei, bakoitzak bere aldetik.
LAB sindikatuak Beasaingo eta Legazpiko egoitzan egin zituen agerraldiak atzo, eta Rajoiren eta PPren gobernuak «patronalaren eta kapitalaren mesedetan» egindako lan erreforma «inposatu» duela esan zuen. ELA Beasaingo eta Urretxuko egoitzan agertu zen komunikabideen aurrean. Bere ustez, «enplegua sortuko dutela aitzakia gisa erabili arren, lan erreformaren ezkutuko helburua langileen soldatak «erasotzea eta jaistea» da.
Bi sindikatuen ustez erreforma horrekin PPren gobernuak kaleratzeak merketu egin ditu. Mikel Zabaleta Goierriko ELAko arduradunak aipatu duenez, lehen urteko 45 eguneko kalte-ordaina ordaindu behar zuten enpresariek, hiru urte eta erdiko soldatako topearekin. Erreformaren ondoren, urteko 33 egunekoa izango da kalter-ordaina, bi urteko soldataren topearekin. Enplegua Erregulatzeko Espedienteen kasuan, orain arte administrazioak esku hartzen zuen. Oihana Lopetegi LABeko ordezkariaren arabera, hemendik aurrera enpresariak Enplegu Erregulazioko Espedientea zuzenean egin ahalko du, hau da, ez du Administrazio Publikoaren baimenik beharko.
LAB eta ELAren ustez kontratazioa lehen ezegonkorra zen jada, eta orain gehiago ezengokortu» du Espainiako Gobernuak. Bi sindikatu abertzaleen hitzetan, 50 langiletik beherako enpresetan urtebeteko froga-aldidun kontratuak egin ahal izango dira, hau da, urte bete gainditzen ez duen langilea inongo kalte-ordainik gabe kaleratu ahal izango dute, froga epea gainditu ez duela argudiatuta. Bestalde, bi sindikatuen arabera, prestakuntzarako kontratua ere lehen baino «ezegonkorragoa» da orain, eta adina ere luzatu egin dute. Aldi Baterako Lan Enpresei, berriz, eskumen gehiago eman diete, eta aldi baterako kontratuak ezin izango dira kateatu 2013ko urtarrilera arte. Bestalde, jardunaldi partzialeko kontratuetan aparteko orduak egin ahal izango dira.
«Malgutasuna ekarriko du»
LABen iritziz lan erreformak malgutasuna ekarriko du. «Jardunaldiaren %5a, bere garaian Zapaterok onartu zuena, enpresariek nahi bezala erabili ahal izango dute. Bestalde, mugikortasun funtzionala erraztu egin dute, eta soldata jaisteko erraztasunak eman dizkiete enpresariei». Mikel Zabaleta ELAko kidearen arabera, lehen ezinezkoa zen «neurri bidegabe» hori orain posible izango da eta, beraz, soldatak jaisteko aukera izango dute enpresariek. «Horren aurrean langileei uzten zaien aukera bakarra 20 eguneko kalte-ordaina kobratu eta enpresatik alde egitea da». Bestalde, absentismoan oinarrituta, bajan dauden langileak kaleratu egin ditzakete. «Beraz, gaixo egon arren, lan egitera behartu ditzakete langileak, eta lanera joan beharko dute, kaleratzea nahi ez badute, behintzat», gehitu du Zabaletak.
Lan erreforma onartu ondorenean negoziazio kolektiboa ere «ahulduta» geratu da LABen eta ELAren ustez. «Enpresako itunei erabateko lehentasuna eman diete. Hitzarmen kolektiboaren indarraldia bukatu eta bi urtera, beste akordiorik ez dagoen bitartean, hitzarmen horrek indarra galduko du», adierazi du Oihana Lopetegi LABeko kideak. «Hitzarmen kolektiboan adostutakoa enpresan bertan behera gera daiteke».
Euskal Herria burujabe
LABen ustez, erreformak lan harremanetarako euskal esparrua eratzea eta eraikitzea «beharrezkoa» dela erakusten du, sindikatu abertzalearen ustez eredu sozial berri bat behar baitute Euskal Herriko langileek. «Eredu sozial berri hori, ordea, ez da langileok behar duguna izango ez bada Euskal Herrian erabakitzen eta ez bada langileriaren benetako parte hartzearekin eraikitzen». Horretarako, Euskal Herriak burujabe izan behar du sindikatuaren iritziz, eta herritarren esku utzi behar ditu eredu ekonomikoaren eta sozialaren erabaki nagusiak. «Burujabetza ekonomikoa eta politikoa behar dugu».
Boterea esparru guztietan
ELAren ustez, «hamarkada luzetan asko kostata lortutako eskubideak hilabeteetan ari dira ezabatzen». Horren aurrean mobilizatzea beste biderik ez du ikusten. Bide bera konpartitzen duten hainbat eragilerekin lanketa komuna egiteko aukerak ireki direla dio, eta horiek jorratu behar dituztela. «Arrazoi ugari dugu eraso horien aurrean greba egiteko, baina ez dugu erresistentzia borrokan bakarrik geratu nahi». ELAren arabera alternatibak badituzte, eta haiek aurrera eramateko beharra aldarrikatzen du, «botere-esparru guztietan baitago zer egina».
ELAk eta LABek hilaren 29a baino lehen hainbat ekimen antolatuko dituztela iragarri dute. Bakoitzak bere aldetik egingo ditu.