Nerea Otegi: «Berdin dio ingelesez edo euskaraz hitz egin,txinerarik gabe ezin da ezer egin»
Nerea Otegik (Ordizia, 1977) 9 urte daramatza Asian. 2003an Indiara joan zen mutil lagunarekin. Urtebetera, Txina hegoaldera joan ziren, eta 2007tik Shanghain bizi dira bi seme-alabekin batera.
Ordiziatik Donostiara eta Donostiatik Indiara. Zer moduzko esperientzia izan zen Indiakoa?
Mikel [bikotea] lanera joaten zenean, indiarrak eta beraien kultura ezagutzen pasatzen nuen denbora. Arratsaldero parkera jaitsi eta bertakoekin komunikatzen saiatzen nintzen, nire ingles eskaxarekin eta beraien hindi hizkuntzarekin. Liburu bat irakurtzen jartzen nintzen bankuan eserita, hasieran lotsaz, baina gero, pixkanaka, aldamenean eseri eta ikutzen hasten zitzaizkidan, eskua, aurpegiko azala, ilea….. sensazio arraro baina politak bizi izan nituen bertan. Motza izan zen gure egonaldia baina nahikoa beraiek maite eta ulertu ahal izateko. Asko oso behartsuak dira, baina hala ere, parrea ezpainetan dute.
Eta Txinan?
Txina oso grisa da. Hemen kontrakoa pasatzen zait. Ia zortzi urte damazkit eta oraindik kosta egiten zait beraien jokabide asko ulertzea. Hegoaldean bizi ginenean atzerritar gutxiago ginen, eta hasiera gogorra izan zen. Berdin zion ingelesez edo euskaraz hitz egitea, txinerarik gabe ezin zen ezer egin. Beraz, txinera ikasi beste aukerarik ez nuen izan. Txinera eta ingeleseko eskoletara apuntatu nintzen, eta jende gehiago ezagutzeko aukera izan nuen. Ondoren, estetika zentro batean hasi nintzen lanean. Urte betera Markel semea jaio zen. Handik aurrera, oso gustura, nire denbora guztia berarentzat. Gero, bi urtera, Nahia jaio zen eta beraiekin nago momentu oro.
Goierritik atera zinenean, zer egin zitzaizun gogorrena?
Gogorrena, dudarik gabe, amarengandik banatzea izan zen. Indiako egonaldia motza egin zitzaidan eta, oso baikor eta edozertarako prest nengoenez, ez zitzaidan gogorra egin. India utzi eta Txinara joatea gogorra izan zan. Egunerokotasun hura oso gogorra egin zitzaidan. Hasierako sei-zazpi hilabetetan antzezlan bateko farola, edo poste, edo eserleku bat bezala sentitu nintzen. Jendea aurretik pasa eta pasa, jende askoren tartean ibili, baina inorekin ezin hitz egin. Ordu diferentzia dela medio ezin amari edo lagunei deitu behar nuen momentuan… Azkenerako, parean pasatzen ziren txinatarretan Ordiziako ezagunen aurpegiak ikusten nituen. Behin txinera hitz egiten hasi nintzenen dena aldatu zen. Orain gustura gaude.
Etxetik kanpo lanik egiten al duzu?
Ni ofizioz edergintzan, makilatzailea naiz. Baina orain nire lana bakarra da: Markel eta Nahia. Umeak hezi, Txinan hain gutxi nabaritzen diren baloreak erakutsi, euskaraz hitz egin, irakurri, idatzi, matematikak, erdara ere pixkanaka hasi naiz erakusten… Aukera paregabea daukat beraiekin nahi dudan denbora guztia pasatzeko, eta oso pozik nago nire lanarekin.