Sasietako Mankomunitateak gaur eguerdian inauguratu du Ordizian eraiki duen Garbigunea. Goierri mailako hirugarren eta azken garbigunea da –beste biak Urretxun eta Beasainen daude–, eta gaur-gaurkoz 23.000 biztanleko garbigune bat erabiltzeko aukera eskaini du Sasietak. Ordiziako Garbigunea Upabi aldean dago, suhiltzaileen parkearen eta Goierri Eskolaren artean, Oianguren parkera igotzeko bidearen aldamenean. Inaugurazioa gaur izan baldin bada ere, astelehenetik aurrera erabili ahal izango dute herritarrek. Garbigunea herritar, denda eta enpresa txiki guztien zerbitzura dagoen instalazio bat da, eta bertara era askotako hondakinak eraman daitezke. Hondakin horiek erosotasunez sailkatzeko aukera dago, ahal bada ondoren berrerabili edo birziklatzeko. Instalazioak langile bat izango du erabiltzaile guztiei behar bezalako arreta emateko. Astelehenetik ostiralera (09:00-12:30 eta 15:30-18:30) eta larunbat goizetan egongo da zabalik (09:00-13:00). Garbigunearen funtzionamendua Garbiguneak hormigoizko bi plataforma ditu, bata beste baino bi metro altuago. Beheko plataforman ahalmen handiko edukiontzi metalikoak daude banatuta. Garbigunera datorren erabiltzaileak ibilgailua goiko plataforman jartzen du, eta eskuz, dagokion edukiontzira botatzen ditu ekarritako hondakinak. Edukiontzia betetakoan, kamioi batek erretiratzen ditu hondakinak, eta birziklatzera edo zabortegira eramaten du. Garbigune berriak 14 edukiontzi ditu, eta bertara txatarra, papera eta kartoia, egurra, obra hondakinak, plastiko birziklagarriak, etxeko traste zaharrak, eta aparailu elektriko eta elektronikoak bota daitezke, besteak beste. Estalpe bat ere badu etxeko [...]
Datozen egunetan maila bikaineko ahots taldeak entzuteko aukera izango dute Goierriko musikazaleek Ordiziako elizan. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren aitzakian, Alemaniako eta Frantziako abesbatza banak kantatuko dute. Alemaniarren saioa bihar izango da, eta Frantziakoena hilaren 31n. Bi emanaldiak 20:00etan dira. Bi kontzertuak Ordiziako Udaleko kultura sailak antolatu ditu, Tolosako Ekinbide Etxearen laguntzarekin. Daarler Vocal Consort abesbatza Alemaniako Saarbruchen hirian sortu zuten zortzi lagunek (lau gizon eta lau emakume) 2009. urtearen hasieran, bakarlari errepertorioan aritzeko osagarri modura. Sardiniako Concordioa Vocis jaialdian lehen emanaldia egin eta gero, 2009an eta iaz Berlingo Nacht der Kirchen jaialdian parte hartu zuten. 2010ean, berriz, Zeru eta Lurraren artean izeneko diskoa kaleratu zuten, eta Pizzicato Excellentia saria jaso zuten lan horregatik. Mikrokosmos, talde gaztea Iaztik gaur egunera arte Alemanian, Herbereetan eta Frantzian abestu izan du batik bat Alemaniako abesbatzak, eta maiz entzun ahal izan dira haien ahotsak Saarlandengo Aintzinako Musika Egunak jaialdian. Polifonia klasikoko errepertorioa abesteaz gain, ahots musika garaikidea lantzea da haien ikurretako bat. Datorren asteazkenean, hilaren 31n, Mikrokosmos talde frantziarra izango da Ordizian. 18 eta 30 urte arteko 36 gaztek osatutako taldea da. Loic Pierre zuzendariaren eskutik sortutako abesbatza ez da ohiko taldea, korala eta sormena uztartzea baita haren ezaugarrietako bat. Errepertorioa berritzea ere taldearen helburuen [...]
Urteurren borobilari ekitaldi berezien kutsua eman nahi izan dio Goizeresi txistulari taldeak. Izan ere, Beasaingo alardeak 30. urtea beteko du aurten; eta aurrera ez ezik, iraganari begira ere egingo dute ospakizuna. Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, urte askoan Beasaingo udal bandako zuzendari izan den Jose Agustin Olano omenduko du. Txistulariak 19:00etan elkartuko dira; eguraldia lagun badute, kalejira egingo dute herrian barrena. Segidan, 19:30ean, Gernika pasealekuko frontoian elkartu eta 16 piezako kontzertua egingo dute. Besteak beste, Ataungo txalapartariek, Izan Izar abesbatzak, Koskola metal boskoteak eta Aurtzaka eta Ostadar taldeek parte hartuko dute, txistulariekin batera. Baita Aitor Sarriegi bertsolariak eta Aitor Furundarena, Xabier Barriola, Marisa Olano eta Jon Garmendia musikariek ere.
Beasaingo CAF enpresa eskari ugari lortzen ari da azken aldian. Pasa den astean Finlandiarako lortutako kontratuaz gain, gaur, Erromako (Italia) metrorako hamabost tren egiteko enkargua jaso dute. Trenak egitearen eta bost urtez mantenuaz arduratzearen...
Ordizian bizi diren emakume etorkinen jabekuntza eta protagonismo soziopolitikoa lantzeko proiektu baten berri emateko aurkezpen irekiak egingo dira gaur eta bihar. Gaur bi aurkezpen egingo dituzte Barrena kultur etxeko 7. gelan (10:30-12:30 eta 16:30 eta 18:30), eta bihar beste bat egingo dute D’elikatuz zentroan, 16:00etatik 18:00etara. Ordiziako Udaleko Migrazio, Berdintasun eta Gizarte Ongizate sailek jarri dute martxan emakume etorkinen errealitatera gerturatzeko egitasmo hori, Garaipen elkartearen laguntzarekin. Emakume etorkinen espazio multikulturala hainbat helburu lortzeko sortu dute: laguntza eta elkartasun sarea sortzeko; emakumeek haien eskubideak ezagut ditzaten; norberaren osasun fisikoa eta mentala hobetzeko; eta aisialdiari eta ondo pasatzeari tartea egiteko. Bakarrik ez sentitzeko Deserrotzeak, familia ingurukoen banaketa fisiko eta emozionalak –batez ere seme-alabena–, bizileku berrietan sentitzen den bakardadeak, egoera ekonomikoak, lan prekarioak eta beste hainbat baldintzek «egoera ahul batean» kokatzen ditu emakume etorkinak, eta tristura, depresioa, estresa eta antsietatea bezalako gaixotasunak jasaten dituzte. Bilgune honen helburua harreman sare afektibo eta solidarioa sortzea da, bakarrik ez sentitzeko, beste emakumeen laguntza bilatzeko, diskriminazio eta indarkeria egoerak salatzeko, eta haien egoerari irtenbideak bilatzeko. Garaipen elkartekoek diotenez, gune horiek «irekiak» izango dira, eta prozesuan zehar edozein emakume etorkin txerta daiteke. «Espazio hau behar duenarentzat eta behar duen momenturako sortuko da». Hitz egin beharreko gaiak taldean erabakiko [...]
Iazko Stock Azokakk izandako harrera ona ikusita, Bareak merkatari elkarteak feria hori bigarren urtez jarraian antolatu du. Asteburuan egingo dute, eta guztira, 22 dendetako produktuak izango dira aukeran, deskontu garrantzitsuekin. Hain zuzen ere, aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat, Beasaingo dendak ez ezik, Goierrikoak eta eskualdetik kanpokoak ere izango direla da; izan ere, Donostialdetik eta Bizkaitik ere dozena erdi bat dendari etorriko dira. Bareak elkarteko arduradunek azaldu dutenez, «bigarren feria honetan produktu eskaintza zabala izango da, normalean baino prezio merkeagoan». Parte hartuko duten 22 denden artean, produktu mota ezberdinak izango direla ere esan dute. Hala, «familia osoarentzako arropaz gain, zapatak, kirol arropa, optikako produktuak eta pitxiak» ere izango dira, besteak beste. Aurten Beasaingo bederatzi dendak parte hartuko dute. Baina haiekin batera, beste herrietako dendak ere izango dira. Hala, Ordizia eta Lazkaoko bina denda etorriko dira; baita eskualdetik kanpokoak ere; Donostiako eta Hernaniko bana, Errenteriako beste bi, eta Bizkaitik etorritako lau dendari izango dira ferian. Azoka, iaz bezala, Loinazko San Martin plaza azpian jarriko dute. Bihar eta etzi egongo da zabalik, goizez nahiz arratsaldez. Larunbatean 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Igandean, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Azokarekin batera, umeentzako txokoa ere izango da; eguraldiak laguntzen badu, puzgarriak, ohe elastikoak eta txapal egiteko tailerra ere jarriko [...]
Goierriko hainbat ikastetxetan lantzen ari diren Eskolako Agenda 21 egitasmoaren barruan, energia jasangarriaren inguruko hitzaldia antolatu dute astearte arratsalderako. Antolatzaileek azaldu dutenez, «bizi dugun krisi energetikoari aurre egiteko zein alternatiba dauden» ezagutu ahal izango da. Hizlaria Roberto Bermejo EHUko ekonomia jasangarriko irakaslea izango da. Hitzaldia, irakasleei, gurasoei eta interesa duten guztiei dago zuzenduta. Saioa asteartean, hilak 30, izango da, 17:30ean, udaletxeko batzar aretoan.