Etxe kaleratzerik egiten ez dutela utziko esan dute plataformako kideek
Goierriko Kaleratzeak Stop plataformak nabarmendu du ez duela etxe kaleratzerik gerta dadin utziko. Gaur eguerdian elkarretaratze jendetsua (ehun lagundik gora) egin dute Ordiziako Kutxaren aurrean, Ordizian datozen asteetan gerta daitezkeen hiru etxe kaleratzeren aurrean protesta egiteko. Lehenengoa datorren astelehenean bertan, hilaren 17an, 14:00etan, gerta daitekeela adierazi dute, baina Igor Eguren alkatea Kutxako ordezkariekin hitz egiten ari dela, eta oraindik ez dakitela kaleratzea izango den ala ez. “Kutxa da arduradun bakarra, eta bere esku dago familia hori kalean utzi edo ez. Haien etxebizitzetan alokairu sozialean gera daitezela eskatzen dugu”. Horrez gain, sinadurak biltzen ere hasi dira plataformako kideak. Kaleratzeak salatzeaz gain, Kutxaren filiala den Servatas tasazio etxeak egindako ohiko etxebizitzen tasazioetan izan den “espekulazioa” ere deitoratu dute. “Horren emaitza da hipotekaren prezioaren gainbalorazioa, 30-35 urteko iraupena, eta ordaindu beharreko diru kopuru handia. Higiezinen burbuilaren boom-aren garaian Kutxaren ohiko jokabidea izan da hori, eta Ordiziaren kasuan indar handiagoa du, oso etxebizitza xumeak baitira, ia bizigarritasunik ez izateko mugan daudenak, eta horien jabe edo maizterrek baliabide urriak baitituzte” “Etengabeko iruzur horiek” banketxeetako zuzendariek antolatu dutela diote, eta arduradun politikoek onartu. “Iruzur horrek hainbat biktima mota ditu: adin txikikoak dituzten familiak, ezindutako pertsonak…”. Elkarretaratzeak iraun bitartean Ez, ez, ez, kaleratzerik ez eta Kutxa, lapurra [...]
Goierriko Kaleratzeak Stop plataformak nabarmendu du ez duela etxe kaleratzerik gerta dadin utziko. Gaur eguerdian elkarretaratze jendetsua (ehun lagundik gora) egin dute Ordiziako Kutxaren aurrean, Ordizian datozen asteetan gerta daitezkeen hiru etxe kaleratzeren aurrean protesta egiteko. Lehenengoa datorren astelehenean bertan, hilaren 17an, 14:00etan, gerta daitekeela adierazi dute, baina Igor Eguren alkatea Kutxako ordezkariekin hitz egiten ari dela, eta oraindik ez dakitela kaleratzea izango den ala ez. “Kutxa da arduradun bakarra, eta bere esku dago familia hori kalean utzi edo ez. Haien etxebizitzetan alokairu sozialean gera daitezela eskatzen dugu”. Horrez gain, sinadurak biltzen ere hasi dira plataformako kideak.
Kaleratzeak salatzeaz gain, Kutxaren filiala den Servatas tasazio etxeak egindako ohiko etxebizitzen tasazioetan izan den “espekulazioa” ere deitoratu dute. “Horren emaitza da hipotekaren prezioaren gainbalorazioa, 30-35 urteko iraupena, eta ordaindu beharreko diru kopuru handia. Higiezinen burbuilaren boom-aren garaian Kutxaren ohiko jokabidea izan da hori, eta Ordiziaren kasuan indar handiagoa du, oso etxebizitza xumeak baitira, ia bizigarritasunik ez izateko mugan daudenak, eta horien jabe edo maizterrek baliabide urriak baitituzte”
“Etengabeko iruzur horiek” banketxeetako zuzendariek antolatu dutela diote, eta arduradun politikoek onartu. “Iruzur horrek hainbat biktima mota ditu: adin txikikoak dituzten familiak, ezindutako pertsonak…”. Elkarretaratzeak iraun bitartean Ez, ez, ez, kaleratzerik ez eta Kutxa, lapurra bezalako leloak oihukatu dituzte.
Otsaileko kaleratzea, atzeratua
Asteleheneko balizko kaleratzeaz gain, urtarrilean eta otsailean beste kaleratze bana gerta daitezkeela salatu dute, baina nabarmendu dute otsailekoa atzeratzea lortu dutela. “Horrez gain, epaitegiko gastuak doakoak izatea eskatzen dugu”. Era berean, eskaera zuzena egin diote Ordizia Udalari eta gainerako erakundeei: “Kutxari eska diezaiotela etxea ordainean ematea eta haien diru-sarreren %30 baino gehiago izango ez den alokairu soziala eskaintzea etxebizitza horietan”.
Goierriko Kaleratzeak Stop plataformak hiru telefono zenbaki eman ditu hipotekari aurre egin ezinik dauden herritarrak haiekin harremanetan jar daitezen: 649 451 820, 657 710 122 eta 605 772 170. Asteleheneko balizko kaleratzeari buruz zerbait gehiago jakiten dutenean deialdia egingo dutela ere iragarri dute.