Atez atekoaren aurkako herri plataformak babesa eskatu dio Arartekoari
Legazpiko Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak Arartekoari babesa eskatu dio, aurrera begira jarraitu beharreko lan ildoak zehazte aldera. Udal gobernuaren eta plataformaren arteko harremanak orain arte izan duen «ibilbide eskasa» eta «atez ateko sistema ezartzeko ideia birplanteatzea eskatu …
Legazpiko Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak Arartekoari babesa eskatu dio, aurrera begira jarraitu beharreko lan ildoak zehazte aldera. Udal gobernuaren eta plataformaren arteko harremanak orain arte izan duen «ibilbide eskasa» eta «atez ateko sistema ezartzeko ideia birplanteatzea eskatu zaion bakoitzean agertu duen jarrera itxia» ikusita, lan egiteko beste bide batzuk aztertzea erabaki du plataformak.
Asteazken goizean egin zioten bisita plataformako hiru kidek Arartekoari Donostian. Udal gobernuak Legazpin atez ateko bilketa sistema ezarri nahi zuela jakinarazi zutenetik gaur arte jazo den guztia idatziz bildu dute dokumentu batean: «herri plataformaren sorrera, atez ateko sistemaren aurkako sinadura bilketa –3.683 sinadura bildu ziren–, azaroan 3.000 pertsonek babestuta egin zuten manifestazioa, edo osoko bilkuretako nahiz agenda 21eko foroetako aktak», besteak beste.
Hiru galdera Arartekoari
Dokumentazio guztia prestatzeko orain arteko prozesu guztia aztertu dute. Lanketa honen bidetik «ondorio batera iritsi» direla adierazi dute: «Orain arte udal gobernuak aurrera eraman duen parte hartze prozesua ez da egokia izan». Horregatik erabaki dute Arartekoari babesa eskatzea.
Horretarako, aipatutako dokumentazioaren batera hiru galdera zuzen helarazi zituzten asteazkenean Arartekoan: zer babes du Legazpiko gehiengo sozialak maila honetako nagusikeria baten aurrean?, Alkateak debekatu al dezake plataformak herriarentzako egokien den hondakinen bilketa sistemari buruz sustatutako herri galdeketa bat?, nola legitimatzen dira plataformak sustatutako herri galdeketa baten emaitzak, udal gobernuaren babesik ezean?.
Arartekoak hilabete batzuen buruan erantzungo die galdera hauei.
Bien bitartean zaborraren arazoa «denen artean» konpondu beharrekoa dela uste du plataformak. Beste behin udal gobernutik jaso duten erantzuna kritikatu dute, «uztailetik hona behin bakarrik» bildu direla gogorarazi dute, eta «plataformaren hala eskatuta».
Amaitzeko atezateez.com web gune berria aurkeztu zuten. Eta bide batez, atzo zaborraren gaia eztabaidatzeko egin zen agenda 21eko foroan parte hartzeko deia luzatu zieten herritarrei.