Bisitariak eta salmentak «pixka bat» jaitsi dira liburu azoketan
Goierriko bost euskal liburu eta disko azoken antolatzaileek balorazioa egin ostean, orokorrean «ona» da feriek utzi duten balantzea. Nabaritu dutenez, ordea, jendea aurreko urteetan baino «gutxixeago» ibili da, eta azoka batzuetan salmentak ere «...
Goierriko bost euskal liburu eta disko azoken antolatzaileek balorazioa egin ostean, orokorrean «ona» da feriek utzi duten balantzea. Nabaritu dutenez, ordea, jendea aurreko urteetan baino «gutxixeago» ibili da, eta azoka batzuetan salmentak ere «pixka bat» beheratu dira. Jaitsiera hori jostailuetan gehiago antzeman da liburuetan baino.
Datuak datu, azoka bateratua «kultur ekintza oso garrantzitsua» dela diote antolatzaileek. «Euskal kulturari bultzada emateko nahitaezkoa da, euskal liburugintzara jendea erakartzeko balio duena».
Hobetu beharrekotzat jo dute herrietan lanerako laguntzaile gehiago biltzea. «Jende asko behar izaten da, eta ahal den bezala moldatu ordez, jende multzoa handitu beharrean gaude».
Hedabideekin komunikazio arloa gehiago lantzea eta salgaiei buruz bezeroari «aukera gehiago» eskaintzen saiatu beharra ere ikusi dute; «hau da, azoka hobeto hornitu beharko genuke».
Gehien saldu diren helduen liburuen zerrendan hauek daude: Atzerri (Mikel Antza), Mussche (Kirmen Uribe), Urak dakarrena (Toti Martinez de Lezea), Ez naiz ni (Karmele Jaio), Aldamenekoa (Ainara Gorostitzu) eta Enrike Zurutuza (Ihintza Agirretxe).