Nekazariak eta gaztagileak sarituak, Ataunen
Nekazarien eta artzainen lanari aitortza egitea izan ohi da, urtero, San Isidro eguneko egitekoetako bat. Aste egun buruzurian, ordea, herritarrek aukera handirik ez ekitaldietan parte hartzeko, eta Ataunen aurten asteburura atzeratu dute ospakizuna. Azoka eta lehiaketak egin dituzte, urteroko legez. Beste urteetan baino jende gehiago joan da, eta udaleko antolatzaileak gustura geratu dira.
Postutan aukera gehiago aurkeztu du feriak. San Gregorio auzoko Zelai pilotalekuaren babesean egin zen festa, euria gogotik egin baitzuen. Herriko baserritarren produktuak ez ezik, kanpoko hainbat saltzaile ere joan ziren Ataunera. Ipar Euskal Herriko pateak, ukenduak, konpresa ekologikoak, Josu Baezek Idiazabalen ekoizten duen behi gazta, xaboiak eta landareak baziren, besteak beste. Azoka «polita» osatu zen, udalaren esanetan.
Jendea ibili zen. Goizean hamaiketan zabaldu zuten azoka. Hasieran bakan samar zegoen frontoia, eguerdirako itxuratu zen, bisitariz.
Barazki, gazta eta ziza lehiaketak
Urtero bezala, herriko produktu onenak saritu zituzten, larunbatean ere. Barazkien lehiaketan lau nekazarik parte hartu zuten. Pili Eskisabelek eta Makulik jaso zuten lehen saria, Txomin Cidek bigarrena, Aitor Romanek eta Zeferino Auzmendik hurrenak.
Zizatan, biltzaileek saskikada ederrak aurkeztu zituzten. Bost lagunek eraman zituzten, eta azkenean denentzat banatu zituzten sariak. Lehena Pello Auzmendik jaso zuen, Txomin Cidek eta Zeferino Auzmendik errepikatu zuten gero, sari banarekin; laugarrena Bitoriano Lizarraga, eta bosgarrena Felipe Munduateri eman zioten.
Gaztaren arloan, bost partaide izan ziren. Oraindik artzain batzuek ez dute gazta egin, artaldeak mendira eramango dituztelako. Haurrak izan ziren epaile, artzaintzaren balioa barneratzeko asmoa baitzeukan ekimenak. Lehen saria Josu Aldasorori eman zioten, bigarrena Juan Mari Zinkunegiri eta hirugarrena Sandra Clivilleri. Juan Isidro Sukia eta Joxe Gandarias izan ziren 4. eta 5.