Zapore oneko Ordizia
«Ordizian badugu zer erakutsi eta zertaz harro egon». Hala adierazi zuen Patxi Zubizarreta idazleak Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak martxan jarri duen proiektu berriaren aurkezpenean. Ordiziari buruzko ezagutza zabaltzeko hiru unitate didaktiko osatu dituzte; Zubizarreta da egileetako bat, Pantxike Agirre eta Lurdes Mujikarekin batera.
Ordiziaren sorrera, historia, pertsonaiak, geografia, ingurunea, lanbideak eta azoka dira hiru aletan landu dituzten gaiak, «modu grafiko, erakargarri eta ulerterraz batean». Ordizia: kilo bat istorio; Ordizia; gure herriaren eraldaketa; eta, Ordizia: gu egile, gu eragile dira hiru aleen izenburuak. Paperean eta sarean ere eskura daude www.ordizia-euskaraz.com/ordiziaezagutzen atarian.
Kattalin neska gaztea protagonista hartuta egin du Zubizarretak ezagutzaren narrazioa. Hasierako umea, neska koxkarra da bigarrenean eta ingurunearekin kritiko agertzen den neska azkenean.
Kattalinen eta haren aitona-amonen begiradak erabili dituzte, proiektua hiru belaunaldiren topalekua balitz bezala. «Azkenean, zapore oneko zerbait lortu dugu, udaletxepean saltzen zuten gazta bezala, borobil-borobila», esan zuen Zubizarretak.
Egindakoa kaleratzen
2010ean Ordiziako leku-izenak liburua argitaratu eta gero, egindako ikerketa zabaltzeko bideen gainean hasi ziren hausnartzen. «Azken batean, dibulgazioa beste formatu batean egin behar zela ikusi genuen», zioen Belen Maiza zinegotziak aurkezpenean. Hala, Jakintzakoekin eta Urdanetakoekin batera garatu dute egitasmoa. Ikastetxeek proposatutako beharren arabera moldatuta, ikasgeletan lantzeko moduko materiala osatu dute.