«Familiako ofizio honen laugarren belaunaldia naiz ni»
Erlojugileek, ordulari baten mekanismoaren bitartez, denbora kontrolatu eta doitu behar dute. Erloju konpontzaileen ezaugarririk nabarmenenak abilezia eta intuizioa dira, erlojua konpontzeko arazoa nondik datorren ikustea ez baita nolanahiko lana.
Jose Ramon Munduate (Ordizia, 1950) erlojuak konpontzen aritu da 14 urte zituenetik, aitak Ordizian zeukan erloju tailer-dendan, eta hantxe ikasi zituen ogibidearen nondik norakoak. Aitarengandik ikasi zituen erlojugintza tradizional mekanikoari buruzko ezagutzak: «Aitak eta aitonak erakutsita ikasi nuen ofizioa; lehendabizi birraitona hasi zen ofizio honekin, ondoren aitonak jarraitu zuen, gero aitak, eta, gaur egun, ni ari naiz tradizioari jarraitzen. Sendiko ofizioaren laugarren belaunaldia naiz ni».
Gaur egun, Ordiziako Kale Nagusian dagoen Munduate erloju dendan lan egiten du. 1883. urtean eraiki zen Ordiziako Munduate erloju denda, eta, geroztik, belaunaldiz belaunaldi lanean jarraitu dute senitartekoek, herritarren zein beste edozein bezeroren erlojuak konpontzen.
Erlojuak konpontzeaz gain, eskaintza zabala dute erloju dendan: bitxiak, oparitarako elementuak… Gainera, merkatuan ezagunak diren markekin lan egiten dute. Horrez gain, erlojuak konpontzeko lantegi propioa daukate, eta bertan konpontzen dituzte bezeroen ordulariak.
Garai bateko erlojuekin alderatuta, gaur egungoek ez dute zerikusirik hasierakoekin. Erloju mekanikoak alde batera utzi dira, eta digitalak dira nagusi. «Erlojuak erabat aldatu dira; orain berriro automatikoak erabiltzen hasi denik ere bada, baina oso gutxi hala ere. Erloju automatikoek ez dute pilarik, mugimenduarekin ibiltzen direnak dira, eta kargatu egiten dira», azaldu du Munduatek. Hala ere, gehien erabiltzen diren ordulariak kuartzoan eginak eta digitalak direla jakinarazi du.
Garai batean ordularien zenbait alderdi elektroniko konpongarriak baziren ere, gaur egun, kasu gehienetan pieza osoa aldatzen dela adierazi du erloju konpontzaileak. Gainera, gaur egungo ordularien arazoak konpondu ahal izateko, erloju konpontzaileek tresna bereziak eduki behar dituzte. «Garai batean, erlojuen konponketa lanak egiteko, beharrezkoa zen piezak desmuntatu, pieza bakoitza banan-banan garbitu eta hautsita zeuden piezak konpondu ondoren berriro guztia muntatzea; eta, horren ondoren, bezeroari itzultzen zitzaion erlojua. Baina, orain, oso gutxitan egiten dira horrelako konponketak», azaldu du erloju konpontzaileak.
Zaila izaten da, beraz, ordulari digitalak konpontzea, mekanismo guztia ukitu ere egiterik ez dagoen zirkuitu itxi batean biltzen delako. Erloju konpontzaileak esan duenez, «gehienetan dena aldatu behar izaten da. Moduluak bezala izaten dira, eta batzuetan horiek ezin dira konpondu hondatuta dauden piezak aldatuta ere». Dena dela, izaten dira konpondu ezin daitezkeen arazoak ere: «Askotan denbora mordoa pasatzen dugu, eta ez dugu asmatzen zein den arazoa, eta horrek sekulako amorrazioa ematen du».
Egungo bezeroak
Horrenbeste ordulari marka izanda, erloju konpontzaileek hainbat pieza eduki behar izaten dituzte beren tailerretan. «Ofizio honetan aspalditik gabiltzanez, pieza mordoa ditugu, baina, batzuetan, eskatu egin behar izaten dira hainbat almazenetatik: bai Donostiatik, bai Bartzelonatik baita Madrildik ere».
Ordiziarrak esan duenez, erosleen profila askotarikoa da. Adinekoek nahiz gazteek erosten dituzte erlojuak. Gainera, gaur egun ordulariak maiz ematen dira opari modura ere: «Gehienbat, edadetuei oparitzen zaizkie ordulariak. Batzuetan ezkondu zirenetik 50 urte bete dituztelako, besteetan erretiroa hartu dutelako… Gazteak gehiagotan etortzen dira ordulariak erostera, sarriago aldatzen baitute erlojua, moda kontuengatik gehienetan». Baina, azken urteetan, krisiaren ondorioz erloju salmenta ere gutxitu egin dela adierazi du.
Bezeroak erloju zaharrak edo familiako oroigarriak konpontzera joaten diren galdetuta, honela dio Munduatek: «Erloju zaharrak konpontzera etortzen direnean gehienetan hormako erlojuak izaten dira. Eskumuturreko erloju zaharrak ere konpondu izan ditugu noizbehinka, baina gehienetan oso hondatuta egoten dira, eta batzuetan ez du merezi horiek konpontzea. Ongi jartzeak ere denbora asko eskatzen baitu eta horren ondorioz gora egiten baitute prezioek».
Konponketa prozesua
Prozesu guztietan, ordulariak konpondu edo garbitu behar dituenean, lehendabizi aurrean duen pieza aztertzeari ekiten dio erloju konpontzaileak, arazoa zein den ikusteko. Ondoren, bezeroari aurrekontu bat prestatzen dio, eta horrek onartzen badu, erlojuaren konponketarekin hasten da. «Lehendabizi, erlojuak zein arazo daukan ikusten da, eta, ondoren, bezeroei gure iritzia ematen diegu konponketa egitea merezi duen ala ez esanez».
Munduateren esanetan, bere ogibidean bi bertute nagusi behar dira: pazientzia eta pultsua. «Pazientzia da, nire ustez, ofizio honen gakoa, baina pultsuak ere badu garrantzia. Baita ikusmenak ere, baina hori luparekin konpontzen da», azaldu du. Horiez gain, komenigarria da eskarmentua eta intuizioa izatea ere, diagnostikoa azkar eta zehaztasun osoz egin ahal izateko: «Esperientziak ere asko esaten du».