Olaberria Herriarteko palako txapeldunorde geratu da, bigarren urtez jarraian
Herriartekoan agian ez, baina herrien artean onena Olaberria da. Pala lehiaketako finala larunbatean jokatu zuen Olaberriko taldeak, zazpigarren aldiz. Aurkariak irabazi dio, Donostiak; eta haren joko zelaian, Atano III.a pilotalekuan. Bi partidak donostiarrek irabazi zituzten, eta, merezimendu osoz, Herriarteko txapeldun dira hirikoak, seigarren aldiz.
Hiriburuko taldeak bakarrik hartu dio gaina Olaberriari. Eta horrek badu esanahia, Garikoitz Arrieta palariarentzat. «Olaberriari gehiago eskatzea ere gehiegi litzateke. Ezin du hain herri txikiak gehiago egin. Lehen gaizki ohituta ere bageunden, bost final jokatu eta bostak irabaziak genituelako. Iaz eta aurten txapeldunorde geratu gara. Pena da, baina hurrengo batean beharko du», zioen Arrietak, herenegun.
Palako Herriartekoan txapela baino zertxobait gehiago bazegoen jokoan. Olaberria eta Donostia finalistak ziren, Errenteriarekin batera, bost titulu zituzten bakarrak. Larunbatean irabazten zuena nabarmendu egingo zen.
«Hau aukera ikaragarria zen. Sei txapelarekin jar gintezkeen, Gipuzkoa osoan herri bakarra. Ez dugu lortu». Historikoak, ordea, azken urteetako talde indartsuena Olaberria dela esaten du.
Finalean lehen partidatik herren
Paleta larruz jokatzera Imanol Olaran eta Gari Arrieta atera ziren, aurrena. Navarro-Sarasola donostiarrek 35 eta 27 irabazi zieten, uste eta nahi baino alde handiagoz. Bigarren neurketan, irabazteaz gain, zortzi tanto gehiago egin beharra ekarri zuen horrek.
Berasategi eta Garrido hortzak estututa hasi ziren. 8-18 eta 12-21 aurretik izan ziren. Baina Arozena eta Oiartzabal donostiarrak bigarren zatian esnatu ziren. Harrapatu, eta nahiz bukaera borrokatua izan zen, ordurako txapela Donostian geldituko zela garbi zegoen. 40-37 galdu zuten.
Harmailetan bai, Olaberriak irabazi zuen. Autobuskada bat lagun joan zen, haurrak ere tartean. Etengabe animatu zuten beren taldea. Behin Olaberrian, lagun arteko bazkaria egin zuten. Eta han bai, 40ra iritsi ziren (bazkaltiar kopurua hori zen). Beraz, herrien artean eta herrian, txapeldun Olaberriko palariak dira.