Helburua ikasketak enpresen beharretara egokitzea eta Goierri garaiko gazteei aukerak ematea da. Bellota, CIE, Arrola eta GKN enpresek sinatu dute hitzarmenaLegazpiko Arrola, Bellota, CIE eta GKN enpresek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute UGLE eskol...
Helburua ikasketak enpresen beharretara egokitzea eta Goierri garaiko gazteei aukerak ematea da. Bellota, CIE, Arrola eta GKN enpresek sinatu dute hitzarmena
Legazpiko Arrola, Bellota, CIE eta GKN enpresek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute UGLE eskolarekin. Alde batetik, Bellotak eta CIEk teknologia berrituko dute eta UGLE euren formazio beharrak asetzen ahaleginduko da. Bestetik, GKN eta Arrola Jaurlaritzaren Duala egitasmoan parte hartzen ari dira. Honi esker, hainbat ikasle ikasketak eta lana uztartzen ari dira.
Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak lau enpresek erakutsitako jarrera ona azpimarratu du. Izan ere, lanbide heziketa ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza ezinbestekoa da. «Formazio paradigmak aldatzen ari dira, neurri batean enpresak aldatzen ari direlako, eta behar den erantzuna ematen saiatu behar gara».
Hala, UGLEk Legazpiko lau enpresekin hitzarmena sinatu du. «Bellotak eta CIEk, egin behar dituzten aldaketa teknologikoen ondorioz, langile perfil berriak behar izango dituzte. Hidraulika, elektronika eta errobotika ezagutzak dituzten forjariak beharko dituzte».
UGLEk bi enpresa horietako langileei formazioa eskainiko die eta gazteei Bellota eta CIEren beharretara egokitutako ikasketak eskainiko dizkie. Horretarako, robot bat jarriko dute eskolan. Hiruen artean erosiko dute. Teknologia hauen konplexutasuna dela eta, ikasleak Batxilergoan hasiko dira errobotika, 3D eta antzerakoak lantzen.
Dualaren helburua ere enpresen eta ikastetxeen arteko hartu-emana estutzea da. Ikasleek ikasketak eta praktikak uztartzen dituzte eta, hala, enpresen neurriko formazioa eskaintzea lortzen da.
Hitzarmena ostiralean sinatu zuten Legazpiko udaletxean eta ekitaldian lau enpresetako ordezkariek eta Kepa Urtzelai alkateak ere parte hartu zuten.
Bakarne Egiguren Arrola enpresako kudeatzaileak euren enpresa 20 langile dituen sozietate laboral bat dela esan zuen. Industriarako labeen ekoizpena eta mantenua da euren jarduera. Automozio eta aeronautika alorretan lan egiten duten Euskal Herriko enpresentzat lan egiten dute, batez ere. «Duala egitasmo bikaina iruditzen zaigu. Izan ere, orain arteko formazio epea laburra zela iruditzen zitzaigun».
GKN Driveline enpresa ingelesa da. Legazpiko lantegian autoentzako piezak egiten dituzte. Dagoeneko lauzpabost urte daramatzate auto elektrikoetarako eta hibridoetarako piezak egiten eta, beraz, ondo prestatutako langileak behar dituzte. Egunero 150 tona altzairu lantzen dituzte eta urtean 35 milioi pieza egiten dituzte. Munduan dauden hamar autotik, zortzik GKNren piezak daramatzate. Legazpin 170 langile dituzte.
Sandra Sanchez giza baliabidetako arduradunak enpresara heltzen ziren gazteen mailarekin ez zeudela gustura esan zuen. «Duala sistema ona dela iruditzen zaigu. Enpresen beharretara egokitu behar da eta gazteek ikastetxean eta tailerrean ikasi behar dute».
CIE Automotiveri dagokionez, Legazpin 200 langile ditu eta urtean 32 milioi euro fakturatzen ditu. Enpresa honek ere autoentzako piezak egiten ditu. Euskal Herriko enpresa honek mundu osoan saltzen du.
Gorka Hormaetxe giza baliabideetako zuzendariak lantegia berritzen ari direla eta langileen formazioari garrantzia handia ematen diotela esan zuen. «Goi mailako zikloak egin dituen jendea hartzen dugu. UGLErekin dugun harremana estutu nahi dugu. Orain arte, gure langileak bertara bidali ditugu eta ikasleak gurera etorri dira praktikak egitera. Hemendik aurrera, gure formazio beharrak identifikatu nahi ditugu eta UGLEren bidez erantzuna eman».
Itsasne Oñatibiak Bellota enpresaren izenean hitz egin zuen. Bellota Patrizio Etxeberria korporazioko enpresetako bat dela eta Legazpin 400 langile dituela gogoratu zuen. Zortzi lantegi dituzte eta eskuko erramintak eta nekazaritzako makinentzako piezak egiten dituzte. «Geroz eta maila altuagoko langileak behar ditugu. Hori dela eta, oso garrantzitsua da UGLErekin lan egitea. Hala, euren ikasleak gure beharretara egokituko dira eta guk eskualdeko gazteei lan egiteko aukera emango diegu. Gainera, gure langileen adina altua da eta aurki gazteak beharko ditugu».
Ikasleen iritzia
Enpresariak eta UGLEko arduradunak ez ezik, ikasleak ere gustura ageri dira. Aitor Gabilondo urretxuarrak 25 urte ditu eta Duala egitasmoan parte hartzen ari da. UGLEn ikasteaz gain, GKN enpresan lan egiten du. «Duala oso aukera ona da. Duela urte batzuk beste ziklo bat egin nuen eta orduko hartan hiru hilabete bakarrik eman nituen enpresan. Oraingoan urtebete emango dut. Alde handia dago. Askoz ere gehiago ikasten ari naiz. Enpresari balio dudana erakutsi diezaioket eta enpresak askoz ere hobeto ikus dezake balio dudan edo ez. Oso ondo hartu naute eta postu ezberdinetan lan egiten ari naiz».