Maratoiaren atarian, lanez lepo dabil Ainhoa Txurruka (Zegama, 1979). Aurtengoa «aldaketen urtea» dela adierazi du. Besteak beste, podiumean izango da aldaketa, iazko irabazleak ez dira egongo.Aurten berritasunekin dator Zegama-Aizkorri maratoia.Bai,...
Ainhoa Txurruka, Zegaman /Maialen Igartua
Maratoiaren atarian, lanez lepo dabil Ainhoa Txurruka (Zegama, 1979). Aurtengoa «aldaketen urtea» dela adierazi du. Besteak beste, podiumean izango da aldaketa, iazko irabazleak ez dira egongo.
Aurten berritasunekin dator Zegama-Aizkorri maratoia.
Bai, aurtengoa aldaketen urtea da. Puntuatzeko modua aldatu du federazioak, eta Munduko Kopa irabazteko derrigorrez hiru lasterketa ofizialetan eta kontinente mailako batean parte hartu beharra dago. Zegama-Aizkorri da Europako proba kontinentala. Dena den, parte hartzaileen aldetik ez du aldaketa handirik ekarri honek. Lehen ere Europako elitea hemen izaten zen.
Ibilbidean ere aldaketak daude.
Lehen Ultzamako gainetik beheko pistara jaisten ziren korrikalariak, eta pistan kilometro bat egiten zuten. Korrikalari askori hori ez zitzaien gustatzen, eta gainera pista itxita egon behar izaten zen denbora luzean. Horri irtenbidea emateko, pista gurutzatu bakarrik egingo dute aurten. Bigarren aldaketa Otzaurten da. Aluminiozko pasabide bat jarriko dugu korrikalariak errepidearen gainetik pasatzeko, trafikoa moztu beharrik gabe.
Aurten lehenengo aldiz kilometro bertikala ere antolatu duzue. Zergatik?
Aspalditik genuen ideia buruan, eta ibilbidea ere pentsatuta genuen duela zazpi bat urtetik. Baina orain arte ez zegoen halako
boom-ik. Orain, ordea, gero eta jende gehiagok parte hartzen du kilometro bertikaletan, eta zerbait berria eskaintzeagatik antolatu dugu. Euskal Herriko kopan sartzen da, eta Euskal Herriko elitea bertan izango da, esaterako, Iñigo Lariz eta Oier Ariznabarreta.
Kilometro bertikalaren egunean eguraldi oso txarra eginez gero zer duze pentsatuta?
Ibilbidearen azken 400-500 metroak oso pikoak dira, ia lau hankan joan beharra dago. Beraz, eguraldi oso oso txarra dagoela ikusten badugu, ez da goraino egingo. Igotzeko baino, jaisteko da arriskutsuagoa.
Urtetik urtera jende gehiagok ematen du izena maratoirako. Zergatik arrakasta hori?
Zegaman bakarrik ez, leku guztietan ari da gertatzen. Dena den, egia da Zegamako desproportzioa ez dela leku guztietan gertatzen, 500 parte hartzaileko lasterketan 6.000 lagunek parte hartu nahi izatea. Arrazoietako bat parte hartzeko dagoen zailtasuna dela uste dut. Seguru nago ez daudela 6.000 pertsona maratoia bukatzeko prest. Bestetik, lehenengoetakoa ere bada, bai Euskal Herrian, baita Espainia mailan ere.
Dortsal gehiago banatzea pentsatu duzue?
Urtetik urtera garbiago dugu ezetz. Zegama-Aizkorri ez zen sortu dirua irabazteko, eta segurtasunagatik ere ez dugu egiten. Gainera, dortsal kopurua igotzen hasita, non jarri muga? Argi dago 6.000 dortsal ezin ditugula banatu. Eta ez da ahaztu behar Zegama herri txiki bat dela, sartzen direnak sartzen dira. Iaz arazo handiak izan genituen trafikoarekin.
Duela hamalau urte lasterketa antolatzen hasi zinetenean, petsatzen al zenuten horreko arrakasta lortuko zuenik?
Inondik ere ez. Helburua Zegama Euskal Herriko mapan kokatzea zen, eta orain nazioartean ere ezagun egin da, pentsa. Duela hamalau urte oso jende gutxik egiten zuen korrika mendian. 2002an Espainiako txapelketan sartu ginen, eta 2003an mundukoan. Madrileko jendea etortzen zen, eta asko iruditzen zitzaigun.
Antolaketa lan handia eskatuko du horrelako lasterketa batek, ezta?
Gero eta gehiago. Dirua sartu da kirolean, publizitatea, ekipoak… eta horrek paper kontuak asko zaildu ditu. Baimenak eskatu, publizitatea lotu, sare sozialak elikatu, emailak erantzun… Lehen barra energetiko marka bat erosten zenuen, eta kitto. Orain 800 eskaera ditut emailean marka bat edo bestea aukeratzeko. Dortsalen gestioa ere oso konplikatua da. Eta ez da ahaztu behar denok boluntarioak garela, bakoitzak bere lana du.
Zein onura ekartzen dio maratoiak Zegamari?
Onura ekonomikoaz gain, zegamarrak harro sentitzen dira herrian horrelako lasterketa bat izateagatik; hori da garrantzitsuena, eta horrek eragiten du hamalau urtetan urtero urtero 250 boluntario lanerako prest egotea.
Jornet Zegaman izango da?
Ez, Nepalen dago. Pena da, baina horrek aukerak zabaltzen ditu podiumerako.
Zein dira faboritoak?
Niretzat Marco De Gasperi. Dena den, Kilian ez egonda denborak ere igo egingo dira. Iaz zortzi pertsona jaitsi ziren lau ordutik, baina uste dut aurten ez dela hori gertatuko, ez dagoelako Kilianen presiorik. Sorpresaren bat ere egon daiteke, adibidez, Espainiako txapeldun izan den Pere Rullan. Nik ez dut korrikan ikusi, baina oso maila onean dagoela esan didate.
Eta emakumeetan?
Emakumeetan ere ez dator iazko irabazlea, Stevie Kremer. Beraz, faboritoa iaz bigarren egin zuena da, Elisa Desco. Maite Maiora eta Ohiana Kortazar ere badatoz. Ikusiko da.
Nabari da dagoeneko giroa herrian?
Ia urte guztian etortzen da jendea entrenatzera, eta aurten kilometro bertikala ostiralean izanda, pentsatzen dut etzirako izugarrizko giroa izango dela Zegaman.
Zein eguraldi espero duzue?
Momentuz, ostiralerako txarra eta iganderako zeozer hobea. Baina ikusi egin behar, hamalau urte hauetan denetik pasa dugu. Egia esan, korrikalarientzat hobea da hotza eta euri pixka bat egitea. Beroa oso txarra da.