Imanol Alesonek hirugarrengoz irabazi du Ehunmiliak
Imanol Aleson hirugarren aldiz irabazi du Ehunmiliak proba (2010ean eta 2013an irabazi zuen aurretik). Azkoitiarrak 24:11:00ko denbora behar izan du 168 kilometroak osatzeko. Proba osoan erregulartasun handia erakutsi du Alesonek, eta azken hiru kontrol postuetan, Etzegaraten, San Adrianen eta Mutiloan lehena izan da. Bigarren postuan Jerome Rodrigues portugaldarra sailkatu da, 24:28:21eko denborarekin. Hirugarren Joan Marc Falco espainiarra helmugaratu da, 25:01:01eko denbora eginda.
Alesonek adierazi du orain arteko Ehunmilietako parte hartzeetatik hobekien sentitu dena izan dela aurtengoa, nahiz eta gauean bero handia sentitu eta asko izerditu. “Hauxe izan da gehien gozatu dudan edizioa. Orain artekoetan onena izan da niretzat”. Gau txarra pasa duela esan du azkoitiarrak, beroarengatik eta iluntasunarengatik. “Gutxi ikusten nuen, eta tenperaturarekin ere ez naiz ondo ibili”. Hala ere, eguna argitzerako “buelta eman” diola adierazi du.