Gaur, 18:30ean, Barrenan, hitzaldia egingo du Xabier Anzak, Zurrumurruez egitarauaren barruan. ELAko Batzorde Eragileko kidea eta Manu Robles Ajangiz fundazioko presidentea da.
Immigrazioaren gaian aditua ez zarelako gonbidatu omen zaituzte hitzaldira. Zein mezu eman nahi duzu?
Bi gai landu nahi ditut. Batetik, azken bi mende hauetan sistema kapitalistak hondakinak sortu ditu, hondakin industrialak eta etxeko hondakinak; baina baita giza hondakinak ere. Eta giza hondakin hori munduan zehar dabil. Irakurketa estruktural bat egingo dut. Hau da dagoen fenomenoa eta aurrera begira ere egongo dena, modu bortitzagoan gainera. Beste mundu batean pentsatu dezakegu baina errealitate hori hor dago.
Zein izango da bigarren gaia?
Hitzaldiaren bigarren zatian, arrazistak ez garenon arrazismoaz hausnarketa egin nahi dut. Arrazismoaren edo xenofobiaren adierazpenik gogorrenak gizarteak ez ditu onartzen. Komunikabideek, alderdi politikoek, sindikatuek, elizak… ez dute onartzen. Baina horrek ez du esan nahi oinarri sozialean arrazismorik ez dagoenik.
Kapitalismoaren hondakinen gaiari helduta. Zeri deitzen diozu hondakina?
Kontzientzia hartu behar dugu historiaren eta kapitalismoaren zein fasetan gauden. Denok dakizkigun hainbat gauza ordenatzea komeni da. XVIII-XIX eta XX. mendean, modernizazio ekonomikoa, industrializazioa, herrialde batzuetan bakarrik gertatu zen; batez ere, Europan eta Amerikako Estatu Batuetan. «Modernizazio» horrek, landatik hirietara jende asko mobilizatu zuen, eta hirietan giza soberakin ikaragarri bat sortu zuen. Horrek egin zuen Bretainia Handiko jende asko AEBetara joan behar izatea, Espainiatik Hego Amerikara joan behar izatea, Frantziatik Aljeliara edo Kaledonia Berrira… Hau da, kapitalismoaren sorrerarekin giza soberakina dator. Eta arazo lokal bati, Europako arazoari alegia, halako irtenbide globala eman zitzaion garai hartan. Bazegoen mundua esploratzeko lekua.
Garai hartako immigrazioa onartuta dago.
Bai. Irtenbide global bat eman zitzaion prozesu lokal bati. Europaren modernizazio ekonomikoaren irtenbidea izan zen lurralde batzuen okupazioa. Baina gaur egun zer gertatzen da? Beste lurraldeak garapen ekonomiko eta industrializazio hori garatzen doazen heinean ere, beren giza soberakina sortzen ari direla. Baina, momentu honetan ez dago mundua «okupatzeko» lekurik. Arazo globala daukagu, giza soberakin ikaragarriak daude toki askotan eta munduan zehar dabiltza, baina ez dago irtenbide globalik. Gaur egun, egoera horretan gaude eta horri gehitu behar zaio datozen hogei urteko egoera.
Zein aurreikuspen egiten duzu etorkizunari, datozen hogei urtera begira?
Errefuxiatu klimatikoak gehitu beharko dira hemendik hogei urtera. Parisen Klimaren munduko gailurra egingo da laster, eta ez da lortuko emisioen inguruko adostasunik. Akordiorik onenak lortuko balira ere, aldaketa klimatikoa egongo da, 2-3 gradu igoko da tenperatura. Horrek sekulako aldaketa ekarriko du kliman, lurrean… eta hipotesirik onenean, migrazioari begira, datozen 20-30 urtetan 150 milioi errefuxiatu klimatiko egongo dira. Hainbat herri urpean geratuko dira, edo klima bortitzagatik hainbat landa ez dira produktiboak izango, hainbat bizimodu tradizional hondatu egingo dira… ikaragarria izango da. Egoera horren aurrean ezin dugu begirik itxi. Immigranteak dira gure iragan gordinaren eta gure etorkizunaren mezulariak. Immigranteek erakusten digute zer datorkigun. Elkarrekin bizitzen ikasi behar dugu.
Arrazistak ez garenon arrazismoaren gaiari lotuta, zer esan nahi duzu, oinarrian arrazistak garela?
Marotorekin gertatu dena adibide ona da. Marotok esan zuen bertakoak okerrago tratatuta daudela immigranteak baino. Denok daukagu diskurtso demokratiko, ilustratu eta tolerante bat maila ideologikoan edo baloreen eremuan. Baina gero jarrerak eta sentimenduak daude eta ez du esan nahi jarreran eta sentimenduetan benetako aldaketak eman direnik. Marotok hauteskundeak irabazi zituen Gasteizen, bere alderdiak Hego Euskal Herrian porrot egin zuenean. Argi geratu zen gure tolerantzia maila hori oso arina dela oraindik, demokratikoki ez gaudela hain fuerte. Oso kezkagarria da pasatu dena.
Jarrera horiek aldatzen laguntzeko zer proposatzen duzu egitea?
Ordizian egiten ari diren Zurrumurruez bezalako kanpainek balio dute. Baina nik uste dut bilatu behar dela eragileen benetako konpromisoa. Elizak bere eremuan, sindikatuak bere eremuan… hor txertatu behar da immigrazioa. Eguneroko bizimoduan eman behar dira aldaketak. Irakurketa estruktural honek onarpena eskatzen digu.
Onarpena esaten duzunean, zer esan nahi duzu?
Elisabeth Kübler-Ross psikiatrak ikerketa bat egin zuen gizakia heriotzaren aurrean nola kokatzen zen ikusteko. Ondorioztatu zuen heriotzaren eta ga- leraren aurrean, gizakiok beti bost fase bezala pasatzen ditugula. Lehenengo fasea ukatzea da: hau ez da posible, beste mediku bat bilatu behar dut… Bigarrena da, haserrea; hirugarrena, depresioa; laugarrena negoziazio faltsua da, Arantzazura joango naiz oinez, erretzeari utziko diot…. Eta bosgarrena da onarpena. Nik uste dut bizitzaren alor guztietan hori pasatzen dela. Duela 15 urte Hego Euskal Herrian ia ez zegoen immigraziorik. Normala da, pertsonalki eta herri bezala, bost fase horiek pasatu behar izatea.
Zein fasetan gaude?
Nik irakurketa estruktural hori egin nahi dut, adierazteko, gizaki bezala, eskubide osoa daukagula bost faseak pasatzeko, haserretu gaitezke, deprimitu gaitezke… baina hauxe da dagoena: Onartu egin behar dugu. Horrekin bizitzen ikasi behar dugu; ez daukagu beste soluziorik.