«Aitona irratiari pega-pega eginda egoten zen, bertsoak entzuten»
Asier Iriondo (Beasain, 1973) Bertso Olariak elkarteko kidea da. Bertso saioa antolatu dute gaur gauerako, Legazpiko Latxartegi aretoan. Bera arituko da gai jartzailea lanetan.
Beasainen jaio zinen, nolatan?
Ama Arriarangoa zen eta hiru urte bete nituen arte bertan bizi izan nintzen. Aita Legazpikoa zen eta, Patrizio Etxeberria enpresan lan egiten zuenez, hona etorri ginen. Legazpin hasi nintzen ikastolan.
Dena den, Arriaranekin lotura estua duzu.
Aitona-amonak Arriarango Zabalondo baserrikoak ziren eta familiakoak bertan elkartzen gara. Gainera, Arriarango Intxaurpe elkarteko kidea naiz. Legazpiarra eta arriarandarra naiz. Beti azpimarratzen dut arriarandarra ere banaizela. Intxaurpe elkartean elkartzen garen gehienok Arriarandik kanpo bizi gara, baina jatorriz bertakoak gara. Arriaranek merezi du!
Nolatan bertsozale?
Arriarango aitona irratiari pega-pega eginda egoten zen, erabat kontzentratuta, bertso saioak entzuten. Hori da bertsolaritzarekin lotutako lehen oroitzapena. Arriarango osaba ere oso bertsozalea zen.
Noiz hasi zinen bertsotan?
16 urterekin hasi nintzen, Legazpin. Taldetxo bat sortu zen, Iñaki Azarola bertsolariak gidatuta. Kultur etxean elkartzen ginen, larunbat goizetan. Joseba Barandiaran, Eneko Azarola, Jon Elustondo eta laurok elkartzen ginen, helduagoak ziren batzuekin batera. Esperientzia hark gutxi iraun zuen, Azarolari emaztea hil baitzitzaion. Gasteizera ikastera joan nintzenean, hango bertso eskolan hasi nintzen. Han abestu nuen lehenengoz jende aurrean. Aitonak eta amak ez zidaten kantatzen entzun. Aukera izan balute ere ez dakit entzutera joango ziren!
Nolako bertsolaria zara?
Oso modu xumean aritu naiz beti. Txapelketa batzuetan parte hartu dut, baina maila apalean. Bertsolari narras samarra naiz: egiturari baino gehiago, beste gauza batzuei ematen diet garrantzia.
Arabako bertsolaritza suspertzen lagundu zenuen.
Ni hasi nintzenean, Araban ez zegoen egungo bertso giroa. San Prudentzio txapelketa antolatzen zen eta lehenengoz aurkeztu nintzenean hamar lagun bakarrik aurkeztu ginen. Egungo bertsolariak gu baino askoz hobeak dira. Gainera, bertsolaritza Gasteiztik herrialde osora zabaldu da. Araban sekulako lana egin dute.
Irakasle lanetan urte asko daramatzazu.
Gasteizen hasi nintzen: 19 urterekin hango bertso eskolan hasi nintzen eta 20rekin eskolak ematen hasi nintzen. Helduei, haurrei, zaharrei, euskaldunberriei, presoei… eman dizkiet bertso eskolak.
Egun, Legazpiko bertso eskolako irakaslea zara.
Helduen talde bat eta haur eta gaztetxoen lau ditugu. Nik 13-14 urteko hiruzpalau mutikori ematen dizkiet eskolak. Lan polita da, baina urte hauetan denetik tokatu zaigu: batzuk oso bertsozaleak dira eta beste batzuek ez dakite ondo zertara datozen. Dena den, Bertsozale Elkartea ikastetxeetan eskolak ematen hasi zenetik gauzak aldatu egin dira. Egun, haur guztiek dute bertso munduaren berri. Bestalde, haurrak haurrak dira: Legazpiko udal euskaltegian etorkinen seme-alabei euskara eskolak ematen dizkiet eta bertan jaiotako umeei bertso eskolak ematea bezala da.
Ostiral honetarako bertso saioa antolatu duzue. Zer azpimarratuko zenuke aurtengo saioaz?
Azpimarragarriena Nerea Elustondok abestuko duela da. Izan ere, Nereak ez du askotan abestu Latxartegin. Ez zaio gustatzen. Asko dira beraien herrian abestea gustuko ez dutenak.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzen ari da.
Hala da. Finalerdietarako sailkatu da eta, beraz, sasoian etorriko da.
Finalerdietan lan ona egingo duela uste al duzu?
Berak askotan zalantzak izan ditu, baina entrenatzen ari da eta niri beti bertsolari ona iruditu zait. Garai batean Urretxuko bertsolariekin aritu nintzen, Gorka Azkarate eta Gorka Ojangurenekin eta Juanjo Sagastibeltza irakaslearekin. Bera oraindik umea zen, baina gainontzeko haurrek baino askoz erraztasun handiagoa zuen eta gurekin etortzea proposatu genion. Lehen saioan ez bazen bigarrenean, Sagastibeltzak lau oinak eman zizkion eta berak bat-batean bota zuen bertsoa. Ume asko ikusi ditut bertsoak egiten ikasten eta halakorik ez dut sekula ikusi. Nerea inoiz ez dut trabatuta ikusi. Hobea edo okerragoa, beti bertsoa osatu du.
Legazpiko bertso eskolarentzat garrantzitsua izango litzateke Elustondo finalerako sailkatzea.
Bai, noski. Finalerdietan parte hartu behar duten bertsolari guztiak onak dira eta Nerea finalerako sailkatzea oso pozgarria izango litzateke. Bittor Agirre eta Iñaki Azarolak 80 urte inguru dituzte dagoeneko eta Jokin Matxinandiarenak 60 inguru. Azken hamarkada hauetan Nerea izan da gure bertsolari ezagunena. Legazpi ez da inoiz herri bereziki bertsozalea izan eta gure bertsolari batek finalean parte hartzea gauza handia izango litzateke.
Zer gehiago aurreratu dezakezu ostiralerako antolatu duzuen bertso saioaren inguruan?
Nerearekin batera Iker Zubeldiak, Sustrai Colinak eta Maialen Lujanbiok abestuko dute. Denek abestu dute noizbait Latxartegin. Nik neuk jarriko ditut gaiak, baina oraindik ez ditut prestatu. Legazpiarrentzat gertuko diren gaiak jartzen saiatuko naiz. Bertsolariengan baino gehiago, publikoarengan pentsatuko dut. Legazpiri buruz abestu beharko dute, besteak beste.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ere gai jartzaile lanetan zabiltza. Zer moduzko lana da gai jartzailearena?
Gai jartzaile lanetan asko ibili naiz, baina txapelketetarako txipa aldatu behar da. Bertsolari guztiei zailtasun berbera jartzen saiatu behar zara. Hori dela eta, ariketak oso antzekoak izan behar dira. Dagoeneko txapelketetako gaiak eta plazakoak ezberdintzen ikasi dudala uste dut. Legazpiko saiorako, txapelketako zurrunbilotik aldentzen saiatuko naiz.
Nork uste duzu irabaziko duela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa?
Egia esan, ez pentsa bertso saio asko entzun ditudanik. Gehienek Beñat Gaztelumendi aipatzen dute. Alaia Martin, Jon Maia eta Nerea Elustondok ere gertu egon beharko lukete. Hori nahi dut behintzat!