Euskararen Nazioarteko eguna Loinazko San Martin plazaren azpian ospatuko dute herriko hainbat eragilek eta elkartek. Ikastetxeek ere euskararen aldeko aldarrikapenak egingo dituzte
Beasaingo Mintzodromoa
Azkeneko urteetan abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna, mintzodromoarekin ospatu izan da Beasainen. Euskara ikasten ari direnak eta euskaraz dakiten herritarrak mahaiaren inguruan esertzen ziren solasaldi laburrak eginez. Aurten, ordea, asmo berriz dator Beasaingo Udala.
Ane Barandiaran euskara teknikariak aurreratu duenez, «euskararentzat bere txikitasunean toki bat aldarrikatzeko helburuz», Loinazko San Martin plazaren azpian, sare panelak edo muralak jarriko dituzte. Herritarrek eta herriko elkarteek, euskararekin lotutako esaldiak, leloak, poesiak, marrazkiak… jarriko dituzte muraletan.
Goizez eta arratsaldez
Goizean euskaltegietako ikasleen ardura izango da murala mezuz janztea. Mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte plaza azpian horretarako, 10:00etatik 12:00etara. Herriko ikastetxeek ere aukera izango dute gelan landutako mezuak bertan txertatzeko. Parte hartzaileei salda edo txokolate beroa banatuko zaie.
Arratsaldean, 18:00etatik 19:30era, berriz, herriko elkarteen eta herritarren txanda izango da. Udaletik ahalik eta parte hartzerik eta inplikaziorik handiena lortu nahi dute. Kantujirako taldeak , adibidez, parte hartuko du ekitaldian. 19:30ean, parte hartu duten guztiekin familiako argazkia aterako dute.
Dena den, herriko beste eremu batzuetara ere eraman nahi dute euskararen aldarrikapena. Ostalariengana eta merkatariengana ere iritsi nahi du udalak.
Nirekin euskaraz dioten txapak banatuko zaizkie herritarrak euskaraz egitera animatzeko.
Ikastetxeek ohikoa dute euskararen eguna ospatzea. Hainbat ekitaldi ari dira antolatzen. Beasaingo ikastolak abenduaren 2an egingo ditu ospakizunak, 3an jai egiten dute eta.
Disko eta liburu azoka
Bestetik, udaletik aurreratu dutenez, euskal disko eta liburu azoka abenduaren 18tik 20ra egingo dute.