«Hidratazioa aurretik, bitartean eta ondoren zaindu behar da»
Mendizalea, erizaina eta blogaria da Xabi 'Smithy' Mujika ordiziarra. Mendiaz eta hidratazioaren garrantziaz hitz egingo du astelehenean, bere jaioterrian antolatu duten Mendi Astean.Ordiziako Mendi Astearen barruan, hidratazioari buruzko hitzaldia egi...
Mendizalea, erizaina eta blogaria da Xabi ‘Smithy’ Mujika ordiziarra. Mendiaz eta hidratazioaren garrantziaz hitz egingo du astelehenean, bere jaioterrian antolatu duten Mendi Astean.
Ordiziako Mendi Astearen barruan, hidratazioari buruzko hitzaldia egingo duzu. Zure bi alorrak, mendia eta osasuna biltzen ditu saioak, ezta? Pirenaica aldizkarian argitaratutako artikulu baten harira deitu zidaten Ordiziako Mendizale Elkartetik. Hasieran mendi irteeraren bati buruz zerbait egiteko eskatu zidaten. Banituen bideo edo argazki muntaia batzuk, baina ez nituen formatu horretarako egokiak ikusten, denboragatik eta. Orduan, nik mendi aste batean zer aportatu nezakeen pentsatu nuen, eta zerbait ezberdina egiteagatik, elikaduraren edo hidratazioaren inguruko zerbait egitea proposatu nien. Gero eta mendi proba gehiago daude. Entrenamenduez gain, hidratazioa kontuan hartzen al da? Nik uste dut gutxien zaintzen den arloa dela. Gaur egun, batez ere jende gazteak, badaki gutxi gorabehera zer jan behar duen:; energia barratxoak, gelak… Elikadura aldetik jendeak ez du arazo handirik izaten. Baina errendimendu bat mantentzeko, bi gauza izan behar dira kontuan: gorputzean ditugun azukre erreserbak ez bukatzea eta gorputza hidratatuta mantentzea. Eta normalean hidratazioa ez da kontuan izaten. Egarria dagoenean ura edaten da eta kitto. Beraz errendimendua mantentzeko, gorputza gastatzen ari den bitartean ondo hidratatzea da garrantzitsua. Hidratazioak hiru fase ditu, aurretik, bitartean eta ondoren, eta hirurak zaindu behar dira. Proba hasi aurretik ondo hidratatuta izan behar da gorputza; baina bitartekoa eta batez ere ondorengoa oso garrantzitsuak dira, eta askok ez dituzte kontuan hartzen. Proba bukatu eta ahaztu egiten dira; baina bukatzen denetik lehen orduan edo bi orduetan, leiho bat irekitzen da non gorputzak eskatu egiten duen: «emaidazu, emaidazu, dena hartu behar dut eta». Eta jendeak ez du tarte hori aprobetxatzen. Beraz, proba bukatu berritan hartzen den edariarekin bakarrik ez da nahikoa. Ez. Hori ere behar da, baina gorputzak gero ere desgaste bat izaten jarraitzen du, batez ere iraupen luzeko probak direnean. Gertatu izan da mendizale batek proba bat bukatu, ustez ondo egon, baina behar bezala hidratatu ez delako, biharamunean giltzurruneko urritasunagatik ingresatu behar izatea.«Mendi probena beste filosofia bat da, baina eboluzio naturalaren parte dela uste dut»Mendi irteera edo proba bati begira, nolako plangintza egingo zenuke? Inportantea da etxetik ondo hidratatuta etortzea. Horretarako trukorik onena, pixaren koloreari begiratzea da; argia bada, ondo hidratatuta zaudenaren seinale. Eta bitartean zenbat galdu duzun jakiteko, probaren aurretik eta ondoren pisatzea ere neurgailu ona da. Ariketaren aurretik ondo hidratatuta bazaude, normalean urarekin nahikoa izaten da. Baina hidratazioaz gain errendimendua hobetzea bilatzen bada, ona izaten da azukre pixka bat botatzea. Proban zehar, uraz gain mineralak ere galtzen dira, eta bigarren fase horretan ura eta mineralak sartu behar dira, gatzak alegia. Proportzio egokia bilatzeko, errazena prestatutako edarietara jotzea da, edari isotonikoek proportzio egokia izaten dutelako. Etxean ere egin daiteke, baina proportzio hori ondo bilatzea zailagoa da. Ur litro batean goilarakada bat gatz, beste bat bikarbonatoarena eta limoi zukua nahasita lortu liteke. Errendimenduari begira, karbohidratoak edo azukre pixka bat gehitu daitezke. Eta bukaeran, ura eta mineralak behar ditu gorputzak. Azukrea eta proteinak ere gehitu daitezke; izan ere, proba handi batean halako desgastea hartzen du gorputzak, muskuluak kontsumitzen hasten dela. Horregatik dira bukatu ondorengo bi ordu horiek hain garrantzitsuak, muskulua behar bezala bergeneratzeko. Elikadura eta hidratazioa bezalako gaien inguruan, ba al dago behar adina informaziorik? Gaur egun Interneten-eta, informazio asko dago, baina hori ona eta txarra izan daiteke, informazio hori nondik datorren eta nork ematen dizun ere jakin egin behar baita. Informazio serioa edo gutxieneko oinarri zientifiko bat duena bilatzea ez da horren erraza. Batez ere elikaduraren arloan, mitologia asko dago, eta esaten diren gauza asko batere funtsik gabekoak dira. Eta etxe komertzialak asko aprobetxatzen dira horretaz. Zuk zeuk ere baduzu blog bat. Noiztik eta nolatan zabiltza mundu honetan? Egia esan ez dakit zehazki noiz hasi nintzen, baina urte batzuk badira. Emaztea irakaslea da eta bere eskolako bloga eramaten zuen, eta hark esanda hasi nintzen mendiko blog bat egiten, baina inongo pretentsiorik gabe. Hasieratik garbi nuena zen mendiaren inguruan eta euskaraz egin nahi nuela, eta horrela hasi nintzen. Mendizalea izanda eta osasun arloan lan eginda, nola ikusten duzu azken urteetan mendiko kirol probek izan duten hazkundea? Nik uste dut eboluzio natural bat dela. Duela milaka urte, pentsatzen genuenean mendian Mari eta Basajaunak bizi zirela, kutsu mitologiko bat zuen mendiak. Gero pixkanaka gizakia mendira hurbiltzen hasi zen, artzaintzagatik edo ehizagatik. Mendira afizioz edo aisialdi modura igotzea duela oso denbora gutxiko kontua da, eta hor ere garapen bat dago. Lehenengoa inguruko tontorrera igotzea zen, gero mendi handiagoetara joatea, eta orain tontor horietara ahalik eta azkarren igotzea. Beste filosofia bat da, baina eboluzio horren parte bezala ikusten dut.
ORDIZIAKO MENDI ASTEA Ordiziako Mendizale Elkarteak antolatuta, Mendi Astea egingo dute, astelehenetik aurrera. Lau saio egingo dituzte Barrena jauregian, 19:30ean. · Azaroak 30. Goierriko Mendizale Beteranoek Euskal Herriko Zeharkaldi Handia azalduko dute, 21 etapatan egindako 430 kilometroko ibilbidea. · Abenduak 1. Xabi Mujika mendizale eta erizainak, Mendia eta hidratazioa hitzaldia egingo du. · Abenduak 2. Joseba Iztueta eta Alex Sukia mendizale goierritarrek, Euskal Herria-Bolivia 2015 espedizioko irudiak eta azalpenak eskainiko dituzte. · Abenduak 3. Alberto Zerain mendizaleak Broad Peack mendira (8.045m.) egindako espedizioaz hitz egingo du.