Zegamako Tartaloetxe pilota elkartea Gipuzkoako Elkarteen arteko txapelketako bi finaletara iritsi da: eskuz banaka eta eskuz binaka. Ez dute irabazi, baina maila ona eman dute pilotariek.Askotan helburua ez da helmuga, bidea baizik. Ez da garrantzitsu...
Zegamako Tartaloetxe pilota elkartea Gipuzkoako Elkarteen arteko txapelketako bi finaletara iritsi da: eskuz banaka eta eskuz binaka. Ez dute irabazi, baina maila ona eman dute pilotariek.
Askotan helburua ez da helmuga, bidea baizik. Ez da garrantzitsuena irabazle gelditzea, nor bere mailan ondo ibiltzea baizik. Hori da Zegamako Tartaloetxe pilota taldearen kasua. Aurten, Gipuzkoako elkarteen arteko pilota txapelketetako finaletan aritu dira.
Bi final jokatu dituzte: eskuz banaka Iñigo Intxausti aritu da, eta eskuz binaka, berriz, Unai Atxa eta Beñat Azketa. Ezin izan zuten txapela jantzi, baina etxeko lanak ondo bete zituzten pilotariek. Gustura daude lortutako emaitzekin taldeko delegatu Juan Mari Gereñu, epaile lanetan aritzen den Luis Suarez eta Iñaki Zabala eta Luis Mari Arrieta teknikoak. Hala azaldu du Suarezek: «Finalera iristea izan da gure txapela, gure saria». Izan ere, helburu nagusia inoiz ez da izan Gipuzkoako elkarteen arteko txapelketa irabaztea, iriste hutsarekin zuten helburua bete dute. «Gu guztiok klasifikatzearekin amesten genuen, eta behin hori lortuta, gustura gelditu gara», nabarmendu du Suarezek.
Handitzen doan taldea
Gereñuk adierazi du taldeko pilotari guztiek maila ona dutela, eta lanak txukun ari direla betetzen. «Ezin zaie gehiago eskatu pilotariei».
Guztira 22 pilotari inguru aritzen dira Tartaloetxe taldean jokatzen. Nagusien kategorian zazpi, kadeteetan hiru, alebinetan bi eta benjaminetan, berriz, hamar bat pilotari.«Zegama bezalako herri txiki batentzako pilotari dezente ditugu», esan du taldeko Gereñu delegatuak. Hiru pilotari daude beasaingoak, bakarra segurakoa, eta gainerakoak zegamarrak dira.
Ohore maila eta euskal liga
Orain bi pilota txapelketatan parte hartuko dute senior mailan. Izan ere, sailkatzea lortu dute, eta horregatik eskuz banaka Euskal Ligan arituko dira, eta eskuz binaka, berriz, Ohorezko Mailan. Ohorezko mailan jokatuko dute Atxak eta Azketak. Bestalde, Euskal ligan jokatuko duen pilotaria Intxausti segurarra izango da.
Gaur bertan, 22 urtez azpiko kategorian final laurdenetako pilota partida dute Iban Matxinandiarenak eta Iñaki Zabalak, Errenterian, 19:45ean. Errenteriako Eple taldekoen aurka lehiatuko dira Tartaloetxeko pilotariak. Sailkapen partidak irabazten badituzte, kategoria horretan Euskal Ligan lehiatuko dira. Gereñuren ustez ezin da gehiago eskatu, pilotariak maila «ezin hobea»erakusten ari dira.