
Panorama politikoa erabat aldatu da Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan, duela lau urtekoekin alderatuta. Alderdi berrien sarrerak, Hego Euskal Herrian ez ezik, Goierrin ere izan du eragina, eta Ahal Dugu-Podemos, Goierriko hirugarren indar politikoa bihurtu da, PSEri eta PPri aurrea hartuta. Eskualdeko datuak kontuan hartuz, EAJ izan da boto gehien jaso duen alderdia, 10.093 guztira. Abertzaletasunaren munduan aurkari zuzena duen EH Bilduri aurrea hartu dio horrela, 800 botoko aldearekin. EH bilduri 9.290 goierritarrek eman diote babesa, eta boto kopuruan behera egin badu ere, eskualdeko bigarren indar nagusia izan da.
Ahal Dugu alderdiaren gorakadaz jabetzeko, herriz herriko datuak ikusi besterik ez dago. Beasainen eta Zumarragan, esaterako, bigarren indarra izatea lortu du. Gainontzeko herri gehienetan berriz, hirugarren alderdi bozkatuena izan da, estatu mailako gainontzeko alderdiei gain hartuta.
Bere aldetik, EAJk mantendu ez ezik igo egin du boto kopurua; 2011ko bozekin alderatuta, 800 boto gehiago jaso ditu Goierrin. Herririk handienetan (Beasainen, Legazpin, Lazkaon, Ordizian edota Urretxun) ere, 100 bototik gora irabazi ditu. Zumarraga izan da alderdi jeltzaleak behera egin duen herririk bakarrenetakoa.
Jaitsiera nabarmena izan duena, EH Bildu koalizioa da. 2011n Amaiurrek lortutako kopuruaren aldean, 5.500 boto gutxiago jaso baititu aurtengoan. Hala ere, hainbat herritan lehen indarra izaten jarraitzen du, esaterako Ordizian, Lazkaon, Zaldibian, Seguran, Zegaman edota Ataunen.
PSE eta PPren gainbehera
Ahal Duguren sarrerak eta PPk nahiz PSOEk estatu mailan izan duten boto galerak, eragina izan du eskualdeko emaitzetan. Hala, PSE eskualdeko hirugarren indar izatetik laugarren postura pasa da, 1.200 bototik gora galduta. PPk ere beste horrenbeste galdu ditu, eta eskualdean duen babesa apenas 2.000 botora murriztuta gelditu da. PSEk emaitza onak lortu dituen herri bakarra Zumarraga da; 2011tik hona 600 boto galdu arren, herri horretako lehen indarra izaten jarraitzen du.
Estatu mailako hiru alderdi nagusien itzalean geratu dira IUrekin aliantzan doan Ezker Anitza eta Ciudadanos alderdiak. Aurrenak 886 boto jaso ditu, eta bigarrenak 780.
%27,96ko abstentzioa
Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan 54.042 goierritarrek zuten botoa emateko eskubidea, eta horietatik 37.266 izan dira hautestokietara joan direnak. Abstentzioak behera egin du 2011ko bozekin alderatuta; hala, aurten %27,9koa izan da, duela lau urte baino 2,6 puntu txikiagoa (%30,5ekoa izan zen).
Herriz herri begiratuta, Arama, Zaldibia, Olaberria eta Legorreta dira abstentziorik txikiena izan dutenak; handiena berriz, Mutiloan, Gaintzan eta Idiazabalen izan dute.
Egun lasaia, festa giroa eta bitxikeriaren bat edo beste
Udaberria eta udazkena izan ohi dira hauteskundeak egiteko garaia. Horretara ohitu gaituzte behintzat politikariek azken urteetan. Hain ohikoa ez dena, bozak Eguberri inguruan egitea da. Jendea erosketak, oporrak eta jai egun berezi horietarako otorduak buruan dituela dabilen bitartean etorri dira alderdiak ere ate joka.
Kanpaina epel antzekoa izan da Goierrin, hotza ere esan liteke. Eta hauteskunde egunak berak ere, beste zeregin batzuetan harrapatu zituen asko. Legazpin esaterako, San Tomas azoka zuten. Beste zenbait, Ocho apellidos catalanes filma ikusteko iladan gogoratu ziren botoa emateaz. Gainontzean, egun lasaia izan zen, aparteko arazorik gabea. Jenderik gehiena eguerdi partean gerturatu zen botoa ematera, horietako asko, mezatatik bueltan, edo bazkal aurreko aperitifa hartu aurretik.
Atzoko egunak utzitako bitxikerien artean, Zaldibiako Lardizabal herri eskolan, hautestokira zihoazenei harrera egiten zeuden panpina bikotea aipatu liteke. Olentzero eta Mari Domingi zeuden bertan, biak ere eskuetan boto papera zutela.
Espainiako kongresurako eta senaturako ordezkariak hautatu behar ziren igandean. Honek sobre baten eta bestaren arteko nahasmenak ere sortu zituen zenbait herritan. Lazkaon berriz, protesta moduan edo, izan zen botokutxara udal eta foru hauteskundeetako zerrendak bota zituenik ere.
Hauteskunde guztietan izaten dira ezohiko zerrenda edo hautagaitzak ere. Horietako bat da Aitor Atseginolaza idiazabaldarra buru duen Libertate Nafarra alderdia. Babes handirik jaso ez badu ere, boto bakan batzuk bildu zituen Goierrin ere.