Eskutik helduta
Gure Esku Dagok ekainaren 19rako antolatu duen erabakitzeko eskubidearen herri galdeketaren harira, gaurtik hasita, ‘2016: galdeketa urtea’ atal berezia argitaratuko du Goiberri astekariak, ...
Gure Esku Dagok ekainaren 19rako antolatu duen erabakitzeko eskubidearen herri galdeketaren harira, gaurtik hasita, ‘2016: galdeketa urtea’ atal berezia argitaratuko du Goiberri astekariak, hamabostean behin.
2008ko Idiazabalgo San Blas jaiak «historikoak» izan ziren. Aurreko urteetan bezala, herri kirol jaialdia aldarrikapenerako aitzakia bilakatu zen. Baina egun hartan, aldarrikapenak kirolak baino pisu handiagoa hartu zuen. Izan ere, sentsibilitate desberdineko eta kuadrilla bereko bi lagunek, Miel Mari Imazek eta Asier Oiarbidek, bata ezker abertzale ingurukoa eta bestea EAJko zinegotzia, eskuz esku, erabakitzeko eskubidearen aldeko mezua irakurri eta eskubide horren alde lan egiteko konpromisoa berretsi zuten jendez beteta zegoen Igarondo pilotalekuan.
Harrezkeroztik, Autodeterminazio Eskubidearen aldeko Idizabalgo Herri ekimenak lehenengo, Nazioen Munduak gero, eta Gure Esku Dago dinamikak gaur egun, behin baino gehiagotan erabili izan ditu bi idiazabaldarrak eredutzat edo adibidetzat.
Omenaldi aurkezpena
Miel Mari Imazek gogoratu duenez, «aurkezpen ekitaldia izan behar zuen hura formatuz aldatu egin zen, egun batzuk lehenago herri kirol taldean zebilen Mikel Garmendia hil baitzen. Omenaldi kutsu bat hartu zuen gehiago. Baina aurkezpeneko testua irakurri genuen. Hasierako mezu hura hantxe eman zen».
Dena den, batarentzat zein bestearentzat, egin zutena «ez zen horrenbesterainokoa» izan. «Egia da Angelek [Oiarbidek] askotan aipatzen duen ekitaldia izan zela. Mezu txiki bezala eredugarria izan zen baina nik ez diot transzendentzia gehiegi ematen».
Biek garbi dute, Gure Esku Dagoren arrakastaren gakoa ez zela beraiek irakurritako testutik etorri. «Nonbait jarri behar baldin bada abiapuntua, ados, baina hortik aurrera, iritsi den lekura iristeko lan gehiago egin duenik bada. Gurdiari tira egiten asmatu dutenak eta zein garaitan zein ate jotzen asmatu dutenak beste batzuk izan dira. Hori bai, ez genuen pentsatuko gaur egungo dimentsiotara iritsiko ginenik».
Irakurri zuten agiria ez dute etxeko paper artean aurkitu, baina Imazek ondo gogoan du irakurri zuten mezua: «Harrezkero eman izan den mezua izan zen: bat egiten dugun puntuan oinarrituz, alegia, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenarekin bat eginez, herri kirola aldarrikapena egiteko tresna gisa erabiltzea».
Hemerotekari tira eginda, 2008ko urtarrilaren 29ko Goierriko Hitza egunkarian honako kronika irakur zitekeen: «Idiazabalgo Herri Kirol Taldea eta Autodeterminazio Eskubidearen aldeko Idiazabalgo Herri ekimenak izaera eta pentsaera anitzeko pertsonek osatzen dute. Ez dugu alderdikeriarik nahi. Aniztasunaren barruan berdintasunean oinarritutako ekimen bat dugu hemengo hau. Bakoitzak izan ditzakeen azken helburu desberdinak errespetatuz, elkarrekin egin dezakegun bidea elkarrekin egitea dugu xede. Aldarrikapen hori sentsibilitate politiko desberdinek oinarritzat dutela ziur gaudelako hartu dugu».
Herri kirol taldea 2008an Eskoziara eta 2009an Kataluniara joan zen, bi herrialdeetako errealitatea gertutik ezagutzeko helburuarekin.
Elkarrekin oinez
2008tik gaurdaino ez du euri gutxi egin eta ur handitan sartuta dabil Gure Esku Dago. Lehenengo Idiazabalen, gero Goierrin, eta gaur egun Euskal Herrian, erabakitze eskubidea mahai gainean jartzeko ekintza ugari egin ditu eta egingo ditu. «Gure Esku Dagoren arrakastarik handiena izan da, Miel Mari eta biok metafora bezala hartuta, biok onargarria den termino batean ados jarri garela, elkarrekin oinez hasteko aukera ematen du horrek eta hori lorpen handia da», zehaztu du Oiarbidek.
Ziur daude erabakitzeko eskubideak euskal herritar asko batzen dituela. Hainbat herritan lanean ari diren lantaldeak dira horren adibiderik nabarmenenak. «Gure Esku Dagoren aitzakian sentsibilitate desberdineko jende asko elkarrekin lanean ari da. Soziologikoki pauso handia da hori. Bidean oztopoak izango ziren, errezeloak ere bai, baina gainditu egin dira», diote. «Euskaldunon artean getoak eginda geneuzkan eta Gure Esku Dagorekin ikusi da elkar biltzeko, batzeko eta elkarrekin oinez hasteko gai garela», nabarmendu du Oiarbidek.
Gizartea «saneatzeko»
Ildo horretan, ekainaren 19ko erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketak «gizartea saneatzeko ariketa polita» izango dela uste du Imazek.
Oiarbideri, dena den, kezka eragiten dio galdeketak: «Ez dut giro egokirik ikusten. EH Bildu eta EAJ txakurra eta katuak bezala dabiltza eta hortik adostasun batera iristeko ez dut aukerarik ikusten. ETAk armak utzi zituenetik gaur egunera arte egin dena oso gutxi da».
Imazen ustez, «herriak mugitu behar ditu alderdi politikoak; Katalunian hori gertatu da. Gizartea eragiteko tresna bat gehiago da herri galdeketa. Alderdi politikoak orain baino gehiago kutsatu behar ditugu».
Oiarbidek ere garbi du erabakitzeko eskubideak «herritarren indarra eta alderdi politikoen arteko akordioa» beharrezkoak dituela: «Gure Esku Dagok sekulako lana egin du, baina nik uste dut gutxi kutsatu dugula».