Joseba Telleria 'Iuseppe' eta Agustin San Martin 'Txamar' legazpiarrek 1990ean hartu zuten Karibe Zaharraren ardura. Aurretik, zerbitzariak izan ziren bertan, eta jubilatu arte tabernan jarraitzeko asmoa dute.
![Joseba_Telleria_eta_Agusti](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/01/Joseba_Telleria_eta_Agusti.jpg)
Lehengusuak dira Agustin San Martin
Txamar eta Joseba Telleria
Iuseppe. Anaitzat dute, ordea, batak bestea. Eta ez da gutxiagorako, elkarrekin pasatu baitute bizitza osoa. Gazteak zirela, futbolean eta Muru baserrian. Azken 25 urteetan, berriz, Karibe Zaharra tabernaren gidari lanetan. Aurretik bertan zerbitzari lanetan ibiliak ziren biak, eta 1990eko abenduan bien artean hartu zuten tabernaren kargua.
Historia berezia du Karibe Zaharrak. Antza denez, urte batzuk Venezuelan igaro ondoren herrira itzuli zen legazpiar batek ireki zuen, 1961eko apirilaren 29an. «Denbora gutxian diru asko egin zuen Venezuelan, eta itzulitakoan taberna ireki zuen», azaldu du
Txamarrek. Ez zuen berarentzat ireki, ordea, bere lagun Zacarias Canterorentzat baizik.
Garai hartarako taberna «elegantea» zela oroitzen dute bi lehengusuek, hiriburuetakoen parekoa. «Langileak-eta ez ziren sartzen». Zacariasek taberna utzi zuenean, 1984an, Txamarren eta Iusepperen beste bi lehengusuk hartu zuten tabernaren kargua, Jabier eta Inaxio Oriak. Herriko festetarako ireki zuten, apur bat txukundu ondoren. Txamar urte hartan hasi zen zerbitzari, eta Iuseppe 1986an.
Tabernak hainbat aldaketa izan ditu ordutik. Hasieran irekitako taberna handi hura, bi zatitan banatu zuten 1988an. Ordutik, Karibe Berri eta Karibe Zaharra bi taberna dira, eta bakoitzak kale batetik du sarrera. Aldatu ez dena kafe makina izan da: hasiera hasierakoa dute oraindik, 1961ean jarritakoa.
«Gazteak zein zaharrak»
![Joseba_Telleria_eta_Agusti(1)](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/01/Joseba_Telleria_eta_Agusti1-256x300.jpg)
Taberna hartu zutenetik 25 urte igaro diren honetan, oroitzapen politak dituzte bi lehengusuek. Batez ere, lehenengo urteetan, lan asko egin zutela oroitzen dute. «Zumarragako eta Urretxuko jendea etortzen zen, autobusean, eta guk etekin handia atera genion horri», esan du Txamarrek
. Hasierako urteetako irabaziekin, 1997an tabernan obra egiteko modua izan zuten.
Orain ez dago orduan bezainbesteko mugimendurik tabernan. Karibe Zaharra oso ezaguna da, ordea, eta herritar ugari ibiltzen da bertan. «Oso giro ona egoten da; gazteak zein zaharrak ibiltzen dira, eta denok elkar ezagutzen dugu».
Ekitaldi pila bat ere antolatzen dituzte. Mus txapelketak, xake txapelketak, kontzertuak… «Taberna beteta eta eszenatokian bost lagun igota ikusteak bete egiten zaitu, eta egun horietan oso gustura joaten zara etxera, sentsazio onarekin», adierazi du Iuseppek. Kubako iraultzaren urteurrena ere urtero gogoratzen dute tabernan, jai batekin.
Primeran moldatzen dira bi lehengusuak, eta horrek ahalbidetu die hainbeste urtean batera lan egitea. «Uste dut taberna bakarrik hartu izan banu, aspaldi utziko nuela», esan du Txamarrek
. «Inoiz ez dugu eman egun bat elkarri hitz egin gabe». Bere alde argi eta ilunekin, tabernariarena «lan polita» dela uste dute biek, eta, dena ondo bidean, Karibe Zaharrean jubilatzeko asmoa dute.