Urbanizazioa publiko bihurtzeko ituna Gabonetan sinatu ondoren, aurten ia bi milioi inbertituko ditu. Aurrekontua 2,4 milioikoa du. Igerilekua berrituko dute
Olaberriko Udalak Gabon aurreko astean onartu zuen 2016rako aurrekontua, 2.419.500 eurokoa. Egun batzuk geroago, urteko azken astean, Udalak eta Arcelor Mittal enpresak Ihurre auzoa esku publikoetara igarotzeko ituna sinatu zuten. Hain zuzen, auzo horretan ondasunak erosten eta urbanizazioa egokitzen egingo du ahalegin handiena aurten udalak.
Aurrekontuetan ere zama gehiena Ihurreko jarduerek izango dute. Batetik, kaleak berrurbanizatzeko milioi bat euro erabiliko da. Cari de la Cruz kaleko 1 ataritik 23ra bitartean burutuko dira lanak, irisgarritasun baldintzak eta oinarrizko azpiegiturak hobetzeko.
Bestetik, auzoan dagoen igerilekua berritzeko 500.000 euro inguru bereizi dira. Proiektua urtarrilaren 28ko udalbatzarrean onartu zuen udalak, eta lau fasetan berritzea aurreikusi du: obra zibila lehenengoan, igerilekuaren depurazioa, ur-putzua laminekin estaltzea, eta kanpoko osagaiak. Guztira 379.859,05 euroko aurrekontua du (BEZaren 65.925,95 euro barne).
Igerilekuko obretarako dirua aurreko ekitaldietatik gordea dute, zati bat. Gerakinetik finantzatuko dute gainontzekoa. Ia erabat berritu beharko da. «Zuloa bakarrik aprobetxa liteke. Eraiki zenetik araudia asko aldatu da, eta egokitu beharra dago», azaldu du Olaberriko alkate Jokin Garmendiak.
Aldagelak berritzea datorren urterako utziko dute. Igerilekua uztailerako irekitzea da udalaren nahia. Esleipen prozedura urgentziazko moduan bideratu dute, erritmoa azkartzeko.
Ihurren udalak beste 500.000 euro ere inbertituko ditu, lokalak erosten.
Ur hornidura hobetzea
Gainontzean, edateko uraren altako hornikuntza Gipuzkoako Ur Kontsortzioari osoki ematea hitzartu du Olaberriko Udalak —orain arte erdia zuen—. Aurten, bajako sarea hobetuko dute. Kontagailu sistema jarriko dute.
Internet zerbitzu «itxurazkoa» herrigunera ekartzeko operatzaileekin ahaleginean ari direla gaineratu du alkateak. Ihurren zuntza sartuta dago, baina udalerriaren gainontzean ez.
Aspaldiko nahia egikaritu du udalak, Ihurre auzoa eskuratuta
«Kostatu da. Aspaldiko asmoa eta nahia zen. Lortu da». Esaldi horiekin laburtu du Jokin Garmendia alkateak Ihurre udal jabetzako bihurtu izana. «Gainera, enpresak diru bat ematea lortu da, txukuntzeko». Arcelor Mittal enpresarena zen 2015eko abenduaren azken astera arte. Orain, urbanizazioa udalarena da, eta etxeak bizilagunek erosi dituzte.
Enpresak guztira 1,3 milioi euro jarriko du, oinarrizko azpiegiturak berritzeko. Berez, dirutan eman ordez, ondaretan eskualdatu du balio hori. Udalak bi operazio eginda bihurtuko ditu ondasun horiek erabilgarri.
Martxoan egingo dute bi aldeek azkeneko trukaketa. Lokalen erosketa eta enpresaren partetik hartzeko falta duenaren erdia eskuratuko ditu udalak orduan.
Esku publikoetara igaro ondoren, auzoa berritzen lan asko dago egiteko, orain. Lehendik ari da udala, hitzarmen batzuen anparora. Bi kaleen arteko igogailua martxan jarri du jada, adibidez, eta bi eraikinetara irispide egokiak eraiki ditu.
3-4 milioiko inbertsioa
Auzoan aldaketak etorriko dira, orain. Plangintza berezi bat landuko du udalak harako, aurten. Etxaurreen itxura, igogailuak, zirkulazioa… dena arautu beharra dago. «Hasieran prozesu teknikoa izango da, eta gero parte-hartzailea», dio alkateak.
Jendeak pisuak erosi ditu —lehen errentan zituzten, haien jabea ere enpresa zelako—. Eta berrikuntzarako nahiz igogailuak jartzeko baimena emateko, araudi premia hasi da.
Aurten inbertsio «fuertea» eskatuko du Ihurrek, 2 milioi euro ingurukoa. Hurrengo urteetan ere inbertitzen segiko du udalak. Urbanizazioa berritzen «3-4 milioi» aurreikusten dira. Bizilagunek euren gain hartu beharreko partea ere (etxeetan), beste 6 bat milioi izango dela kalkulatu da.
Kaleaz gain, herritarrei begira ere hasiko da egitasmoak garatzen udala. Jubilatu egoitzari «taberna kutsua» kendu, eta hirugarren adinekoentzat ludoteka tutelatu izatera igaroko da.